Amara Berri eskola Ashoka plataformaren Changemaker Eskola Sarean sartu da

2015ko Ekaina 04,

spri_innovacion_AmaraBerriAshoka
(Español) Red Escuelas Changemaker de Ashoka

Donostiako Amara Berri zentroa eta bere hezkuntza-sistema berritzailea hautatuak izan dira Ashoka plataformaren Changemaker nazioarteko eskola sareko Estatuko lehen lau proiektuen artean. Ekimen horren helburua da hezkuntza sistemaren eraldaketan lan egiten duten eskola desberdinak batzea, ezagutzak eta esperientziak partekatzeko.

Amara Berri sistemak ikasleak jartzen ditu hezkuntzaren erdigunean, beren premia, motibazio eta potentzial pertsonala lehenesten ditu irakasleen edo eskolaren interesen gainetik eta oinarritzat hartzen ditu indibidualtasuna, sozializazioa, autonomia, sormena eta askatasuna. Amaia Gorosábelek, Amara Berri Eskola Publikoko aholkulariak, hauxe esan du: “bada gure lan proiektuan funtsezkoa den ezaugarri bat: norbere erritmoa errespetatzea. Gure helburua da ikasle bakoitzak bere abiapuntutik lan egin dezala aurrera egiten jarraitzeko”.

Eskola honetan benetako proiektuen bidez lantzen dituzte curriculumeko edukiak eta adin eta ikasgai desberdinak nahasten dituzte ahalik eta gehien hurbiltzeko benetako bizitzako ikaskuntzara, ezagutzak ez direlako barneratzen ikasgaika bereizita. Eguneroko jardueretako bat da egunkariak eta irrati eta telebista programak sortzea, eta gero webaren bitartez hedatzea. Gainera, neska-mutilek ikastetxeko erabakietan eta kudeaketan parte hartzen dute, esaterako liburutegiko mailegu sistemaz arduratzen dira.

Irakasle talde batek jarri zuen martxan Amara Berri hezkuntza sistema 80ko hamarkadan, eta harrezkero erreferentziazkoa bihurtu da eskola askorentzat. Gaur egun, proiektuak eta ezagutza partekatzen dituzten 19 ikastetxek osatzen dute Amara Berri sistema. “Gure ustez hezkuntza ondare komuna da” azaldu du Elena Guerrerok, Amara Berri sareko aholkulariak “eskola ulertzeko moduak batzen gaitu, uste dugulako posible dela ikasleek beste modu batera lan egitea”.

Maiatzaren 10ean aurkeztu ziren Madrilen Ashoka plataformaren Changemaker Hezkuntza sarean parte hartuko duten lehen lau zentroak. Ashoka aztertzen eta identifikatzen ari da zein eskolak aplikatzen dituzten pentsatzeko modu enpatiko eta berritzaileagoa garatzeko metodologia hezitzaileak, eskola horiek inspiratzaile izan daitezen beste ikastetxe batzuentzat.

Amara Berri Eskola Publikoa – Ashoka Changemaker School 2015



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke