Afrikanized Commerce foroak Afrikara zabaldu nahi ditu euskal enpresak

2016ko Otsaila 18,

Koop SF34 eta Harrobi Lanbide Ikastolak antolatu dute foroa.

Datorren martxoaren 10ean  Koop SF34 mikro-enpresa haztegiak eta Harrobi Lanbide Ikastolak bultzaturiko Afrikanized Commerce proiektua aurkeztuko da Bilboko San Frantzisko auzoan. Proiektu horren helburua da Euskadiko enpresei erakustea nolako aukerak dituzten beren produktuak Saharaz azpiko Afrikara esportatzeko.

“Gure ustez Saharaz azpiko Afrikak nazioartekotzeko aukerak eskaintzen ditu, baina desaprobetxatuta daude”, azaldu du Georges Belingak, foroaren bultzatzaile eta Koop SF34 proiektuko kideak. “Enpresa munduak Afrikarekiko merkataritzaz duen irudia aldatu nahi dugu, elkartasunarekin lotuta ikusten baita beti, nahiz eta merkatu horrek salerosketarako potentzial handia duen eta euskal enpresek irabaziak lor ditzaketen”. Belingak nabarmendu duenez, “Europako merkatua saturatuta dago. Saharaz azpiko Afrikako herrialdeetan, berriz, gero eta biztanle gehiago daude produktuak erosteko prest”.

Merkatu horri buruz gehiago jakin nahi duten enpresei zuzenduta dago foroa. Datorren martxoaren 10ean egingo den aurkezpen jardunaldian bilduko dira Tecnalia, Gaia-Telekomunikazio Klusterra, Euskadiko Energiaren Klusterra, AFM-Makina Erremintaren Klusterra, etxetresna elektrikoen sektoreko enpresek osatutako ACEDE elkartea eta Innobasque. Lehen jardunaldi horretan plan bat aurkeztuko da Senegal, Kamerun eta Angolan egoitza logistiko bana sortzeko. Proiektu hori burutuko balitz, merkeagoa izango litzateke inguru hartako herrialdeetara esportatzea. Hortik abiatuta, aldizkako topaketa irekiak egingo dira, eta horietan parte hartu ahal izango du proiektua ezagutu eta bere produktuak aurkeztu nahi dituen edozein euskal enpresak.

Afrikanized Commerce Foroaren ekimenak badu berrikuntza sozialeko osagai bat ere, auzoko biztanleen potentziala aprobetxatu nahi baitu euskal enpresen eta Saharaz azpiko Afrikaren arteko lotune gisa. “Gure asmoa da etorkinei prestakuntza emateko politikak aldatzea, balioa ematen duten arloei buruzko prestakuntza jaso dezaten” azaldu du Georges Belingak. “Enpresa bat baduzu, eta Kamerunera esportatu nahi baduzu, seguru asko herrialdea eta hizkuntza ezagutzen duen norbait beharko duzu”. Hala, esparru horretako prestakuntza espezifikoa sustatu nahi dute bertako biztanleen artean, ekintzailetzaren bitartez enplegurako bide berriak irekitzeko; “aukera bihurtu nahi dugu auzoaren balio handiena: kultura aniztasuna”.

George Belingak iazko urrian bultzatu zuen Koop SF34 espazioa, lana aurkitzeko ekintzailetza sustatzen duen proiektua. Espazio hori Saharaz azpiko afrikarrek sortutako mikro-enpresen haztegi bat da, non laguntza eskaintzen baitzaie beren proiektuak aurrera eramateko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke