ADEMBI zentroak EM One Hand sistema birtuala sartu du esklerosi anizkoitzaren errehabilitazioan

2015ko Maiatza 21,

spri_innovacion_EMoneHand
EM One Hand. ADEMBI-ren irudia.

ADEMBI-Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Errehabilitazio Zentroak EM One Hand dispositiboa txertatu du bere errehabilitazio tratamenduetan. EM One Hand tresnak aukera ematen du esku eta hatzetako ariketak egiteko bideojoko terapeutikoen bidez.

Sistema hori Leap Motion dispositiboan oinarrituta dago, zeinak mugimenduak atzeman eta interpretatzen baititu, esku eta hatzetako errehabilitazio fina ahalbidetuz. Genzyme-k, bioteknologian espezializatutako Sanofiren konpainiak, eta Virtualware euskal enpresak garatu dute EM One Hand dispositiboa; hain zuzen, Virtualwarek tresnarentzako hiru bideojoko diseinatu ditu. Garapen zientifikorako, Manuel Murie Fernández neurologo eta Espainiako Neuro-errehabilitazio Elkarteko presidentearen laguntza izan dute.

Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioak eta ADEMBIk ere proiektuan parte hartu dute eta pilotu bat jarri dute martxan Bilboko EM Zentroan dispositiboa baliozkotzeko. One Hand sistema jada probatu dute esklerosi anizkoitza duten 25 pazienteren terapietan eta frogatu dute baliagarria dela eskuen mugimendu globala lantzeko. EM One Hand dagoeneko eskuragarri dago eta Genzyme enpresak jakinarazi du dohainik lagako diela ospitaleei eta pazienteen elkarteei.

ADEMBIk Bilbon daukan EMLabs birgaitze zentroa aspaldi hasi zen teknologia birtualak aplikatzen pazienteen errehabilitazio terapiak osatzeko. Zentroko terapeuta taldeak, bideojokoen osagai ludikoa eta terapiarekiko duten atxikimendua aprobetxatuz, Virtualware enpresarekin kolaboratu du 3D inguruneetan eta Microsoft-en Kinect teknologian oinarritutako bideojokoak garatzeko eta, bideojokoen bidez, errehabilitazio fisiko eta kognitiboko ariketak egiteko. Ariketa horiek batez ere esklerosi anizkoitza duten pazienteei zuzendurik daude.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke