500dik gora enpresari izango dira aste honetan SPRIk euskal enpresei eskaintzen dizkien laguntzen aurkezpen jardunaldietan

2016ko Martxoa 09,

spri_presentacion_ayudas
(Español) Los empresarios llenaron el auditorio del Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa.

 

100 baino gehiago enpresari bildu dira gaur goizean Arabako Teknologia Parkean egin den bigarren saioan. Bihar azken saioa egingo da Bizkaiko parkean. Aurkeztutako laguntzen helburua da laguntza ematea euskal enpresei lehiakorragoak izateko, nazioartekotzeko eta Europako abangoardian kokatzeko 4.0 Industriaren aplikazioan. Teknologia eta berrikuntza arloetako Hazitek, Emaitek eta Elkartek programek 144 milioi eurotik gorako aurrekontua dute eurek bakarrik.

 

Gaur, Araban SPRI Taldeak -Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak- 100 bat enpresariren aurrean aurkeztu ditu aurten emango dituen laguntzak teknologia, 4.0 industria, ekintzailetza eta nazioartekotze sektoreetarako. Arabako Teknologia Parkean egin den jardunaldi hori euskal enpresei bertatik bertara informazioa emateko egingo diren hiru jardunaldietatik bigarrena izan da. Bihar azken ekitaldia egingo da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Iaz 500dik gora enpresarik parte hartu zuten jardunaldi horietan laguntza publikoei buruzko informazioa jasotzeko, eta aurten jadanik gaindituta dago zifra hori.

 

Aurkeztutako laguntzen helburua da laguntza ematea euskal enpresei lehiakorragoak izateko, nazioartekotzeko, eta, batez ere, Europako abangoardian koka daitezen 4.0 Industriaren aplikazioan. Laguntza horietan RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiaren zuzentarauak jarraituko dira, zeintzuek Euskadin lehentasunezko sektore izendatu dituzten fabrikazio aurreratua, energia eta bio-osasungintza industria.

 

SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, Aitor Cobanerak, errepaso bat eman die arlo horietako laguntza garrantzitsuenei. Horien artean aipagarriak dira Hazitek, Emaitek eta Elkartek programak, zeintzuen edukia urtarrilean azaldu baitzuen Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak. Hiru programa horiek aurrekontu handia dute: 144 milioitik gora guztira, euretatik 68 milioi Haziteki dagozkionak, 24 Elkarteki  eta 52,6 Emaiteki.

 

Lehenengoa Euskadiko euskal enpresa-sareari zuzenduta dago eta urtean 250.000 eurorainoko diru-laguntzak banatuko ditu. Eskaerak egiteko epea datorren astera arte dago zabalik.

Aitor Cobanerak azaldu duenez, Elkartek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei zuzentzen zaie, baina epea itxita dago jadanik. Programa horren helburua ikerketa sustatzea da, eta gehienez 500.000€ emango ditu proiektuko eta 50.000€ parte-hartzaileko.

Emaitek programa, berriz, teknologi zentroei eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroei (CIC) zuzenduta dago, 52,6 milioi euroko aurrekontua du eta laster zabalduko da eskaerak aurkezteko epea.

 

Cobanerak IKTentzako laguntzen berri ere eman du. Horien artean aipatzekoa da Industria digitala programa (iaz Hobeki Digitala ordezkatu zuena), 2,6 milioi euroko aurrekontua daukana eta helburua,  berriz, IKTak txertatzen laguntzea manufaktura sektoreko ETE industrialetan. Asmoa da martxoan argitaratzea, eta indarrean egongo da irailera arte. Beste programa bat da Basque Industry 4.0 izenekoa, iaz abiatu zena eta euskal enpresa-sareko I+G-ko proiektuak azkartzea bilatzen duena. 2,6 milioi euroko aurrekontua du, manufaktura sektoreko industria-enpresei zuzenduta dago, eta teknologi zentroetatik konpainietaranzko teknologia-transferentziako proiektuak babesten ditu.  Laguntzak  %40rainokoak dira  eta 150.000 euroko muga dago bakarkako proiektu bakoitzarentzat.

 

SPRI Taldeko Enpresen Sustapeneko arduradun Imanol Cuetarak hizpide izan du Ekintzaile programa, zeinak laguntza ematen baitu oinarri teknologikoko proiektu industrial eta berritzaileentzako enpresa-ideiak heltzeko. Laguntzak 60.000 eurorainokoak dira proiektuko, eta sustatzaileak inbertsioaren %30 jarri behar du esku-dirutan.

 

Horrekin batera, aipatzekoa da Basque Fondo programa, konpainia txikietako partizipazioak hartuz laguntza ematen duena enpresak martxan jartzeko prozesuan. Cuetarak azaldu duenez, “konpainiaren kapital soziala bikoizten dugu 100.000 eurora iritsi arte, eta konpainiaren %20 hartzen dugu gehienez”, nahiz eta aukera egon SPRI Taldearen ekarpena 400.000 eurorainokoa izateko bigarren fasean. “Ez da finantzaketa tresna bat, baizik eta parte-hartze tresna bat. Askoz jota 7 urteko ezkontza bat da” zehaztu du.

 

Finantzaketari dagokionez, SPRI Taldeak Gauzatu Industria bezalako programak eskaintzen ditu. Programa horren aurtengo berritasun nagusia da 24 hilabetera mugatzen dela proiektua gauzatzeko epea. Programak 26 milioi euroko aurrekontua du oinarri teknologikoko ETE berritzaileak sortzeko eta garatzeko. Laguntzak 1,5 milioi eurorainokoak izan daitezke, eta gutxieneko inbertsioa, berriz,  120.000 eurokoa. Gauzatu Atzerriko Ezarpenak programak ere badu elementu berritzaile bat aurten, hots,  Espainiatik kanpoko produkzio-ezarpen guztientzat zabalik dagoela, eta ez Europar Batasunekoentzat bakarrik, orain arte bezala.

 

Renove Makineria programak 8 milioi euroko aurrekontua du, hilabete honetan irekiko da, atzera eraginarekin aplikatuko da urtarrilaren 1az geroztik, eta %15eko diru-laguntzak banatuko ditu, gehienez 70.000€ makinako eta 100.000€ euro enpresako.

 

SPRI Taldeko Nazioartekotze Saileko Jorge Fernándezek bertaratutako enpresei azaldu die nolako aukerak eskaintzen dizkien SPRIren Kanpo Sareak, esanez 60tik gora herrialdetara hedatua dagoela eta badituela 15 bulego propio. Era askotako zerbitzuak eskaintzen dizkie atzerrira irten nahi duten enpresei: merkatu analisiak, laguntza komertziala, agendak prestatzea, instalazioak bilatzea nahiz orientazio juridiko eta fiskala ematea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke