3DLan, 3D konponbideen ekosistema aniztasun funtzionalaren zerbitzura

2016ko Martxoa 08,

3DLan, maker-ek eta aniztasun funtzionala duten pertsonek osatutako komunitatea.

Pr4 teknologia sozialen sektoreko enpresa getxotarrak 3DLan proiektua jarri du martxan IK4-Gaiker zentroarekin eta Lantegi Batuak erakundearekin batera. Ekimen horren helburua da 3D inprimaketa erabiltzea ezintasunak dituzten pertsonen premiei erantzuteko. “Aniztasun funtzionala duten pertsonez ari garenean, kontuan hartu behar dugu horren atzean mila egoera desberdin eta premia oso pertsonalak daudela, eta merkatuak ez du erantzunik horrelakoentzat” azaldu du Santi Pisonerok, pr4 enpresako fundatzaileak “eguneroko bizitzarako dispositiboez ari naiz, koilara edo botilak irekitzeko tresna egokituez, baina laneko ingurunean ere badaude horrelako premia zehatzak”.

3D inprimaketako teknologiei eta beren diseinu nahiz ezagutzak partekatzen dituzten maker komunitateei esker, pieza bakar eta pertsonalizatuak fabrikatu daitezke prezio merkean. Hori ezinezkoa izango zatekeen prozesu tradizionalak aplikatuz gero. 3DLan proiektuak potentzial hori aprobetxatu nahi du, “ekosistema bat sortuz 3D inprimaketaren bidez konponbideak diseinatzeko eta sortzeko aniztasun funtzionala duten pertsonentzat”.

Ekimena hiru ardatzetan egituratuta dago: diseinuak partekatzeko eta kontrastatzeko onlineko plataforma, prototipoak fabrikatzeko espazio fisikoak, eta, azkenik, material berriak ikertzeko eta sortzeko linea, zeinaren bidez finantzatuko baita proiektuaren zati handiena. Lehen ardatza martxan dago jada, 3Dlan plataforma hain zuzen. “3D artxiboen biltegi bat da, eta badu sare sozial baten itxura, helburutzat baitu erabiltzaileek ezagutzak partekatu eta prototipoak kontrasta ditzatela” azaldu du Santi Pisonerok, ezintasunaren arloko ikerlariak.

LanLab deiturikoak, bestalde, espazio fisikoak dira, piezak fabrikatzeko beharrezko makinak dituztenak. Era berean, topagune izango dira maker-entzat eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Espazio horiek ekonomikoki sostengarriak izan daitezen, zabalik egongo dira baita ere enpresa txikientzat, ikastetxeentzat edo artista komunitateentzat, tailer gisa erabil ditzaten prototipoak egiteko. “Asmoa da giltza eskuan zerbitzu bat ematea, behar duten material eta prestakuntza eskainiz” azaldu du Pisonerok. Lehenengo LanLab espazioa Sondikan jarriko da, Lantegi Batuak erakundearen instalazioetan, eta lantaldea ahaleginak egiten ari da Bizkaiko beste herri batean ere beste zentro bat jartzeko.

Proiektuaren helburua da ezintasunaren arloko konponbide pertsonalizatu berriak sortzea, eta diseinuak eskaintzea edonork erabil ditzan. Horrez gain, ikerketa eta ekintzailetza soziala sustatuko ditu esparru horretan. Ekimenak enplegu aukera berriak irekiko ditu Lantegi Batuak erakundeko langileentzat (piezak fabrikatuz). Bestalde, IK4-Gaiker zentroa arduratuko da filamentu eta materialen ikerketaz, produktu-sorta zabalagoa izan dadin. 3DLan proiektuak BEAZ zentroaren laguntza du Bizkaiko Foru Aldundiaren ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko programaren bidez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke