ES | EU


2016ko Urtarrila 07


Big data, informazio pertsonala biltzeko gai diren dispositiboak, Interneteko plataforma kolaboratiboak, kode irekiko hardwarea… Horrelako aurrerapenak sektore teknologikoetatik at ere hedatu dira eta hainbat esparru eraldatzen ari dira, gainera agindu digute gure egunerokotasuna aldatuko duten berrikuntza disruptiboak sortuko dituztela.

NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak 10 predictions for 2016 txostenean bildu ditu inpaktu sozial handiena izango duten joerak. Txosten horretan hainbat autorek diote aldaketak gertatuko direla elikaduran, osasunean, segurtasunean eta, besteak beste, merkataritza sektorean.

Elikaduraren esparruan ekoizle eta granja txikien gorakada da joera argienetako bat, zeintzuek beren lehiakortasuna hobetu baitezakete teknologiak baliatuz. Hardwarea eta produktibitatea hobetzeko aplikazioei eta bezeroekin zuzenean konektatzeko plataformei esker, ustiategi txikiek aukera dute hiritarrenganaino iristeko, hiritarrak gero eta kontzientziatuago baitaude kontsumo sostengarriaren inguruan.

Badira elikaduraren etorkizunean eragina izango duten aurrerapen gehiago ere: DNAaren analisia, gure ohiturei buruzko datuak –lo-orduak, presioa edota egoera emozionala- eta osasun adierazleak biltzeko sistemak, e.a. Hackeatzea eta kode irekia ere aplikatu ahal izango dira prestatzeko azkarrak diren elikagai osasungarri eta merkeak sortzeko, eta elikadura sektorea urrats irmoz doa aurrera bide horretan. Soylent enpresa jar genezake adibide bezala, izan ere, hauts formadun produktu bat sortu du, nutrizionalki osoa, eta modularki diseinatua.

Dena den, big dataren izaera disruptiboa osasunaren esparruan nabarmenduko da gehien. Wearable gailuekin eta aplikazio mugikorrekin datu kopuru izugarriak bildu daitezke, adibidez, tratamendu medikoei nola erantzuten diegun jakiteko. Informazio hori izango litzateke etorkizunean ikerketa medikoan aurrera egiteko oinarria. Zentzu horretan, NESTAk dio pazienteak “zientzialari hiritar” bihurtzen direla, eurek biltzen eta kontrolatzen baitituzte beren osasunari buruzko datuak, eta Patients Like Me edo Dementia Citizens gisako komunitateetan partekatzen dituzte gero.

Agentzia britainiarrak beste joera bat ere jaso du txostenean, alegia, unibertsitateek aldaketa eragile gisa hartu duten papera erronka sozialak konpontzeko. Geoff Mulgan zuzendariak dioenez, ikasleek beren adimen kolektiboa erabil lezakete inguruko arazoei konponbideak bilatzeko, eta aldi berean, beren etorkizunerako prestatzeko. Ikasteko metodoak tradizionalak dira oraindik ere zentro gehienetan, baina dagoeneko badaude hainbat eredu, esaterako Finlandian, Monterreyn (Mexiko), edo hurbilago ere bai, Mondragon Team Academy-n.