Basque Industry 4.0 estrategia presente egongo da apirilean egingo den Hannover Messe ekitaldian, Europako azokarik garrantzitsuenean

2017ko Otsaila 14,

logo-basque-industry-40
Basque Industry logoa.

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak ekitaldi batean elkartu ditu enpresak, klusterrak, teknologi zentroak eta unibertsitateak, ezagutzera emateko Euskadiren esperientzia 4.0 Industriaren arloan.

 

Eusko Jaurlaritzak stand bat izango du, hitzaldiak eta aurkezpen praktikoak eskainiko ditu 4.0 Industriak enpresetan duen aplikazioari buruz, eta enpresa alemanei zuzenduriko jardunaldi tematiko bat egingo du inbertsioak erakartzeko, zeinetan paper nabarmena izango baitute Euskadin dauden enpresa alemanek.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia presente egongo da Hannover Messe ekitaldian, Industri arloko Europako Azoka garrantzitsuenean, zeina Hannoverren egingo baita apirilaren 24tik 28ra bitartean. SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolak Hannover Messe-k Madrilen antolatutako ekitaldi batean azaldu du gaur nola egongo den presente euskal estrategia Alemanian. Arriolarekin batera izan dira Marc Siemering jauna, Hannover Messe azokaren presidenteordea, eta Christian Guarin, azokaren salmenta eta marketin zuzendaria.

 

alex arriola baque industry

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola.

 

Hannover hiriko azoka hori urtero egiten da Alemanian duela 60 urtetik, eta puntako teknologia, material eta ideientzako merkatu garrantzitsuena da. Erakusketak zortzi azoka garrantzitsu biltzen ditu toki bakar batean, posible eginez industria eta aplikazio esparru desberdinen arteko elkarreragina eta integrazioa. Hona hemen Hannover Messe azokaren eskaintza: prozesu industrialen automatizazioa, eraikinen produkzioa eta automatizazioa, energia teknologien gama zabala, software industriala eta zerbitzuetarako softwarea. Hannover Messe sektorearen Europako erakusleiho handiena da.

 
 

Euskal enpresak duela bi urte hasi ziren Hannoverrera joaten, batzuk bakarka eta beste batzuk, aldiz, klusterretan elkartuta, baina denak ere Bilboko Merkataritza Ganberaren eskutik. Hain zuzen, aurtengo edizioan 25 euskal enpresa jaongo dira azokara.

 
 

Aurtengo edizioan, nobedade bezala, Euskadik foro garrantzitsu hori aprobetxatu nahi du ezagutzera emateko nolako aurrerapenak egin dituzten euskal enpresek, teknologi zentroek eta unibertsitateek 4.0 Industriaren arloan, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen laguntzarekin, eta dagoeneko Europako hainbat erakunderen laudorioak jaso dituen Basque Industry 4.0 estrategiaren barruan.

 

Hala, Basque Industry 4.0 estrategiak stand bat izango du Alemaniako azokan, Hannoverreko 8. pabilioian, eta Euskadiko kluster, unibertsitate nahiz teknologi zentroek hitzaldiak eskainiko dituzte bertan. Materialen erakusketaz gain, areto birtual bat ere jarriko dute martxan, Euskadiko industrian eta enpresetan dagoeneko aplikatzen diren teknologiak ezagutarazteko: Errealitate Handitua; Errealitate Birtuala; Gamifikazioa; Simulazioak; Iragarpen bidezko analisiak eta Iragarpen bidezko Mantenimendua; CPS; Neurketak eta Ikuskaritza; Big Data; Cloud Computing; Ziber-segurtasuna; Fabrikazio Gehigarria; Material eta Prozesu Aurreratuak; Labour & Man; Energia edota Ekonomia Zirkularra.

 

Gainera, apirilaren 25ean Invest in the Basque Country jardunaldi tematikoa egingo da 3. pabilioian, enpresa alemanek jakin dezaten nolako aukerak eskaintzen dizkien Euskadik hango inbertitzaileei. Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, enbaxadore-lanetan arituko dira baita ere dagoeneko Euskadin inbertitu duten eta kokatuta dauden enpresari alemanak, zeintzuek modu objektibo batean azalduko baitituzte Euskadik negozioetarako eskaintzen dituen abantailak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke