Basque Industry 4.0 estrategia European Industry Day ekitaldian izango da Bruselan

2017ko Otsaila 26,

arriola basque industry
Alexander Arriola, SPRI Taldeko zuzendaria.

  • Alex Arriolak, SPRI Taldeko zuzendariak, 4.0 Industriari buruzko eztabaida batean parte hartuko du otsailaren 28an Eusko Jaurlaritzaren izenean, beste 400 parte-hartzailerekin batera.

  • Bertaratuen artean egongo dira Jean-Claude Juncker, Europako Batzordeko presidentea, eta Elżbieta Bieńkowska, Europako Industria komisarioa. SPRIko zuzendariak aztergai izango du eskualdeek industriaren eraldaketan duten papera.

 

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia Bruselako European Industry Day ekitaldian izango da otsailaren 28an. Europako Batzordeak antolatu du ekitaldia eta bertan 4.0 Industriari buruz eztabaidatuko da. Antolatzaileek Alex Arriola, SPRI Taldeko zuzendari nagusia, gonbidatu dute ekitaldian parte hartzeko eta Euskadik arlo horretan izandako esperientzia azaltzeko.

 

Jardunaldiaren helburua da martxan dauden ekintzen balantzea egitea eta eztabaida piztea Europako industriaren epe luzeko etorkizunerako ikuspegi bateratuari buruz. Europako industriako 400dik gora lagunek parte hartuko dute topaketan, besteak beste, industriako eragile nagusiek eta Europako goi-mailako arduradun politikoek.

 

Hala, bertan izango dira Jean-Claude Juncker, Europako Batzordeko presidentea, Elżbieta Bieńkowska, Europako Industria komisarioa, Jerzy Busek, Europako Legebiltzarreko Industria Batzordeko presidentea, eta Markku Markkula, Eskualdeetako Batzordeko presidentea.

 

Jardunaldian eztabaidagai izango dira industriaren lehiakortasun politika EBn txertatzeak ekarri dituen lorpenak, iraultza industrial berria, eskualdeek industriaren eraldaketan duten papera edo industriaren etorkizunerako funtsezkoak izango diren teknologiak. Orobat saiatuko dira identifikatzen industria adimendun eta berritzailerantz aurrera egiteko bidean dauden oztopoak.

 

SPRI Taldeko zuzendariak Europako eskualdeen eraldaketa industrialari buruzko saioan parte hartuko du. Arriolak azalduko du Euskadi kasu arrakastatsutzat jotzen dela industriaren eraldaketa eta berrikuntza prozesuan, baina azkenaldiko krisi ekonomikoaren ondorioz bere politika berrorientatu duela gaitasun handienak dituzten sektoreetara.

 

Hala, Europako Batzordeak bultzatutako RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia, zeinaren helburua baita eskualde bakoitza jarduera industrialaren eremu zehatz batzuetan espezializatzea -gaitasun eta potentzialtasun handienak dituzten haietan, alegia-, hiru sektoretan aplikatzen ari da dagoeneko Euskadin: fabrikazio aurreratuan, energian eta biozientzietan. SPRI Taldeko zuzendari nagusiak esango duen bezala, helburua da Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen Basque Industry 4.0 estrategiaren laguntzarekin jauzi  egitea 4.0 industriarantz. Lankidetza publiko-pribatuko prozesu horretan parte hartzen dute euskal administrazioek, eragile teknologikoek eta klusterrek.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke