Sprilur aztertzen ari da enpresa-eremuak hirietan integratzea hirietako ekonomia suspertzeko

2015ko Otsaila 06,


Bordeaux Metropol eta Sprilur erakundeen arteko Akitania-Euskadi lankidetza hitzarmenari esker, herrialde bakoitzeko hirigintzako araudiak eta ezaugarri bereziak aplikatu ahal izan dira bi lurraldeetako enpresa-eremuetan. 

José Miguel Artaza, Sprilur-eko zuzendariak positiboki baloratu du jarduera ekonomikoko eremuak hiri-inguruneetan sartzea, besteak beste, sostengarritasun, mugikortasun eta garapen ekonomikoko arrazoiengatik.

“Saiatzen gara gure hobekuntza praktikoak partekatzen eta gure enpresei urbanizazio industrialak eskaintzen ahalik eta funtzionamendu onena izan dezaten”, esan du Sprilur-eko zuzendariak.


 

Hirien birsorkuntza eta hiri-inguruneetatik hurbil dauden jarduera ekonomikoko eremuen integrazioa, hirietako ekonomia suspertzea, eta garapen ekonomikorako erabilpen eta eremu kontzeptu berriak dira, hain zuzen, Bordeaux Metropol (lehen Cub-Communauté Urbaine de Bordeaux) eta SPRILUR (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresa-eremuen kudeaketa eta sustapenerako sozietate publikoa) erakundeen arteko Akitania-Euskadi lankidetza-hitzarmenaren markoan aste honetan aztertu diren gai batzuk.

 

José Miguel Artaza, Sprilur-eko zuzendariak esan duenez, “duela lau urte hitzarmen bat sinatu genuen Akitaniarekin jardunbide egokiak partekatzeko, eta batez ere interesatzen zitzaigun ikustea nola erosten zuten lurzorua. Harrituta ikusi genuen Akitaniako Tolosan eta Bordelen, jarduera aeronautiko handiko eremuetan alegia, lurzoruaren prezioa Euskadin eta Espainia iparraldean baino askoz ere merkeagoa zela”.

 

Nahiz eta Frantzian gaur egun indarrean dagoen hirigintzako araudia oso ezberdina izan Euskadikoaren aldean eta aukera ematen duen lurzorua merkeago erosteko, haiei ere interesgarria zaie enpresa-eremuak kudeatu eta sustatzeko daukagun eredua, agenteek eskualde mailako jarduera-esparru batean duten inplikazioagatik (Industrialdeak programa). Horren guztiaren helburua delarik ekonomia suspertzea, garapen iraunkorra eta hirigintzako berrantolamendua.

 

Bordeaux Metropol eta Sprilur erakundeen arteko Akitania-Euskadi lankidetza hitzarmenari esker, herrialde bakoitzeko hirigintzako araudiak eta ezaugarri bereziak aplikatu ahal izan dira lurralde bietako enpresa-eremuetan. Hau da, Euskadin kokatutako industrialde edo proiektu batean hango araudia ezarri da, eta aldi berean hemengo kudeaketa eta sustapen eredua aplikatu dute Bordeleko jarduera ekonomikoko eremu batean.

 

Sprilur-ek badaramatza 30 urte baino gehiago enpresa-eremuak garatzen “hiri sareetatik” kanpo, baina Sozietateko zuzendariak dioenez, “aztertzen ari gara nola  egin dezaketen lan industriek hiri inguruneetako ekonomiaren alde, sostengarritasuna eta mugikortasuna zaintzeko”. “Europan berriro indarra hartzen ari den ideia da hori”, eta batez ere Euskadiren ibilbide industriala ikusirik, esan liteke “gure industrialdeak urteetan aurrera doazela” eta, beraz, “garrantzitsua iruditzen zaigu enpresen jarduera-baldintzak hobetzea eta egokitzea, ahalik eta funtzionamendu onena izan dezaten”, dio Artazak.

 

Sprilur-ek 30 urte daramatza azpiegituren kudeaketa eta sustapen lanetan, eta denbora horretan enpresa-jarduerako 100 eremu baino gehiago garatu ditu eta 2.500 enpresa lagundu, guztien artean 25.000 langile enplegatzen dituztenak.

Zentzu horretan, higiezinen sektoreak bizi duen egoera gorabehera, azken urteotan Sprilur-ek bere txokoa egin du egungo higiezinen merkatuan, eta espazio industrialen prezioak murriztea lortu du. Era berean, 12 urteraino luzatu ditu pabilioiak, lurzoru urbanizatua eta industrialdeetako bulegoak eskuratzeko finantzaketa modalitateak.

 

Helbide honetan ikus daiteke Eusko Jaurlaritzaren industria-azpiegitura publikoen eskaintza osoa: http://www.spri.eus/es/infraestructuras>Sprilur

Bilbon, 2015eko otsailaren 5ean

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke