Sprilur-en negozio zifra %12 hazi da aurreko urtekoarekin alderatuta

2015ko Apirila 26,

Ortuellako Ballonti II industrigunearen aireko ikuspegia

10 kontratu berri formalizatu dira eta 2014aren amaieran 21 zeuden indarrean.

Iaz kontratatutako azalera 9.805 m²koa izan zen, 2,4 milioi euroko negozio zifra lortu zelarik.

Espazio industrialen birsortze eta birgaitzeari dagokionez, Sprilur-ek “Industria-guneen diagnostikoa” azterlana eta “Deba Barrenako eraikin industrialen inbentarioa” egin ditu.


 

Iazko urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak enpresa-guneetara sartzeko modalitate gehiago onartu eta prezioak berrikusi zituen. Prozesu horri esker, kontratu berri gehiago gauzatu dira aurten. Hala, Sprilur-ek kudeatutako industrialdeak pixka bat suspertuz, diru-sarrerak ere %12 hazi dira 2013. urtearekin alderatuta.

2014ko negozio zifra 2,4 milioi euro baino gehiagokoa izan da eta zenbateko hori errentamendu kontratuen bidezko komertzializazio berriei zor zaie nagusiki. Aurreko urtearen hasieran kontratu mota berriak onartu ziren:  hiru, bederatzi eta hamabi urtera erosteko aukera ematen duten alokairuak eta zuzeneko salerosketako kontratua.

Kontsulta eta operazio maila hobetu egin da aurreko urtearekin alderatuta, eta nagusiki errentamendu sinpleko eta erosteko aukeradun errentamenduko kontratuak egin dira.  Horren harira, 2014aren amaieran 21 kontratu zeuden indarrean, 9.805 m²ko azalera kontratatuarekin. Horietako gehienak (12) errentamendu sinplekoak dira (3.980 m²), beste 7 erosketa aukeradun errentamendu kontratuak (4.027 m²) eta gainerako biak 3 urteko alokairu kontratuak (1.978 m²).

Proiektu Berezi eta Estrategikoei dagokienez, urtarrilean sinatutako akordio markoaren ostean Sprilur erabat murgildurik dago Winoa Ibérica instalazio berrien eraikuntza eta toki-aldatze proiektuan (lehen Fabio Murga), instalazio horiek  Balmasedako Arla industrialdera eramateko. Lantegi berrian erabilpen industrialerako granaila fabrikatuko dute eta lau nabe industrial, eraikin administratibo bat eta bi eranskin izango ditu, 28.927,54 m²ko azaleran eraikiko direnak. Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euroko partida bat esleitu du proiektu horretarako Proiektu Estrategikoen Funtsaren barruan.


Kudeaketa sostengarria eta jarduera berriak

Sprilur-ek garapen sostengarriarekin hartua duen konpromisoari eutsiz, joan den irailean EMAS egiaztagiria eskuratu zuen, Europako ingurumen arloko ziurtagiri gorena, zeinaren bidez enpresa eta erakundeen bikaintasuna neurtzen baita beren ebaluazio, kudeaketa, portaera eta erantzukizun mailetan.

Gainera, 2006tik hona, Sprilur Taldeak Garapen Sostengarriko Gidak aplikatzen ditu bere proiektuetan eta urbanizazio eta eraikuntza lanetan. Hala, aurreikuspenen arabera, 2015erako DURBE bereizgarria inplementatuko da, Urbanizazio Gidetan oinarritutako urbanizazio proiektuetan ingurumen arloko bikaintasuna lortzen dela aitortzeko eta egiaztatzeko. Giden aplikazioak eta ingurumena errespetatzen duen eraikuntzako bikaintasunaren DURBE bereizgarriak helburu argi bat dute, alegia, urbanizazio edota eraikuntza proiektuak sustatzen dituzten enpresa publiko nahiz pribatuetara hedatzea.

Sprilur-ek lankidetza proiektu bat hasi zuen 2012an Akitania eskualdeko Cub-Communité Urbaine de Bordeaux erakundearekin batera eta Europako Akitania-Euskadi Lankidetza Funts Komunaren laguntzaz. Proiektu horren helburua da bi lurraldeek bat egiten duten tokietako hiri- nahiz enpresa-guneen errealitateak aztertzea, elkarrekiko mugan baitaude hiri jardueretarako eta sozioekonomikoetarako espazioak. Azterketa horren emaitzekin erabilpenak eta bizikidetza hobetu nahi dira.  Proiektu hori 2015aren erdialdera arte luzatuko da.

Gaur egun Sprilur jarduera-gune berriak definitzen ari da industria-guneak eta jarduera ekonomikoetara zuzendutako eremuak birsortuz eta birgaituz. Birsortze eta birgaitze jarduera horren barruan, “Industria-guneen egoeraren diagnostikoa” egin du eta baita ere Deba Barrenako herrietako “Eraikin industrialen inbentarioa – hirigintzaren birsorkuntzako fitxak” izeneko txostena Debegesa erakundearekin lankidetzan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke