Azken ordua! – Enpresa Eraldaketa

2014ko Iraila 01,


Bartzelonak Irizarrek eraikitako bus elektrikoa abiarazi du

Irizar euskal enpresaren i2e autobus elektrikoa, Europan fabrikatutako era horretako lehenengoetakoa, Kataluniako hiriburuan dabil dagoeneko. Transports Metropolitans de Barcelona (TMB) konpainiak erabat elektrikoa den modelo hau gaineratu dio bere autobus-flotari, era horretako ibilgailuen saiakuntza-aldiari ekiteko asmoz, autobus elektrikoaren erabilera sustatzea xede duen ZeUS europar proiektuari atxikita.

Eusko Jaurlaritzak 40 milioi bideratuko dizkie BERC zentroei

Eusko Jaurlaritzak 40 milioi euro bideratuko dizkie datozen lau urteotan BERC (Basque Excellence Research Centers) zentroei. Programa honek ikerketa zientifikoak diharduten bederatzi erakunde biltzen ditu. Zentro hauek Euskadiko ikerketa zientifikoaren buru izatea da Jaurlaritzaren asmoa.

FPK enpresak 6,5 milioi euro inbertitu ditu Zamudioko instalazioetan

Automobilgintzarako osagaien garapen eta ekoizpenean diharduen FPK enpresa Zamudion dituen instalazioak birmoldatzen ari da kontratu berriei aurre egin ahal izateko. Horretarako, Batz Taldeak eta Mondragon Korporazioak partidetutako konpainia honek 6,5 milioi euro inbertitu ditu azken urteotan etengabeko hazkundea izan duen lantegi horretan.

Arabako Foru Aldundiak 856.000 euro banatuko ditu ureztaketak hobetzeko

Arabako Foru Aldundiak 856.600 euroko laguntza banatuko du nekazarien artean 2014 eta 2015 urteen artean, ureztaketak hobetu eta moderniza ditzaten. Inbertsio honen helburua, lurraldeko nekazaritza-ustiategiak errentagarriagoak eta lehiakorragoak bihurtzen laguntzea da. 2014ko ekitaldirako 356.600 euro erreserbatu dira, eta gainontzeko 500.000 euroak 2015ean banatzea aurreikusi da.

UPV/EHU munduko 500 unibertsitate onenen artean mantentzen da

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) goi-mailako irakaskuntzaren arloko munduko 500 erakunde onenen artean mantentzen da, Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtez urte lantzen duen sailkapenaren arabera. Ranking hau nazioarteko erreferentziatzat erabiltzen da, nazioartean onartutako irizpide objektiboetatik abiatuta unibertsitateko bikaintasuna neurtu ahal izateko.

Euskal kooperatibek Asia eta Latinoamerikarako esportazioak areagotu dituzte

Euskal enpresa kooperatiboek Asia eta Latinoamerikara egindako esportazioak etengabe hazi ziren 2012an, fakturazio osoaren %27,5era iritsi arte, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte-Gaietako Sailak bi urtez behin argitaratzen duen ‘Ekonomia Sozialaren Estatistika 2013’ izenburuko ikerketaren arabera.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke