Aurreiritziak desmuntatzen mahaiaren inguruan

2017ko Martxoa 09,

Participantes en Bizilagunak.
2016an 235 familiak parte hartu zuten “Bizilagunak” proiektuan.

“Bizilagunak” proiektuaren helburua da etorkinak eta bertakoak biltzea otordu baten inguruan.

 

Asmoa da bi familia biltzea bietako baten etxean, urtean behin igandeko bazkaria partekatzeko. Ideia horri jarraituz, SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkarteak bultzatutako Bizilagunak proiektuaren helburua da topaketak antolatzea bertakoen eta etorkinen artean, elkar ezagutu dezaten eta aurreiritziak gainditu ditzaten.

 

Parte hartzen duten bi familietako baten etxean antolatzen da bazkaria, eta hori elementu garrantzitsua da bien arteko hurbilketa lortzeko. “Oso sinbolikoa da, zure etxeko ateak irekitzen ari zarelako. Horrela, elkarren arteko topaketa askoz ere hurbilagoa da” azaldu du Anaitze Agirrek, SOS Arrazakeria Gipuzkoako arduradunak, “horrelako espazioak sortuz desmuntatzen dira aurreiritziak, sarritan ezjakintasunagatik sortzen direnak”.

 

Bazkariak urtean behin egiten dira, azaroan, behin bukatu ondoren parte hartu nahi duten familien artean bikoteak osatzeko prozesua. Bikoteak egitean, familien arteko halako kidetasun bat bilatzen da. Gainera, bazkari bakoitzean dinamizatzaile batek parte hartzen du, boluntario bat da, bi familiekin harremanetan jartzen dena eta behar izanez gero zubi-lanak egiten dituena.

 

Proiektua 2012an hasi zen Gipuzkoan, eta lehen edizioan 60 bazkari egin ziren egun berean. Bost urtetan, ekimena Euskadi osora zabaldu da, 2016an 2.600 parte-hartzailera iristeraino. Iazko abenduan, “Bizilagunak” proiektuak Europako Batzorde Ekonomikoaren Gizarte Zibileko saria jaso zuen, 284 integrazio-esperientziarekin lehiatu ondoren.

 

SOS Arrazakeria Gipuzkoak koordinatzen du ekimena, baina Euskadi osoko elkarte eta erakundeek ere kolaboratzen dute proiektuan parte hartzen duten herrietan bazkariak bultzatzeko. “Bizilagunak” proiektuak laguntza jasotzen du baita ere Eusko Jaurlaritzatik, hiru Foru Aldundietatik eta ekimenarekin bat egin duten udaletatik.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke