ES | EU


2016ko Apirila 01


Txostenak Internet bidezko salmenta prozesuei buruzko funtsezko kontzeptuak azaltzen ditu, etengabe hazten ari den sektorea baita.

Merkataritza elektronikoak iraultza ekarri du fabrikatzaile, saltzaile eta kontsumitzaileen arteko ekosistemara, eta orobat sortu ditu negozio-eredu eta marketplace berriak, taldekako salmenta-plataformak edota kontsumo kolaboratiboko espazioak. eCommerce-ak nabarmen murriztu ditu ekintzaile eta enpresa txikiek merkatuan sartzeko dituzten hesiak, orain askoz inbertsio txikiagoa behar baitute, baina, aldi berean, kontuan hartu behar da merkatua lehiakorragoa eta konplexuagoa dela..

Adigital-Espainiako Ekonomia Digitaleko Elkarteak Merkataritza Elektronikorako Logistikaren Liburu Zuria argitaratu du, eta txosten horretara bildu ditu Internet bidezko salmentei buruzko azken datuak, eta baita ere onlineko B2C salmentaren logistikarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak. Liburua beraizik zuzenduta dago ekintzaileei, profesionalei eta baita ere eCommerce-aren logistikaren egungo egoerari eta etorkizuneko joerei buruz gehiago jakin nahi duten enpresei.

Azterlanak dioen bezala, B2C merkataritza elektronikoak 1,42 bilioi eurotik gorako salmentak izan zituen mundu osoan 2014an, Txina eta Estatu Batuak izan zirelarik nagusi. 2014an Espainian eCommerce-a %17 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta 16.900 milioi euro sortu zituen guztira. Biztanle bakoitzak urteko 363 euroko gastua egiten du batez beste, Erresuma Batuan baino (1.975 euro) askoz gutxiago. Bestalde, txostenak dio munduko biztanleen %39k bakarrik dutela Interneterako sarbidea, eta merkataritza elektronikoa gorantz doan arren, munduan egiten diren txikizkako salmenten %4,2 baino ez duela ordezkatzen. Horrek esan nahi du oraindik marjina handia duela merkatu berrietan hazteko. Txostenak, Adigital elkartearen atarian eskuratu daitekeenak, bestelako kontuak ere jorratzen ditu, hala nola, merkataritza elektronikoko eredu desberdinak, entregatzeko zerbitzu espezifikoak –Premium, sostengarria edo kolaboratiboa-, biltegiko antolakuntza eta fluxuak, bezeroekiko komunikazio kanalak eta produktuak banatzeko joera berriak. Era berean, atal bana eskaintzen dizkie nazioartekotzeari eta B2C merkataritza elektronikoarentzako Europako legeriari.