SPRIk laguntza handiagoa emango die Asian kokatutako euskal enpresei

2013ko Abendua 09,


Txinan kokaturiko euskal enpresek jakinarazi dute Shanghain irekiko den merkatu libreko eremua aukera bikaina dela eta tokiko I+Gak potentzial handia duela.


Alexander Arriola SPRIko zuzendariak zenbait tramite aurreratu ditu Singapurren bulego bat irekitzeko, eta hala, Eusko Jaurlaritzak Asian kokatutako euskal enpresei ematen dien laguntza hobetzeko.


Txinan kokatutako 35 euskal enpresak eta SPRI Taldeak iritziak bateratu dituzte merkatuaren egungo egoera ebaluatzeko eta bi ondorio nagusi atera dituzte, baliagarriak direnak jada han daudenentzat nahiz etorkizunean hara joango direnentzat: bata da Shanghai merkatu libreko eremu izango dela eta horrek aukera ugari irekiko dituela, eta bestea, Euskadiko enpresa gero eta gehiago aztertzen ari direla beren I+G-ko unitateak Txinara eramateko aukera, Txinak baduelako gero eta prestatuagoa dagoen talentua eta azkar eboluzionatzen duena.


Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendari nagusiak eta Miren Madinabeitia Nazioarte Saileko zuzendariak arretaz jaso dituzte gomendio eta kezka guztiak, eta beren konpromisoa berretsiz jakinarazi diete lagunduko dietela hobetzen. Abenduaren lehen hamabostaldi honetan hainbat kontaktu egin dituzte Singapurren eta Txinako hainbat eskualdetan, eta kontaktu horietan argi geratu da aurrerantzean SPRIk babes handiagoa emango diela Asian kokatutako euskal enpresei.


Topaketa hau Singapurrera eta Txinako hainbat eskualdetara egindako bisitarekin amaitu da. Topaketa horretan parte hartu dute sektore anitzetako euskal enpresek, hala nola automozioaren sektorekoek, sektore eolikokoek, ekipamendu, automatizazio, makina-erreminta, ingeniaritza eta logistika alorretakoek, lege aholkularitzek, banku batek eta teknologi zentro batek. Lehen aipatutako ondorioez gain, beste hainbat gai izan dituzte hizpide, esaterako, segurtasun juridikoa, jabetza intelektualaren kontrol handiagoa eta egonkortasuna hobetzea giza baliabideen kontratazioan.


Txinako agintariek argi erakutsi dute asmoa dutela datozen 30 urteetarako garapena planifikatzeko, eta arreta berezia eskainiko dietela garapen iraunkorrari eta ingurumena zaintzeko ahaleginari. Gainera, Txinan kokatutako euskal bankua dagoeneko hasia da tramiteak egiten bizpahiru urteko epean tokiko txanpona erabiltzeko, eta hala, enpresentzako zerbitzua hobetzeko.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI sozietate publikoko bi zuzendaritza-kargu horiek Singapurren hasi zuten Asiako bidaia, non gestio batzuk egin baitituzte herrialde horretan SPRIren bulego bat ireki eta abiarazteko. Bulego horretatik SPRIk laguntasuna emango die beren jarduera zonalde geografiko horretan garatu nahi duten euskal enpresei eta, gainera, aukerak bilatuko dituzte Indonesia, Malaysia, Thailandia edo Vietnam bezalako herrialdeetan. Era berean, tokiko garapen agentziekin elkartu dira, bai atzerriko inbertsioa erakartzeko eta baita ere herrialde hartan kokatutako euskal enpresen nazioartekotzea babesteko.


Bestalde, Arriola eta Madinabeitia Txinako hainbat eskualdetan kokatutako euskal enpresa batzuekin eta hango agintariekin batzartu dira. Beijingen Fagor Automation fabrika bisitatu zuten eta elkartu ziren baita ere Tianjineko Danobat enpresako arduradunekin eta Makina-Erreminta Eskolako ordezkariekin. Mezu garrantzitsu bat iritsi zaigu handik, hain zuzen ere euskal enpresek erronka berriei aurre egin behar dietela gero eta konplexuagoa den merkatu batean, non teknologia gehiagorekin lehiatu behar baitute presentzia globala izaten jarraitzeko.


Ondoren, Qingdao eskualdera joan ziren Rubber Valley-ren instalakuntzak bisitatzera. Ruber Valley sektore publikoak eta pribatuak elkarrekin bultzatutako ekimen bat da non kautxuarekin lotutako jarduerak uztartzen baitituzte unibertsitatearekin, I+G lantzen baitute eta kautxua maila globalean banatzeko proiektu bat abiarazi baitute. Azpimarratzekoa da proiektu berezia dela, izan ere 2013ko uztailetik martxan dauka balio burtsa berri bat, zeinetan pneumatikoak fabrikatzeko kautxu mota zehatz batekin kotizatzen baita, lehengaiaren prezioari eusteko eta iraganean jasan dituen fluktuazio bortitzak saihesteko.


SPRIko zuzendari nagusia eta Nazioarteko Saileko zuzendaria Kunshan eskualdean kokatutako Gestamp, Elay, Anaitasuna (Mondragon Korporaziokoa) Fagor Ederlan eta Cikautxo konpainien industria parkean izan ziren, euskal enpresen jardueraren bilakaera ezagutzeko, zeren enpresa horiek sarritan inbertsio handia egin behar izaten baitute tokiko merkatuak eskaintzen dizkien aukerak aprobetxatzeko.


Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke