Arantza Tapiak Jarduera Ekintzaileari Laguntzeko Erakunde arteko Planaren aurkezpena egin du Eusko Legebiltzarrean

2014ko Apirila 16,


– Plana Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien ekarpenekin eta laguntzarekin gauzatu da

– 266 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da 2013-2016 urteetan, etorkizunerako inbertsio jasangarriaren aldeko apustua eginez

– Planean jarduera ekintzailearen fase guztietan laguntzea begiesten da, baina enpresen barneko ekintzailetza-prozesuen laguntza nabarmentzen da


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantza Tapiak, Jarduera Ekintzaileari Laguntzeko Erakunde arteko Plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarraren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordean, eta horrela, Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko 16/2012 Legearen bitartez hartutako konpromisoari erantzuten dio. Izan ere, honako hau dio 13. artikuluan: «Eusko Jaurlaritzak jarduera ekintzaileari laguntzeko erakunde arteko plan bat landuko du, lau urteko izaera izango duena».

Plan hori «Ekintzailetza Euskal Sistema baten Garapenerako Lankidetzaren Esparru Hitzarmenaren» barnean kokatzen da, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek 2013ko uztailaren 2an sinatu zutena; 4 euskal administrazioak lehen aldiz elkartu dira, modu bateratuan eta koordinatuan, ekintzailetzari laguntzeko euskal ekosistema hobetzeko xedearekin.

Planaren gauzatze-prozesuan zehar, laguntza eta ekarpenak eskatu zaizkie 5 Enpresa eta Berrikuntza Zentroei (Bic Berrilan, Saiolan, Beaz, Cedemi, Ceia), 3 Merkataritza Ganberei, Garapeni, Eudeli, Confebaski eta Ajebaski.

  

Planaren helburuak

Jarduera Ekintzaileari Laguntzeko Erakunde arteko Planak honako helburu estrategiko eta operatibo hauek bereiztea ahalbidetzen du:

Helburu estrategikoak:

– Ekintzailetzaren kultura eta balioak bultzatzea gizartearen maila eta bizitzaren etapa guztietan, gure herrialdeak iraganean zuen pentsaera ekintzailea berpizteko.

– Merkatura iristen diren ideien eta ekimen berrien bolumena handitzea, enplegua sortzeko eta jarduera ekonomikoa indartzeko.

– Euskadiko enpresa berrien hazkundea, sendotzea eta transmisioa (beharrezkoa izanez gero) bultzatzea.

Barne-ekintzailetzaren edo ekintzailetza korporatiboaren aldeko apustu nabarmena egitea, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko gaitasun handia duelako.

– Egun, EAEn ekintzailetza bultzatzen duten erremintak, tresnak eta politikak bateratzea.

Helburu operatiboak:

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren etorkizunari buruzko ikuspegi partekatua eta integrala zehaztea, haren ikuspegi guztiak kontuan hartuta (pertsona ekintzailearen profila, motibazioak, ekintzailetza-prozesuaren faseak, ekimen ekintzaileen tipologia, ekintzailetza-inguruneak, eta abar).

– Erakunde eta agente parte-hartzaileek pertsona ekintzaileari eskaintzen dizkioten laguntza-politikak eta -programak antolatu, osatu eta lerrokatzea, ekintzailetzari laguntzeko gero eta euskal ekosistema osatuago, hurbilago eta ezagunago baten barnean.

– Laguntza-ekosistemaren benetako eraginkortasunaren eta eraginaren eskakizuna sendotzea, pertsona ekintzaileari entzunez, sistema aldian behin ebaluatuz eta egokitzapen-neurriak diseinatuz.

 

Planaren jarduketa-eremuak

Planaren helburuekin eta irismenarekin bat etorriz, lehentasunezko bost jarduketa-eremu identifikatu dira ekintzailetzaren esparruan. Horiek jarraian datozen orrialdeetan xehatzen dira.

1. Ideia eta ekimen ekintzaile berriak. Ekimen ekintzaile berri bat sortzeko hasierako eta berehalako beharrezko urratsak eta jarraibideak sartzen dira barne. Pertsona ekintzailea identifikatzea, ideia zehaztea, proiektua eta sozietatea sortzeko beharrezko jarraibide eta izapide guztiak gauzatzea, hautatutako itxura juridikoaren arabera. Finantziazioa lortzea eta ekimena kokatzea ere sortze-prozesuaren oinarrizko alderdiak dira. Epe motzerako ikuspegiari dagokio.

2. Hazkundea, finkapena eta besterentzea. Esparru honetan sortutako ekimenaren bizi-zikloaren etapa guztiak jasotzen dira. Lehen hilabeteetako garapen- edo hazkunde-hasieratik epe ertaineko finkapenera. Enpresa bat sendotzeak hasierako tiraldia gainditzea eta merkatuan modu jasangarrian mantentzea esan nahi du, finantziazio-palankak, kokapena, nazioartekotzea, berrikuntza eta abar kontuan hartuta.

Azkenik, enpresaren besterentzea edo salmenta gaineratuko litzateke. Epe ertainerako (luzerako) ikuspegiari dagokio.

3. Ekintzailetzaren kultura eta baloreak. Espiritu ekintzailearen eta prestakuntzaren sustapen-ekintzak jasotzen ditu, hezkuntza-fase desberdinetan eskaintzen den ekonomiaren, enpresaren eta ekintzailetzaren alderdiei dagokionez. Epe luzerako ikuspegiari dagokio.

4. Barne-ekintzailetza (edo ekintzailetza korporatiboa). Barne-ekintzailetzaren kontzeptuak lehendik zeuden erakunde publiko nahiz pribatuetan gauzatzen diren edozein motatako jarduera ekintzaileak hartzen ditu barne. Horiek erakundearen onura lehiakorrak sortzea edo sostengatzea ahalbidetzen dute, pertsona ekintzaileen ideia berritzaileak identifikatzea eta/edo esportatzea eragiten duten testuingurua eta baliabideak modu egokian erabiliz. Oro har, barne-ekintzailetza honako hauekin lotua egoten da: produktuaren/zerbitzuaren estrategia-berrikuntzarekin; negozio-unitate edo produktu-gama berri baten sorkuntzarekin; produktu-kontzeptu berrien garapenarekin; edo produktu edo zerbitzu baten ezaugarri berriekin.

5. Laguntza-ekosistemaren integrazioa (politikak, azpiegiturak eta finantziazioa). Ekintzailetzari laguntzeko ekosistemaren faktore kritikoen antolamendu- eta integrazio-ahaleginak gaineratzen ditu. Beste esparruekiko osagarria eta zeharkakoa den arlo honetan, ekintzailetzari laguntzeko politiken eta programen definizioari eta koordinazioari, laguntza-azpiegituren kudeaketari eta koordinazioari, eta enpresa eta pertsona ekintzaileen eskura jarritako finantziazio-tresnen sorrerari eta kudeaketari ematen zaio garrantzia gehien, horiek guztiak prozesu ekintzailearen fasearen arabera berezituak.

 

Euskal erakundeen aldetik sustatutako programa guztiak lerrokatzea

Programa eta jarduketa berriak eskaini baino gehiago, ekintzailetzari laguntzeko euskal ekosistemaren globaltasuna antolatu, koordinatu, barne hartu, osatu eta lerrokatuko duen Erakunde arteko Plan baten egokitasuna.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun, Enplegu eta Hezkuntza Sailen bitartez, prozesu ekintzailearen fase guztiak estaltzen ditu ekintzailetzarekin lotutako kolektibo desberdinei xedaturiko programen bitartez, betiere horien egoeraren eta premien arabera.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapenerako Sailak ekintzailetza gaineratzen du enpleguaren eta suspertze ekonomikoaren aldeko bere apustuaren 5 ardatz estrategikoen artean, eta hori argi eta garbi islatzen da identifikatutako esparruekin eta premiekin lerrokatutako programen eskaintzan eta finantziazio-erreminta eta -azpiegituren hornidura sendoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoaren Sustapen Zuzendaritzaren bitartez, zenbait programa gauzatzen ditu ekintzailetzaren kate osoan zehar, pertsona ekintzaileari erabateko laguntza eskaintzearen aldeko apustua eginez. Besteak beste, ekintzailetzari eta barne-ekintzailetzari dagozkion baloreen eta kulturaren faseetan garatutako jarduketak azpimarratu behar dira.

Arabako Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako Zuzendaritzak jarduera ekintzailearen garapena areagotzeko apustu sendoa egiten du programa eta jarduketa desberdinen bitartez, lurraldeko beste agente batzuekin lankidetzan garatuak (Arabako Merkataritza Ganbera, Ajebask), eta horiek ekintzailearen prozesu osoa hartzen dute barne.

 

Planak 266 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du 2013-2016 urteetan

Ekintzailetza babesteko erakunde arteko 2013-2016 aldiko planaren aurrekontuak lotura zuzena du hainbat erakunderen aurrekontuekin, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarenak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarenak eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailarenak, hiru foru aldundietako ekonomia sustatzeko eta berrikuntzako departamentuenak eta hainbat sozietate publikoenak (enpresa eta berrikuntza zentroak, Lanbide, EHU, etab.).

 

Etorkizunean arlo horretara inbertsio-lerro iraunkorra bideratzea aurreikusi dute. 2013-2016 aldian, hau da, X. legegintzaldian, ordea, 266 milioi euroko aurrekontua emango diote.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke