Arantza Tapia: “Industriaren eta gure ekonomia produktiboaren indarraren aldeko apustua egingo dugu”

2013ko Otsaila 08,


– “Sektore guztiak Euskal Eredu Lehiakor Berri baten norabidean kokatu nahi ditugu”
– Urgentziazko eginkizunak izango dira enpresen finantzazioa ahalbidetzeko tresnak sortzea eta ekonomiari bultzada emateko sektore berrien azterketari ekitea.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua Eusko Legebiltzarrean dagokion batzordean azaldu da. Bertan, legegintzaldi honetan jarduneko hiru ardatz nagusi ezagutarazi ditu eta haren lan-taldeko lau sailburuordeak aurkeztu ditu, hau da, Estibaliz Hernaez (Zientzia, Berrikuntza eta Lehiakortasuna), Juan Ignacio García de Motiloa (Industria), Itziar Epalza (Merkataritza eta Turismoa) eta Bittor Oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika).

Sailburuak esan duenez, “sail hau ez da hainbat sektoreren batuketa hutsa, sinergiak sortzeko gune bat baizik; jauzi kualitatiboa egin nahi da euskal lehiakortasunaren beste eredu baterantz joaten hasteko, gaur egun dugun ereduan sakonduz eta eredu hori optimizatuz.

Gaur egun ekonomian eta gizartean bizi dugun egoera aztertu eta gero, Tapia andreak azpimarratu du gaur egun ditugun erronka nagusiak ondorengo hauek direla: krisia euskal gizartean eragiten ari den langabeziaren eta gizarte-ezberdintasunen aurkako borrokan jarraitzea; dena den, behin eta berriz esan du “ez garela hutsetik abiatzen, eta egoera zein den garbi ikusi arren, lan egiteko gogoarekin eta ilusioarekin heldu diotela lanari”.

Horren inguruan, Arantza Tapiak esan du industria dela gure ekonomiaren motorea, eta hori gogoan izanda egin behar dela lan, gure indarguneak azpimarratzeko orduan. “Egiten dakigun hori egiten jarraituko dugu, zeren industria baita gure herriko zerbitzu aurreratu askok eta hirugarren sektoreko jarduera askok oinarrian duten euskarria. Horrexek ematen digu aukera erabat ezkor jarri gabe begiratzeko etorkizunari, industria delako enplegua eta aberastasuna sortzeko motore eragilea, nola zuzenean hala zeharka”.

Testuingurua hori izanik, zientziaren eta teknologiaren alde egiten ere jarraituko dugu, baina ezagutza sektore produktiboaren eskuetan jartzeko orduan, eraginkorragoak izaten saiatuko gara, balio ekonomiko eta soziala sortzeko.

Zerbitzuen sektoreari dagokionez, merkataritza eta turismoa aztertu ditu, eta ondorioak ezberdinak dira; izan ere, lehen kasuan, merkatariak produktuen eskaeran eta kontsumoan beherakada handia ari dira jasaten, eta egiturazko aldaketa handiak behar direla ikusten da. Bestalde, turismoa azken urteetan Euskadin dinamismo handia hartu duen sektorea dela ikusi da.

Bukatzeko, gaur egungo egoera sektoreka aztertu duenean, Tapiak azpimarratu du nekazaritzak eta arrantzak balio handia dutela gure nortasunaren ikuspegitik eta lurraldearen orekaren ikuspegitik begiratuta, eta, gainera, elikagaien euskal industria bat garatzeko aukera ematen dutela ere esan du. Elikagaiena indarra hartzen ari den sektorea dela adierazi du, eta horren barruan edarien azpisektorea nabarmendu dela gehitu du.

Geroan lanean erabiliko ditugun palanka sendoenak

Sailburuak esan bezala, Euskadiren lehiakortasun-eredu berri hori honako jardun-palanka hauei eraginez gauzatu ahal izango da: finantzazioa indartzea, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemaren berrantolatzea, sektore berrietara abiatzea, jarduera-kate osoak bultzatzea, nazioarteratzea, enpresaren eta jende ekinaren zeregina indartzea eta Euskadi enpresa-proiektuak garatzeko lurralde erakargarria bihurtzea.

Kudeaketa Plana 2013-2016

Sailburuordetzek jorratu beharreko jardun-ildoei dagokienez, Arantza Tapiak adierazi du 2013-2016 Saila Kudeaketa-Plan bat prestatzen ari dela legegintzaldi osorako honi dagozkion neurtzeko adierazleak zehaztuz.

Agerraldian aurretik aipatutako jardunetatik honako hauek nabarmentzen dira:

Berrikuntza, Teknologia eta Lehiakortasun Sailburuordetza

Gure sailarekin zerikusia duen neurrian, Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sarea berrantolatzea.
Klusterizazio-politika egokitzea
Negozio-ereduaren barruko osagaiak berritzeko ahalegina indartzea
Berrikuntza lankidetzaren bidez bultzatzea, hainbat formula erabiliz, esate baterako, saiakerak egin behar ditugunerako, denon artean erabiltzeko lekuak eta azpiegiturak
Ekintzailetza Euskal Zerbitzua benetan garatzea
Erreferentziako eskualde-kopuru mugatu bat aukeratu, eta haiekiko harremanak indartzea
ETE sarean IKTak erabiltzen laguntzea

Industria Sailburuordetza

Fabrikazio-estrategia aurreratu bat martxan jartzea
Ezagueretan oinarriturik, ekoizpen-egitura lehiakorragoa, berritzaileagoa eta intentsiboagoa sustatzea

Industria-sareari finantzen aldetik laguntzea, kreditu-mugak gainditu ditzaten
Industria garatzeko proiektuak finantzatzeko berariazko tresnak eguneratzea eta indartzea
Euskadi 3E2020 energia-estrategia garatzea
Euskal enpresei nazioarteko merkatuan hobeto lehiatzen laguntzea, nazioartera zabaltzeko fase guztiak jorratuz.
Antolakundeetan, pertsonak osorik garatzen laguntzea.

Merkataritza eta Turismo Sailburuordetza

Nazioartean, Euskadik, destino modura, besteen artetik bereizgarria izan behar du, geure nortasuna erakusten duten gauzak indartuz.
Turismo-industria indartzea eta sendotzea, Euskadi erreferentziazko destino modura garatu beharra hartuz ardatz gisa, eta, aldi berean, arlo honetako enpresa-sarea apurka-apurka nazioartera zabaltzeko oinarriak jarriz, industriarako zehaztu ditugun lehiakortasun-parametroak erabilita.
Turismo-arloko arauak eguneratzea, eta euskal turismo-administrazioa ondo antolatzea eta tamaina egokia ematea (aldundiekin, udalekin, toki-erakundeekin eta eskualde-erakundeekin lankidetzan).
Likidezia Funtsa izeneko ekimena merkataritzaren premia berezietara egokitzea
Merkataritzari laguntza osoa ematea, euskal merkataritza-sarearen lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko.

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Landa-Garapeneko Sailburuordetza.

Ekoizleen lehiakortasuna indartzea eta nekazaritzako elikagaien katean duten zeresana ere indartzea
Enpresa berriak martxan jartzen laguntzea
Arlo honek, lehiatzeko dituen egitura-gabeziak zuzentzea.
Nekazaritzan eman daitezkeen arriskuak kudeatzeko sistema garatu eta sustatu
Nekazaritza eta arrantza neurriz (sostengarritasunean) garatzea eta sustatzea
Garatuko diren politiketan genero irizpideak erabiltzea. Emakume Nekazarien Estatutuaren garapena

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke