Arantxa Tapiak proiektu ekintzaileak sendotzeko 5 milioi euroko Hazi Kapitaleko Funts baten berri eman du

2014ko Uztaila 21,


  • «Zergatik izan ekintzaile Euskadin?» izeneko jardunaldian, Tapiak erantzun du industriaren, teknologiaren eta berrikuntzaren alorrean Euskadik duen testuingurua oso aproposa dela.
    • Instituzioek (Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek) Euskadiko ekintzailetzaren ibilbide-orria zehazten duen Plan bateratu batean elkarlanean lan egin dute.
    • Enpresetan barne-ekintzailetza sustatzea da plan horren apustu nagusienetako bat, eta barne-ekintzailetzarako programa zehatz bat barne hartzen du

     


    Arantza Tapia sailburua, ihardunaldian.

    Arantza Tapia sailburua, ihardunaldian.

    *Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan, egin zen Jardunaldian sailburuak egindako esku-hartzearen testu osoa erantsi dugu

    Arantxa Tapia sailburuaren hitzak

    “Zergatik izan ekintzaile Euskadin?” Jardunaldia

    2014ko uztailak 21, Lakua. Vitoria-Gasteiz

    Egun on, eta ongi etorri «Zergatik izan ekintzaile Euskadin?» jardunaldira.

    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatzen du elkarretaratze hau eta zuekin guztiokin partekatu nahi izan dugu, hau da, Gobernuko gainontzeko sailetako kideak, Enpresa eta Berrikuntza Zentroetako ordezkariak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresariak.

    Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren izenean, gaur egun esku artean ditugun proiektu eta ekimenak zuekin konpartitu nahi nituzke minutu gutxi batzuetan, bereziki etorkizunera begiratuz eta gure erronka nagusienak zuekin guztiokin konpartituz.

    Ekintzailetasunera bueltatuz, azken hilabeteetan egin dugun lanetik zerbait azpimarratu beharko banu, gaur aurkeztuko dugun Ekintzailetza Bultzatzeko Instituzioen Arteko Plana aipatuko nuke, Eusko Jaurlaritza eta 3 Foru Aldundien artean, elkarlanean, landu duguna.

    Lan handia egin dugu erakunde eta eragile desberdinekin elkarlanean, eta lan hori hasi da fruituak ematen, neurri apalean eta pixkanaka.

    Estatistikako Institutu Nazionalak azken hilabeteetan argitaratu dituen datu ofizialei begiratzen badiegu, hau ikus dezakegu:

    (1. DIAPOSITIBA).

    –          Enpresa berrien sorrera Euskadin (merkataritza-sozietateetaz ari gara) % 6,7 igo zen 2013an; ondorioz, 3.201 enpresa daude… 2008. urtetik dugun daturik onena da.

    (2. DIAPOSITIBA).

    –           2014. urtea hasi zenetik ere, merkataritza-sozietateen sorrera igo egin da 2013ko lehen 5 hilabeteekin alderatuta; % 7,8ko igoera izan da.

    –          Eta horri guztiari gehitu behar zaio enpresen saldo garbia (jarduerari ekin eta eten dutenen arteko desberdintasuna) datu positiboak ematen hasi dela azken hilabeteetan, Confebasken Enpresa Ehunaren Eboluzioari buruzko azken Txostenaren arabera.

    Datu eta seinale positiboak dira, optimismoa eragiten dutenak, zuhur jokatu behar den arren. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko kideok badakigu bidea luzea dela; beraz, lan egiten jarraituko dugu ekintzailearen ekosistema hobetzeko eta modu horretan, jarduera, aberastasun eta enplegu berria sortzeko.

    Eta helburu horrekin etorkizunari begira jartzen gara. Horri begiratzen badiogu, gaur aurkeztuko dugun Ekintzailetza Bultzatzeko Instituzioen Arteko Plana da gure xedearen ardatza. Plan honetan zehaztutako helburu estrategikoek datozen urteetarako gure ibilbide-orria markatuko dute ekintzailetzaren alorrean. Horizontean hamaika erronka, helburu eta ilusio ikus daitezke, eta gaur horietako batzuk bakarrik azpimarratuko ditut:

    (3. DIAPOSITIBA).

    1. IDEIA ETA EKIMEN EKINTZAILE BERRIAK: Hemen planteatzen dugun helburua da berrikuntzaren alorreko eta oinarri teknologikoko ideia eta ekimen ekintzaileak sortzen dituztenekin gehiago eta hobeto lan egitea. Teknologia Zentroak, Unibertsitateak, etab. dira horren adibide, hau da, Zientzia, Teknologia eta Informazioaren Euskal Sareko eragileak orokorrean. Horiekin elkarlan dinamika gehiago zehaztuko ditugu ideia eta ekimen ekintzaile gehiago identifikatzeko.

    (4. DIAPOSITIBA).

    2. HAZKUNDEA ETA SENDOTZEA: Hemen biltzen den ideia da enpresen sorrera-fasean eskainitako laguntzak baino haratago, ekimen ekintzaileen hazkunde eta sendotze aldiak indartu egin behar direla. Horretarako, 5 milioi euroko aurrekontua duen Hazi Kapitaleko Funts bat martxan jarri berri dugu, ekintzaileei enpresa sortu osteko faseetan laguntzeko.

    (5. DIAPOSITIBA).

    3. EKINTZAILETZAREN KULTURA ETA BALIOAK: Uste dugu beharrezkoa dela ekintzailetza etorkizunerako aukera bezala ikustea eta ekintzailearen eta enpresariaren irudiari izen ona ematea.

    (6. DIAPOSITIBA).

    4. BARNE EKINTZAILETZA: Barne-ekintzailetzaren bultzada gure Sailaren apustu diferentziala izango da, hau da, enpresei laguntzak ematea ekintzailetza korporatiboa bultzatzeko. Uste baitugu potentzial handia duela ekimen ekintzaileak eta enplegua sortzeko.

    (7. DIAPOSITIBA).

    5. EUSKAL EKINTZAILETZA SISTEMAREN BILAKAERA: Helburu estrategiko horren barruan, hauek planteatzen ditugu: erakundeen arteko koordinazioaren alde egitea, ekintzailearentzat izapideak gehiago erraztea eta balio ekarpen handiagoa ematea laguntza integralaren eta koherentearen bitartez, ekintzailetzaren fase guztietan.

    Hortaz, eta gaurko jardunaldiaren izenburuan azaltzen den galderari begira: Zergatik izan ekintzaile Euskadin? Nire ustez, hau da erantzuna:

    (8. DIAPOSITIBA).

    1. Ekintzaileari laguntzeko sistema oso garatu bat dugu. Sistemaren bitartez, ekintzaileak pizgarriak eta laguntzak jasotzen ditu, prozesuaren aldi guztietan.

    2. Industriaren, teknologiaren eta berrikuntzaren alorretan dugun testuingurua oso aproposa da enpresa-jarduera berriak sortzeko.

    3. Lanean jarraitzen dugu, administrazio eta eragile desberdinen arteko elkarlanean eta koordinazioan, ekintzaileen baldintzak eta laguntzak hobetzen jarraitzeko helburuaz.

    Bukatzeko, erronka eta helburu hauek betetzeko eguneroko eginbeharrean laguntzen diguzuen guztioi eskerrak eman nahiko nizkizueke.

    Eskerrik asko egunez egun Euskadiko ekintzailetza bultzatzeko lan egiten duzuen eragile guztioi; eskerrik asko Euskadi ekintzailetzarako lurralde on bat izateko lan egiteagatik; eta eskerrik asko batez ere enpresa-ekimen berriak aurrera ateratzeko eta lanpostu berriak sortzeko zuen esfortzu eta sakrifizio guztia jartzen duzuen pertsona ekintzaile guztiei.

    Zorte ona opa dizuet zuen etorkizuneko proiektuetan, eta jakin ezazue Eusko Jaurlaritza beti egongo dela zuen aldamenean.

    Eskerrik asko guztioi eta egun on bat izan dezazuela.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke