“Apoyo Dravet” elkarteak teknologia inklusiboak bultzatzen ditu

2017ko Otsaila 08,

Portal de la asociación
Familiek eta osasun arloko profesionalek osatzen dute elkartea.

Erakundeak living lab bat sortu nahi du Ermuan konponbide berriak probatzeko.

 

Apoyo Dravet elkartea Donostiako Unibertsitate Ospitaleko boluntario-talde baten eskutik sortu zen, Dravet Sindromea duten haurrekin eta haien senitartekoekin eginiko lanaren emaitza bezala. Dravet sindromea gaixotasun neurologiko bat da, krisi epileptiko larriak eta atzerapen mental sakona eragiten duena. Proiektu gisa hasi zena plataforma kolaboratibo bihurtu da, eta familiei zein zaintzaileei laguntza emateaz gain, hainbat ekimen bultzatzen ditu ikerketan eta teknologian oinarritutako konponbide berriak garatzeko. Urte eta erdi bakarrik darama martxan, baina denbora-tarte horretan hainbat proiektu bultzatu ditu beste erakunde batzuekin, eskolekin eta enpresekin lankidetzan.

 

“Dravet Sindromea duten pazienteen premiak atzematen ditugu, horietatik abiatuta beste ezgaitasun batzuentzat ere baliagarri izan daitezkeen proiektu eskalagarriak garatzeko” azaldu du Luis Miguel Aras Portillak, Apoyo Dravet elkarteko zuzendariak. Helburu horrekin bultzatu zuten urtarrilaren 25ean Serious Games Camp Ermua topaketa, non enpresa teknologikoak, elkarteak eta osasun arloko profesionalak bildu baitziren. Ekitaldiak helburutzat zuen bideojokoetan eta errealitate handituan oinarritutako konponbideak sortzea osasunaren eta ezgaitasunaren arloetarako.

 

Era berean, lehen urratsa izan zen Ermua City Lab bultzatzeko. Ermua City Lab Udalaren laguntza duen ekimen bat da, xedetzat duena herria living lab bihurtzea konponbide teknologiko berriak garatzeko. “Gure asmoa da espazio bat sortzea enpresek beren produktuak proba ditzaten ingurune errealetan, beti ere erabiltzaileen premietara bideratuta” azaldu du Luis Miguel Arasek. Proiektua beraizik zuzentzen zaie zahartzearekin eta aniztasun funtzionalarekin lotutako berrikuntza teknologikoei, baina zabalik dago beste esparru batzuetako konponbideak probatzeko.

 

Horrez gain, elkarteak Donostiako Axular Lizeoarekin lan egiten du; 2014tik gela berezi bat daukate martxan, konponbide teknologikoak eskaintzen dituena ikasteko zailtasunak dituzten neska-mutilen inklusioa lortzeko hezkuntzan. Erakundearen asmoa da espazio hori proba laborategi bat izan dadila, hezkuntza arloko proiektu teknologiko berriak probatzeko.

 

Ikerketari dagokionez, “Apoyo Dravet” elkarteak Girona eta Valentziako Unibertsitateekin eta Hospital del Mar eta Vall d’Hebron (Bartzelona) ospitaleekin lan egiten du, krisi epileptikoak detektatuko dituen elektroentzefalograma eramangarri bat garatzeko. Konponbide horri esker, posible litzateke garaiz erreakzionatzea krisien aurrean eta gaixotasun horrekin lotutako heriotza-kausa garrantzitsuenetako bat saihestea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke