Alexander Arriola: “Enpresentzat Mexiko herrialde erakargarrienetako bat da, aukeraz betetako mundu bat”

2014ko Azaroa 03,

imagenspri-alexanderarriolaenmexico

Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendariaren balantzea Mexikorako bidaia komertzialaren ostean.

Mexikora iritsi ez diren eta hango merkaturako produktu egoki bat duten euskal enpresei ulertarazi behar diegu nazioartekotu egin behar dutela, han kokatuta daudenen urratsei jarraituz.

SPRIren ikuspegitik eta SPRIko zuzendari nagusi zaren aldetik, zer dakar berekin Mexikora egindako bidaia honek alderdi enpresarial eta instituzionaletik?

Mexikorako bidaiak bi muin garrantzitsu izan ditu. Enpresei dagokiena eta instituzionala. Gure lana enpresei dagokien alderdian zentratzen da, baina zalantzarik gabe Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan izateak bultzada handia eman dio gure enpresariek Mexikon egiten duten lanari. Lehendakariak eta sailburuak maila goreneko bilera instituzionalak egin dituzte Ekonomia ministroarekin, Energia ministroarekin, Senatuko presidentearekin eta herrialdeko presidentearekin. Horrek argi erakusten du nolako maila izan duen Mexikoko egonaldiak. Enpresei dagokienez, azpimarratu behar da aukeraz betetako herrialde bat dela. Horietako batzuk Gobernua egiten ari den egiturazko erreformetatik (energia arloko erreforma) sortu dira eta beste batzuk, berriz, automozioa eta aeronautika bezalako sektoreek lortu duten lehiakortasun maila handiagatik.

Zein sektoretan kokatu dira Euskal enpresak Mexikon? Zer esan dizuete enpresariek, zein arazo dituzte?

Energia, automozio, aeronautika eta burdinbide sektoreetan kokatu dira gehienbat, baina badira gehiago ere. Enpresariek albiste onak eman dizkigute, dagoeneko han kokatuta dauden enpresak zabaltzen ari direla edo teknologia berriak sartu dituztela beren instalazioetan eta horrek enplegua sortzea dakar berekin. Euskal enpresen arazoetako bat hornitzaile eskasia da. Horregatik, Mexikora iritsi ez diren eta hango merkaturako produktu egoki bat duten euskal enpresei ulertarazi behar diegu nazioartekotu egin behar dutela, han kokatuta daudenen urratsei jarraituz.

Zein merkatu nitxo edo sektoretan daude negozio aukerak beste euskal enpresa batzuentzat?

Gorago aipatu ditudan sektoreetan aukera ugari daude Euskadin dauden ETE motako enpresentzat. Mexikon enpresa handiak daude eta hori aprobetxatu behar dugu txikiak ere atzetik eraman ditzaten, baina Jaurlaritzaren bidez landu beharreko esparrua da hori. Dena den, ETEek ere badute beren zeregina: batetik, ahalegina egin behar dute eta beren artean sor daitezkeen sinergiak edo lankidetzak aprobetxatu, izan ere, zenbat eta tamaina txikiagoa izan orduan eta zailagoa da mundura bakarrik irtetea; bestetik, arriskuak hartu behar dituzte eta ez dute eskaera bat iritsi zain egon behar hara hurbiltzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke