Afrika eta Ekialde Ertaina euskal enpresentzako etorkizuneko merkatu posible bezala nabarmendu dira Intergune2014 jardunaldian

2014ko Martxoa 07,


Afrika eta Ekialde Ertaina indarra hartzen hasi dira euskal enpresentzako etorkizuneko merkatu interesgarri bezala, edo hala ikusi da behintzat otsailaren 24tik 26ra bitartean hiru euskal hiriburuetan egin den Asia, Ozeania, Afrika eta Ekialde Ertainari buruzko Intergune2014 jardunaldiaren hiru saioetatik lehenengoan, non Maroko, Arabiar Emirerriak, Qatar, Saudi Arabia eta Hegoafrika bezalako herrialdeek interes gehiago piztu baitute Txina edo Singapur bezalako modako inbertsio-guneek baino.

Funtsean, euskal enpresariek 174 elkarrizketa egin dituzte SPRIko kanpo sareko ordezkariekin aholkuak eskatzeko eta negozioa nazioartekotzeari buruzko kontsultak egiteko. Elkarrizketa horietatik 117 (%67) Afrikako eta Ekialde Ertaineko herrialdeei buruz izan dira (Marokori buruz 23, Arabiar Emirerriek, Qatarrek eta Saudi Arabiak osatzen duten zonaldeari buruz 22, Hegoafrika eta Saharaz azpiko Afrikari buruz 19, eta Angolari buruz 13), 13 nazioartekotzeko interes handiena pizten duen Txinako merkatuari buruz eta 11 Singapurreko negozio aukerei buruz.

Aipatzekoa da halaber Turkiak ere inbertsioetarako merkatu interesgarria izaten jarraitzen duela euskal enpresentzat. Guztira 18 enpresak eskatu zuten Turkiari buruzko aholkularitza.

SPRIk munduan barrena dauzkan ordezkariek era askotako laguntzak eta informazio orokor nahiz partikularra emango dizkiete euskal enpresei, dela herrialde edo eremu geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz. Bilera horietan baloratuko dute, adibidez, atzerriko negozio-aukera batek ba ote duen behar adinako giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik, produktua lehiakorra den edota jarduera sektoreak ba ote duen merkatu nitxorik hautatutako herrialdean. Gainera, kontsumoaren bilakaerari eta joera aldaketei buruzko informazioa emango dute, azalduko dute aldaketa horiek nola eragin duten merkatuko lehentasunetan eta zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak.

Hurrengo topaketak martxoaren 10etik 12ra eta martxoaren 17tik 19ra bitartean egingo dira; lehenengoan Europa izango da protagonista eta bigarrenean SPRIk Latinoamerikan eta Ipar Amerikan dituen ordezkari eta aholkulariek parte hartuko dute. Topaketak hiru euskal hiriburuetan egingo dira.

Merkatu afrikarraren eta Euskadiren arteko harreman komertzialek oraindik bolumen txikia hartzen dute Euskadiren kanpo merkataritzako rankingean. Hala ere, 2012ko merkataritza-balantza positiboa da Euskadirentzat, eta Afrikarako esportazioak guztizkoaren %5,3 dira. Euskal produktuak jasotzen dituzten Afrikako herrialdeen artean aipatzekoa da Magreb eremua (Maroko, Aljeria eta Tunisia) eta herrialde hornitzaileen artean, berriz, Angola eta Nigeria daude, nagusiki gasa eta petrolioa inportatzen dutenak. Euskadik Afrikan izan duen 2012ko jarduerari dagokionez, azpimarratzekoa da Gineak esportazioen %0,07 eta inportazioen %0,01a biltzen dituela.

Gaur egun 40 euskal enpresa inguruk dauzkate produkzio edo merkataritza ezarpenak Afrikan. Kontzentraziorik handiena Marokon badago ere, badaude euskal enpresak Hegoafrikan, Aljerian, Tunisian, Egipton, Senegalen, Angolan eta Bolikostan.

Afrikarekiko harremanen esparruan, SPRIk hitzarmen bat sinatu zuen 2008an Centre for the Development of Enterprise (CDE) erakundearekin, euskal enpresei zerbitzua emateko Saharaz azpiko Afrikako herrialde gehienetan eta SPRIren kanpo sarearen edo aholkulari espezializatuen sarearen zerbitzuak indartu eta osatzeko.

Bestalde, SPRI Munduko Bankuaren sektore pribatuko bitartekari da Euskadin PSLO sarearen barruan, eta informazioa eta kontaktuak ematen dizkie erakunde multilateral horrek edo Afrikako Garapenerako Bankuak finantzatzen dituzten proiektuetan interesatuta dauden enpresei.

Azkenik, SPRIren Kanpo Sareak ere zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu kontinente afrikarrean proiekturen bat egin nahi duten edo hango negozio aukerak aztertu nahi dituzten euskal enpresentzat. SPRIk Afrikan dituen aholkulariak Marokon, Aljerian, Tunisian, Hegoafrikan eta Angolan kokatuta daude.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke