Abian da PlayStation Talents Games Camp Bilbao ekitaldiaren lehen edizioa

2017ko Otsaila 02,

Dynasty Freud, hautatutako bideojokoetako bat.

PS4 kontsolarako bi euskal joko garatuko dira 10 hilabeteko epean.

 

PlayStation enpresak abiarazi duen Talents Games Camp Bilbao ekimenaren bidez, estudio independenteek aukera izango dute beren bideojokoak garatzeko. 10 hilabeteko hazkuntza-prozesu horretan, parte-hartzaileek eskura izango dute PS4 bideojokoa merkaturatzeko behar duten guztia: instalazioak, aholkularitza, garapen kit-ak eta komunikazio kanpainak.

 

“Garapen hub-ak dira, non estudio onenak hautatu eta PlayStation 4 kontsolarako dauzkaten bideojokoekin lan egingo baitugu”, azaldu du Roberto Yestek, PlayStation Iberia saileko eduki arduradunak. Lehen urtean multinazionalak Madrilen abiarazi zuen haztegi hori, eta harrezkero berrikuntza-zentroak ireki ditu Sevillan, Valentzian eta Bilbon. “Ikusi genuen Euskadin kalitate handiko produktuak daudela; horregatik akordio bat lortu genuen BEAZ zentroarekin, 2017an zehar ko-sorkuntza espazio hau garatzeko”. Programa Design Kabi zentroan garatuko da, hots, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekintzailetza haztegian.

 

Hauek izan dira hautatutako bi euskal bideojokoak: Dynasty Freud, Kaia Studios-ek sortutako jokalari anitzentzako borroka-jokoa, zeinak euskal bideojoko onenaren saria irabazi baitzuen AzPlay 2016 jaialdian; eta The New Trailblazers, Team Janken estudioarena. “Dynasty Freud jokoak oso mekanika dibertigarria dauka, eta oso egokia gure plataformarentzat”, adierazi du Roberto Yestek. Team Janken jokoari dagokionez, hauxe esan du PlayStation enpresaren Estatuko eduki arloko zuzendariak: “abentura grafiko bat da, eta pertsonaietako batek autismoa du; munduko lehen bideojokoa da gai hain garrantzitsu bat normaltasun osoz landuko duena”.

 

Talents Games Camp ekimena estudio independenteei eta garatzaile gazteei zuzentzen zaie, eta aukera eskaintzen die beren bidea egiteko merkatuan. “Eskura emango dizkiegu sareak, azpiegiturak eta produkziorako, marketinerako nahiz komunikaziorako behar duten aholkularitza; Sony-ren joko bat balitz bezala tratatuko dugu, baina jabetza intelektuala estudioarena izango da”, azaldu du Yestek. Games Camp Bilbao ekimenaren kasuan, programaren koordinatzaile arituko da Jon Cortázar, Relevo estudioaren fundatzailea, zeinak PlayStation kontsolarako lehen euskal bideojokoa egin batizuen 2015ean: Baboon!.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke