Abanto-Zierbenako Industrialdeak zoladura foto-katalizatzaileak jarriko ditu El Campillo poligonoan

2014ko Urtarrila 20,


Abanto-Zierbenako Industrialdea, S.A.-ko partaide dira Sprilur, Bizkaiko Foru Aldundia eta Abanto-Zierbenako Udala.   

Ingurumen arloko neurri zuzentzaile berritzaile hau aparkaleku-gunea izateko den 1.400 metro koadroko sail bati aplikatuko zaio.

CO2 atzemateko gaitasun handia duten galtzada harriak erabiliz, ezarritako metro koadro bakoitzak 5.000 metro kubiko aire garbituko ditu bizitza erabilgarri osoan.


Sprilur, Bizkaiko Foru Aldundia eta Abanto-Zierbenako Udala partaide dituen Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietate publikoak Hirigintza eta Eraikuntza Proiektuen Garapen Iraunkorrerako Gidek jasotzen dituzten ingurumen-neurri zuzentzaile berritzaileenetako bat aplikatuko du.

Aireko CO2a atzemateko gaitasun handiko galtzada-harrizko zoladura bat jarriko dute Abanto-Zierbenako El Campillo poligonoan, A-2 Eraikineko pabilioien birgaikuntza lanetan. Zoladura foto-katalizatzaile hori 1.400 m²ko eremu batean ezarriko dute, gero aparkaleku bihurtuko dena.

Galtzada-harri horren osagai nagusia kaltzio hidroxido optimizatua da. Elementu horrek CO2 kopuru handiak atzeman ditzake eta kaltzio karbonato bihurtu. Neurri zuzentzaile horri esker zoladura foto-katalizatzailea duen metro koadro bakoitzak 5.000 m3 aire optimizatu ditzake bere bizitza erabilgarrian zehar.

Gainera, galtzada-harriak erabat material birziklatuekin fabrikatzen direnez, segurtatua dago hirigintza eta eraikuntza proiektu eta lan guztietan aplikatzen den ingurumen konpromisoa handiagoa dela.

Ingurumen neurri zuzentzaile honek bete egiten ditu Hirigintza eta Eraikuntza Proiektuen Garapen Iraunkorretako Gidetan zehaztutako gomendioak, 2007az geroztik Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Azpiegitura Arloak aplikatzen dituenak alegia.

Ingurumen kudeaketarako estrategia berri gisa, Sprilur EMAS III Ingurumen Ziurtagiria lortzeko lanetan ari da, lehendik eskuratua duen Ekoscan zabalduz lan aktiboagoa egiteko ingurumenaren kudeaketa, aplikazio eta hobekuntza politika aurreratuak aztertzen eta identifikatzen.

El Campillo mea industrialdeko eraikinen birgaitze-lanak 6.300 m²ko azalerako pabilioi eremu batean egiten ari dira. Guztira 9 nabe dira, 5 (3.600 m²) Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietatearenak eta gainerakoak (beste 2.700 m²) Kaiku eta Arcosan enpresarenak.  Birgaitze lanek 12 hilabete iraungo dute eta amaituta egongo dira maiatzean.  Proiektu honetarako 1,2 milioi euroko inbertsioa egin da.

Ezkerraldeko industria sustatzeko historikoki egin duen lan-lerroari jarraituz, Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A.k, El Campillo pabilioi industrialez gain, beste bi enpresa-gune kudeatzen ditu Ortuellan (Granada eta Abra Industrial). Guztira, 134.649 m² gordin horietatik 15.297 m²  lurzoru urbanizatuko lursailak egiteko izango da, 51.089 m² pabilioi modularrak egiteko eta 3.030 m² bulegoetarako. Une honetan 1.075 langile enplegatzen dituzten 74 enpresa daude kokatuta eremu horretan.

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 20an.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke