7 euskal enpresak, Energia Klusterrak eta IK4-Tekniker zentroak Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoa garatuko dute Eibarren

2014ko Apirila 08,


Ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren Industri Planari eta Espezializazio Adimenduneko Estrategiari erantzuten dio.

Prentsa Aurrekoa sartu


Eibarren martxan jarriko den azpiegitura hau Fabrikazio Aurreratuko Lehen Zentro Eolikoa da eta babes talde sendoa du atzean, alegia, Antec, Gamesa Electric, Gamesa Transmission Systems, Hine, Glual, Lau Lagun eta Wec euskal enpresak; gainera, Energia klusterraren bultzada du eta baita ere IK4Tekniker zentroaren laguntza logistikoa eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta SPRIren sostengua eta finantzaketa. Zentro berri horren helburua izango da sektore eolikorako azpi-sistemak eta produktuak fabrikatzen dituzten Euskadiko hornitzaileen nazioarteko posizionamendu teknologikoa eta lehiakortasuna hobetzea.

 

Hala, Eusko Jaurlaritza hasi da Fabrikazio Aurreratuko Estrategia inplementatzen, sinetsirik baitago funtsezko zutabeetako bat dela euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko. Ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren Industri Planari eta Espezializazio Adimenduneko Estrategiari erantzuten dio, eta balio erantsi handiko azpiegitura espezifikoak emango dizkio Euskadiri. Zentro horretan fabrikazioko teknika aurreratuak aztertu eta probatuko dira, eta eskalatu industriala baliozkotu eta landuko da, hori bai, beti ere kontuan harturik Euskadirentzat ezarritako espezializazio lehentasunak: manufaktura aurreratua eta energia.

 

Eusko Jaurlaritzak egingo du osorik Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoa martxan jartzeko hasierako inbertsioa, hau da, 4,5 milioi euro. Zentroa Eibarren kokatuko da, IK4-TEKNIKER zentroan, zeina kudeaketa operatiboaz arduratuko baita. Energia klusterrak bere gain hartuko ditu kudeatzailetza eta sektoreko ordezkaritza lanak, eta bera izango da ekimenaren koordinatzailea.  Kostuak erabiltzaileei emandako zerbitzuen bidez finantzatuko dira, eta baita ere bazkideen urteroko kuotekin eta administrazio desberdinek I+G sustatzeko ematen dituzten programekin.  Zentro hau ikerketa eta berrikuntza proiektuak finantzatzeko Horizon 2020 programa europarrak sustatutako ekimenetako bat da.

 

Irabazi asmorik gabeko Fundazio bat izango da eta bazkidetzat izango ditu lehen sustatzaileen artean aipatu ditugun erakundeak, Energia Klusterra eta IK4 barne. Azken bi horiek erabateko lehentasuna izango dute zentroko azpiegiturak erabiltzeko, nahiz eta zabalik egongo den produktu teknologikoki aurreratu bat probatu nahi duen edozein enpresarentzat.

 

Hauek dira Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoaren helburu operatiboak:

– Energia eolikoaren CoE (Cost of Energy) murriztea euskal hornitzaileek garatutako aero-sorgailuen osagai eta azpi-produktu kritikoak hobetuz.

– Euskal enpresei puntako ekipamendua erabiltzeko aukera ematea; gehienek ez dute halakorik erabiltzeko aukerarik eta horrek lehiakortasun abantaila bat emango die beren lehiakide globalekiko.

– Sektore eolikoko euskal hornitzaileei aukera ematea beren garapen berriak probatzeko errealitatetik hurbilen dauden baldintzetan, eta hala, produktuen kalitatea frogatzea OEMen aurrean (ekipamendu fabrikatzaile orijinalak).

– Makina mota guztientzat diseinatuta egotea eta posizionamendu estrategikoa lortzea makina handi berrien hornitzaile bezala.  6-8 MW, ON-SHORE eta OFF-SHORE.

– Gai izatea sektore eolikorako azpi-sistema konplexu eta osoen garapen berriak baliozkotzeko.

– Euskadi erreferentziazko herrialde bihurtzea sektore eolikoan, euskal hornitzaileen potentzialari eta garatzeko gaitasunari esker.

 

Sektore eolikoa

Energiaren sektorea lehentasunezkoa da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Espezializazio Adimenduna lortzeko finkatu dituen estrategien barruan. Eta hala izatea erabaki da, energiaren sektoreko enpresa klusterrak kate-begi guztiak barne hartzen dituelako: sorkuntza, garraioa eta banaketa eta industria osagarria. Eta baita ere nazioartean lider diren enpresa handiak dauzkagulako eta Euskadik behar adinako gaitasun teknologikoa duelako materialetan, nanoteknologian, fabrikazio teknologian eta IKTetan etorkizuneko erronka sozial eta ekonomiko nagusiei aurre egin ahal izateko.

 

Beraz, apustu sektorial “oso” bat da, areago indartu nahi duena industri sektore bat, zeinak maila globalean lehiakorrak diren balio-kateko begiak konbinatzen baititu eta erantzuna eman behar baitie maila lokalean bezala nazioartean ere aukera handiak ematen dituzten esparru estrategikoei.

 

Energia eolikoa iturri berriztagarri helduenetako bat da, bai ikuspegi teknologikotik eta bai merkatuaren ikuspegitik, baina oraindik ahalegin teknologiko handia egin behar da sorkuntza kostuak iturri konbentzionalagoekin parekatzeko; eta horrek esan nahi du, besteak beste, potentzia handiagoko aero-sorgailu eraginkorragoak eta errentagarriagoak garatu behar direla.

 

Era berean, offshore energia eolikoak hazkunde perspektiba handiak ditu, energia sortzeko potentzial handia duelako (bai eraginkortasunagatik eta baita ere baliabidearen eskuragarritasunagatik) eta, beraz, I+G-ko baliabideak esleitu behar zaizkio gaur egungo ekipo eta sistemak segmentu berriaren ezaugarrien arabera egokitzeko. Egokitzapen prozesu horretan bereziki garrantzitsuak  dira zimendatze sistemak, ainguratzeko, eusteko eta flotatzeko sistemak eta potentzia handiagoko aero-sorgailuak, energia elektrikoa ateratzeko ad-hoc sistemak edota instalakuntza, operazio eta mantenimendu zerbitzuak.

 

FAZ Eibarren kokatuko da

Eibar, eta zehazkiago IK4-Tekniker teknologi zentroko espazio bat, aukeratu da Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoaren egoitza fisiko izan dadin. Erabaki hori hainbat arrazoigatik hartu da: batetik, eraikinak jaso eta atontzeko inbertsioak minimizatuko dira, badagoelako azpiegitura bat, espazio eta ekipamendu eta guzti; bestetik, teknikariak hurbil izango dira FAZeko ekipamenduaren operazio eta mantenimendu lanetarako, edo enpresa erabiltzaileei zerbitzu kualifikatu gehigarriak emateko; hirugarrenik, badaude baita ere laborategiak eta bestelako ekipamendu osagarriak FAZen garatuko diren entsegu eta probetarako; eta azkenik, hurbil dago geografikoki enpresa sustatzaileengandik, hots, FAZeko ekipamendua gehien erabiliko dutenengandik.

 

IK4-TEKNIKER teknologi zentroak 32 urteko esperientzia du mekatronikan eta manufakturan espezializatutako teknologia aplikatuko zentro baten kudeaketan. Zentroko kudeaketa administratibo eta ekonomikoaren idazkaritza-lanak egingo ditu eta eguneroko operatiboaren koordinatzailea izango da. Gainera, laguntza teknikoa eman beharko die enpresetako ingeniariei eta baliozkotze prozesuetako expertise lanez arduratuko da: doikuntza lanak, datuak atzematea eta tratatzea, sistemen kontrola eta automatizazioa, e.a.

 

Tamaina handiko piezak lehendik dauden azpiegiturentzat

Fabrikazio Aurreratuko Zentro Eolikoan azpi-sistema handiak muntatu eta probatzeko bereziki diseinatu eta prestatutako tailer bat egongo da. Esan bezala, azpi-sistema handiak eta astunak izango dira: 90 metro luze, 14 metro zabal eta 12,2 metro garai garabiaren kakoraino, eta horiek mugitzeko 40 eta 10 Tm-ko bi garabi egongo dira zentroan. Baita ere egongo dira ultra-zehaztapen tailer bat, bolumen handiko neurketetan espezializatutako metrologia dimentsionaleko laborategi bat eta diagnostiko laborategiak.

 

4,5 milioi euroko zuzeneko inbertsioa ekipamendu aurreratuetan

Hasierako inbertsioa FAZ martxan jartzeko behar diren makina aurreratuenak erosteko baino ez da izango, eta ez azpiegitura edo eraikin berrietan inbertitzeko.

Erosiko diren ekipamenduek hainbat erabilpen dituzte, besteak beste, konfigurazio berriak baliozkotzea, entsegu banku bat egitea, produktua muturreko baldintzetan nola portatzen den baloratzea (tenperatura, hezetasuna, gazitasuna) edota produktuak azken merkatuei egokitzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke