5S metodologiak lan-ingurune digitaletan aplikatuta

2017ko Otsaila 16,

Imagen del programa KnowInn de Euskalit
Ikastaroa Euskalit erakundearen KnowInn programaren barruan egingo da.

Euskalitek ikastaro bat antolatu du horrelako metodologiak ezartzeko enpresan.

 

5S metodologia Japoniatik dator eta bere helburua da lana antolatzeko modu jakin batzuk eskaintzea produktibitatea handitu eta lan-ingurunea hobetzeko. Teknikak bere oinarriko bost printzipioei zor die izena: behar ez dena Bereizi (Seiri), behar dena Kokatu (Seiton), zikinkeria Kendu (Seiso), anomaliak Seinalatu (Seiketsu) eta hobetzen Jarraitu (Shitsuke).

 

Euskalitek 5S-ak ezartzea lan-ingurune digital batean izeneko ikastaroa antolatu du, metodologia hori lan-espazio batean aplikatzen ikasteko. Ikastaro hori beren antolakundeetan ezarpen proiektu bat egin nahi duten enpresei zuzentzen zaie, eta laguntza eta aholkularitza emango zaie prozesu osoan zehar. Ikastaroaren helburua da parte hartzen duten enpresek etengabe hobetu ditzatela antolakundearen baldintzak, eraginkortasuna handitu dezatela dokumentazio digitalaren kudeaketako xahubideak ezabatuz eta hobetu ditzatela dokumentazio digitalaren fidagarritasun, segurtasun eta usagarritasun baldintzak.

 

Ikastaroari probetxua ateratzeko, komeni da aldez aurretik ezagutzea ingurune fisikoetan aplikatutako 5S metodologia, eta prozesuan inplikatu beharko dira bai enpresako zuzendaritza, eta baita ere IKT saila. Ikastaroan 5 orduko 3 saio presentzial egingo dira, eta lekuan bertan laguntza emateko beste hiru saio ere bai. Dena den, kalkulatu da pertsona bakoitzak 30 eta 50 ordu bitartean beharko dituela ezarpen proiektua arrakastaz gauzatzeko.

 

Hurrengo edizioak egun hauetan izango dira: otsailaren 21tik maiatzaren 2ra eta urriaren 5etik azaroaren 30era Zamudion; eta apirilaren 25etik ekainaren 20ra Donostian. Julen Iturbe-Ormaetxe (Consultoría Artesana en Red), Venan Llona (Asle), eta Iñaki Buitrónek (Arcinnova) emango dute ikastaroa. Prestakuntza hori Euskalit fundazioak koordinatuko du. Euskalit Eusko Jaurlaritzak Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez bultzatutako fundazio bat da, eta bertara biltzen dira euskal enpresetan lehiakortasuna hobetzeko kudeaketa aurreratuko prozesuetan inplikatuta dauden antolakundeak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke