54 milioiko laguntzak I+G+b-rako: Emaitek, Etortek eta IKZ (Ikerketa Kooperatiboko Zentroak) programak

2014ko Uztaila 09,


Eusko Jaurlaritzak 54.250.028 euro esleituko ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen jarduerarako eta ikerketa estrategikorako, zehazki, SPRIk kudeatzen dituen Emaitek, Etortek eta IKZ programetarako. Uztaila amaitu orduko irekirik egongo dira, nahi duenak programa horietarako eskaerak aurkeztu ditzan www.spri.eus webgunean.

 

EMAITEK programari 28 milioi euro zuzendu dizkio, ETORTEK programari 18 milioi euro, eta ikerketa kooperatiboaren zentroei 8.250.000 euro. Kasu guztietan, agindua EHAAn argitaratzen den egunean zabalduko da eskaerak egiteko epea, eta 2014ko irailaren 12an bukatuko.

 

Hiru programen xedea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko I+G+B jarduerari laguntza ematea da; nagusiki, jasotako ezagutzak eta emaitzak Euskadiko industria-sareari transferitzeko, industria-jardueraren lehiakortasuna hobetze aldera.

 

EMAITEK programari 28 milioi euro esleitu dizkio. Programa horrek teknologia-zentroei eta horien korporazio zein aliantza teknologikoei ematen die laguntza. Finantzatzeko orduan, horien jarduera globalaren emaitzen ebaluazioa eta analisia hartzen ditu aintzat. Programa horretara IK4 aliantzetako eta Tecnaliako teknologia-zentroak aurkezten dira.

Zentroen eta aliantzen artean banatuko diren baliabideak kontrolatzeko erabiliko diren adierazleak emaitza zientifiko-teknologikoen inpaktuaren eraginkortasunaren araberako irizpideetan oinarritzen dira.

 

Horretarako, honelako alderdiak hartuko dituzte kontuan: balio gehigarriaren analisia, industriaren eskariarekin duten jardueraren eta clusterren lerrokatzea, produktibitate-maila (patenteen eta lizentzien emaitzak), inbertsio-maila (oinarri teknologikoa duten enpresen sorkuntza, horien jarduera eta lanpostuen sorrera), gaitasun zientifiko-teknologikoak, etab.

 

ETORTEK programari 18 milioi euro esleitu zaizkio, ekonomia sustatzeko ikerkuntza estrategikoa bultzatzearren, bai eta zientzia, teknologia eta berrikuntza indartzeko ere.

Ikerkuntza estrategikotzat jotzen da ikuspegi zientifiko-teknologikoa eta soziala duten proiektuen barruan egindako ikerketa, Ekintza Estrategikorako Eremuetan sortu berri diren gaiei buruz, eta, betiere,

 

Eusko Jaurlaritzaren zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politiken barruan edo Europar Batasunaren zientzia- eta teknologia-politiketan.

Elkarlanean garatu behar dira proiektuak, tartean EAEko bi Korporazio edo Aliantza zientifiko-teknologikora edo gehiagora elkartutako Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileak direla, euskal unibertsitateekin elkarlanean. Proiektuek Euskadi Europako Ikerketa Esparruan sartzen lagundu behar dute.

 

Azkenik, ikerketa kooperatiboaren zentroen kategorian, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei 8.250.000 euro zuzendu zaizkie.

Sare horretako kide diren zentroek helburu hauek dituzte: ezagutza berriak sortzea, teknologia transferitzea, goi-mailako trebakuntza ematea eta ikerketaren emaitzak merkatuetan ustiatzea.

 

Euskadin, ikerketa kooperatiboan diharduten zazpi zentro daude: biomaGune (biomaterialak), bioGune (bioteknologia), marGune (errendimendu altuko mekanizatua), microGune (performantzia handiko mekanizazioa), nanoGune (nanozientziak), tourGune (turismoa) eta energiGune (energia).

 

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarea berrantolatzeko prozesua

Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritza Sarea berrantolatzen ari dela, eragileen laguntzaz, emaitzak hobetzeko, industriari ekarpen handiagoa egiteko eta jarduera horretara zuzendutako baliabide publikoak eraginkorragoak izateko.

 

Horri dagokionez, sarearen eragileei (Teknologia-zentroak, ikerketa kooperatiboaren zentroak eta I+G enpresa-unitateak) zera eskatuko zaie, etorkizunari begira: jarduera mix berri bat (teknologiaren garapen handiago batera eta enpresaren jarduerara gehiago hurbiltzera zuzenduta) eta finantzazio mix berri bat egiten joan daitezela, kasu jakinetan jarduerak berak finantziazio pribatu handiagoa jaso dezan.

 

Berrantolatzea gauzatzeko plana aurreikusitako erritmoan ari da aurrera egiten, eta aste honetan bertan bilerak izango ditugu egokitzapen hori analizatzeko IK4 aliantzako teknologia-zentroetako eta Tecnaliako arduradunekin, bai eta I+G+B enpresa-unitateetako arduradunekin ere.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke