ES | EU


2017ko Otsaila 14


Proiektu horrek gazteak eta enpresak konektatzen ditu ideia berritzaileak deskubritzeko.

 

Salbamendu-lanetarako itsasontzi bat diseinatzea, ziber-segurtasuna sustatzen duen bideojoko bat sortzea edo kirola kalera eramateko modu desberdinak asmatzea; horra hor, Demola Bilbao ekimeneko parte-hartzaileek izango dituzten erronka batzuk. Bilbao Ekintza erakundeak bultzatutako programa horren helburua da gazteen gaitasunak sustatzea, eta horretarako aurrez aurre jarriko dizkiete espezializazio adimendunarekin eta zerbitzu aurreratuekin lotutako benetako proiektu batzuk.

 

Programa hori unibertsitate graduetako edo goi-mailako prestakuntza zikloetako azken ikasturtean dauden neska-mutilei zuzentzen zaie. Parte-hartzaileek 3 hilabete eta erdi izango dituzte diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko, eta erantzun berriak bilatzeko antolakunde edo enpresa bakoitzak proposatzen dituen erronkentzat, hau da, produktu edo zerbitzu prototipoak sortu beharko dituzte tutoreen eta adituen laguntzarekin.

 

10 erronka dira, eta ikasle talde bakoitza horietako batean zentratuko da. Esaterako, Gurutze Gorriak proposatu die itsasontzi bat diseinatzeko, erreskatearen fase desberdinetan erabiltzeko prestatuta egongo dena; Idom enpresak proposatu du hiri inklusiboagoak lortzeko teknologiak diseinatzea; eta bizikletak alokatzen dituen Tourné enpresak modu berriak bilatu nahi ditu bere zerbitzuetan teknologia aplikatzeko.

 

Bilbao Ekintzak sustatu du ekimena, eta bera jarri da harremanetan enpresa eta antolakundeekin. Demola Basque Country ekimenak EAEko goi-mailako ikasketa zentroetako ikasleak aukeratu ditu, eta Demola Basque Country-ko bideratzaile-taldeak behar duten prestakuntza emango die, berrikuntza irekiko metodologia bat aplikatuz.

 

Demola nazioarteko ekimen bat da, zeinak aukera ematen baitu proiektuak sortzeko ikasle eta konpainien arteko lankidetzaren bidez, eta helburu bikoitzarekin. Gazteei aukera ematen die beren enplegagarritasuna hobetzeko eta enpresa mundura hurbiltzeko; konpainiek, berriz, talentu berriak aurki ditzakete beren antolakundetik kanpo. Demola nazioarteko sarea Finlandian sortu zen, eta 18 gune lokal ditu, Demola Basque Country delarik horietako bat.