100 enpresak 500 bilera egin dituzte bi egunetan lankidetzan aritzeko Informazio Teknologien (IKT) arloko negozioetan

2013ko Azaroa 25,


SPRIk antolaturiko Enpresa Digitala Invest ekimenaren VIII. edizioak IKTen arloko eta beste sektore batzuetako hornitzaileen arteko lankidetza errazten du

Ekitaldiaren aurreko hilabeteetan enpresa bakoitzak bere eskaintza (proiektu/ideia) eta lankidetza premiak azaltzen ditu.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI-Enpresa Garapeneko Agentziaren bitartez, 500 elkarrizketa sustatu ditu informazio teknologien arloko enpresa hornitzaileen eta horiekin batera proiektuak garatu nahi dituzten beste sektore batzuetako konpainien artean. Elkarrizketa horiek Enpresa Digitala Invest kongresuaren VIII. edizioan egin dira.

Enpresa Digitala Invest bi fasetan egiten da: lehen fasean, premien eta premia horiek dituzten enpresen datu base bat sortzen da eta, bigarrenean, elkarrizketak egiten dira kongresuak dirauen bi egunetan zehar.

Lehen fasea da neketsuena eta kongresua baino hilabete batzuk lehenago hasten da. Parte hartu nahi duten enpresek hainbat datu sartzen dituzte bai beren proiektu/ideiari buruz, bai beren lankidetza premiei buruz.  Esaterako, bideo-jokoak egiten dituen enpresa batek hezkuntza arlorako joko proiektu bat badu, alderdi pedagogikoa landuko duten bazkideak bilatuko ditu, edo alderantziz.

Hurrena, eskaintza eta eskaera egokitzen da, 2-10 parte-hartzaileko bilera agenda bat adosten da eta bilera horiek egiten dira topaketak dirauen egunetan. Konpainia bakoitzaren bilerak halako gisaz programatzen dira, non bilera erdiak konpainia horien premiei erantzuteko egiten baitira eta beste erdiak aldiz gainerako enpresen eskaerei erantzuteko.

Kongresuak aukera ematen die parte-hartzaileei beren enpresa, proiektua (eskaintzen dutena, alegia) eta beren lankidetza premiak (sektoreak, funtzioak,…) “in situ” aurkezteko, eta horri esker posible da hurrengo elkarrizketakidea hobeto hautatzea edo elkarrizketakide berriak finkatzea.

Enpresa Digitala Invest kongresuaren VIII. edizioa bukatutakoan SPRIk balantze positiboa egin du, inkestatutako enpresen %100ak adierazi baitu “berriro parte hartuko luketela EDI-n”. Topaketa honetan ehun bat ETEk 500 bat bilera egin dituzte proiektu zehatzei buruzko lankidetza harremanak gauzatzeko. Konpainia horien %40a etorria da kongresu honen aurreko edizioetara eta gainerakoak lehen aldiz azaldu dira. Beren jarduera-sektoreari dagokionez, garrantzitsuenak IKT zerbitzuen arlokoak dira (%40 inguru), eta gainerakoak beste arlo batzuetakoak, esaterako turismoa, automobilgintza, elektronika, medikuntza, energia, hardwarea, biozientziak, eta abar.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke