Eusko Jaurlaritzak eta Ekonomia Ministerioak elkarlanean jardungo dute enpresa industrialen eraldaketa digitala bultzatzeko

2017ko Uztaila 07,

convenio spri-gobierno central ayudas digitales
Arantxa Tapia sailburua eta Industria eta ETEen idazkari nagusi Begoña Cristeto, eta bere alboan SPRI Taldeko zuzendaria Alex Arriola (ezkerraldean) eta Industriako sailburuordea Javier Zarraonandia.

Milioi erdi eurotik gorako laguntza-programa bat garatuko dute, programa horren bidez aholkularitza espezializatu eta pertsonalizatua emateko 50 konpainiari.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak elkarrekin bultzatuko dute Euskadiko enpresa industrialen eraldaketa digitala, milioi erditik gorako laguntza-programa baten bidez. Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak eta Industria eta ETEen idazkari nagusi Begoña Cristetok hitzarmen bat sinatu dute ostiral honetan Bilbon, hitzarmen horren bidez 50 euskal enpresari laguntzeko.

 

Hitzarmen hori bi programaren bidez gauzatuko da: Hada eta Activa Industria 4.0. Lehena auto-diagnostikorako tresna digital aurreratu bat da, aukera emango duena enpresa bakoitzaren heldutasun digitala ebaluatzeko. Orobat baliagarri izango da administrazio publikoek 4.0 industria sustatzeko egingo dituzten ekintzak orientatzeko.

 

Activa Industria 4.0 programaren bidez, enpresa bakoitzak aholkularitza espezializatu eta pertsonalizatua jasoko du 4.0 Industriako proiektuen ezarpenean esperientzia duten aholkularitza akreditatuen eskutik. Programa horrek aukera emango die enpresei egoeraren diagnostiko bat eta eraldaketa plan bat edukitzeko. Plan horrek, bestalde, erakusketa tailerren bitartez identifikatuko ditu eraldaketa prozesurako beharrezko diren bideratzaile digitalak eta orobat finkatuko du berau ezartzeko ibilbide orria.

 

Aholkularitzaren kostua 10.400 eurokoa izango da enpresako, eta programak 520.000 euroko aurrekontua izango du guztira. Zenbateko hori hainbat erakunderen artean ordainduko da: Gobernu Zentralak 173.500 euro jarriko ditu, Eusko Jaurlaritzak -SPRI, enpresen garapenerako agentziaren bitartez- 173.250 euro eta enpresa onuradunek gainerako 173.250ak.

 

Programa aurten bertan hasiko da garatzen, eta izena eman dezakete egoitza soziala edo lan-zentro bat Euskadin duten enpresa industrialek. Estatuko EOI fundazioak koordinatu eta kudeatuko du ekimena; Eusko Jaurlaritzaren zereginetako bat izango da enpresa onuradunen aukeraketan parte hartzea SPRI Taldearen bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke