ETEak eraldaketa digitalaren aurrean

2017ko Uztaila 11,


Azken urteotan eraldaketa digitala eta 4.0 Industria solasgai konbergente bihurtu da. Enpresen digitalizazioa dela medio, bakarrik Europan BPGa %30 hazi da 2001 eta 2011 urteen artean; aurreikuspenen arabera, 2025erako digitalizazioak 2,5 bilioi euroko ekarpena egingo dio ekonomiari eta %20 handituko du industriaren produktibitatea. Beraz, 4.0 Industria eta digitalizazioa elkarri hertsiki lotutako bi termino dira. Fabrikazio Aurreratura iristeko, ezinbestekoa da eraldaketa digitaletik igarotzea eta, digitalizazioari esker, konpainia asko hasiak dira 4.0 Industriarekin lotutako teknologia bideratzaileak aplikatzen. Besteak beste, horixe ondorioztatu zen Tecnaliak joan den maiatzean Gasteizen antolatu zuen V. Perspectives 2017 Foroan (“Industria eta Teknologia: aukerak erronka digitalaren aurrean”).
 

Euskal teknologi zentroa Estatuko zein Europako erreferente bihurtu da, Industria Adimendunaren arloko ezagutza eskaintzeko orduan. Tecnalia zentro bakarretako bat da bere baitan integratzen dituena prozesu industrialei buruzko ezagutza duten ikerlariak, software tresnen, elektronikaren edo sistema integratuen arloko profesionalak eta datuen analitikako zein adimen artifizialeko adituak. Profil horien baturari esker, posible du enpresa bakoitzaren neurrira eginiko konponbide integralak eskaintzea. “Tecnalian teknologia-katalogo zabala eskaintzen diegu enpresei, teknologia horien bidez produkzio-prozesuak hobetzeko eta erantzun eraginkorra emateko aurkezten dizkiguten arazoei. Hala, aukera dago hobekuntzak lortzeko produktuen kalitatean, energia kontsumoa murrizteko, segurtasuna hobetzeko, kustomizatzeko edota automatizazio maila handitzeko. Erronka horiek hor egon dira beti, baina 4.0 Industriari esker, enpresetan aplikatu daitezkeen teknologien ekosistema berri bat lortu dugu” azaldu du Mikel Sánchezek, Tecnalia zentroko 4.0 Industriako arduradunak.
 

Teknologi zentroak begiak jarri ditu ETEetan, enpresa txiki eta ertainei kostatzen zaielako gehien eraldaketa digitalaren garrantzia ulertzea, eta aldi berean, eurak direlako zalantza gehien dauzkatenak kostuei eta izan ditzaketen benetako premiei buruz. “Kezkagarria iruditzen zaigu ETEen egoera. Ez dute ongi ulertzen zein garrantzitsua den digitalizazioa. Euretako batzuekin hitz egin ondoren, ikusi dugu kostuak direla batzuen kezka-iturri nagusia. 4.0 Industriako teknologietan inbertitzeak ez du zertan garesti izan. Ez da derrigorra makina edo hardware berriak erostea. Nahikoa da lehendik daudenei sentsoreak jartzea, datuak digitalizatzea eta informazio horrekin lan egitea. Gainera, bada laguntzen ekosistema bat, baliagarri izan litekeena ETEek horrelako prozesuei ekin diezaieten. ETEek ez dakite zenbaterainoko ekarpena egin dezakeen 4.0 Industriak. Ez dute ezagutzen ez teknologi zentroen eskaintza, ez paradigma bera, eta ez dakite pilotatze-taldeak badaudenik ere. Ezjakintasun handia dago, eta horretan jarraitu behar dugu lanean”, azpimarratu du Mikel Sánchezek.
 

“Big data”

Baina ETE guztiak ez dira gelditu 4.0 Industriaren kontzeptutik kanpo. Tecnalia zentroak horietako batzuekin lan egin du azken hilabeteotan, eta beren negozio ereduak ugaritzeko konponbideak garatu dituzte “big data” eta adimen artifizialean oinarriturik. Hor ditugu, adibidez, Ibarmia eta Zayer, makina-erremintaren sektoreko bi euskal enpresa. Sánchezek hauxe gogoratu du: “Zayer eta Ibarmia enpresek bazekiten zein garrantzitsua den 4.0 Industriaren gurdira igotzea. Guk proposatu geniena izan zen fabrikatzen dituzten makinen datuak eskuratzeko sistemak garatzea, makinaren eta prozesuaren portaera neurtzen duten sentsoreak instalatuta. Sentsore horien bidez, informazioa atzeman eta lainora igotzen dugu. Hortik aurrera, datu horietara sar gaitezke predikzio-sistemak eskaintzen dituen plataforma adimendun batetik. Horri esker, fabrikatzaileak hobeto ezagutu dezake bere makina. Lehen, makina saltzen zenean, ez zegoen jakiterik nola erabiliko zuen bezeroak. Ezin zen jakin ongi funtzionatzen zuen edo osagai gaindimentsionatuak zituen. Orain, plataforma gai da etengabe aztertzeko gertatzen dena eta bezeroaren premien arabera egokitzeko. Sistema horiek makinaren mantenimendu prediktiboa egiten dute jakiteko noiz huts egin dezakeen piezaren batek edo zein unetan aldatu behar den osagai zehatz bat. Datuen analitikari esker, fabrikatzaileak ez dira mugatzen makinak saltzera, baizik eta orobat eskaintzen dituzte salmenta ondorengo zerbitzuak, horixe da, hain zuzen, serbitizazioa”.
 

Egia esan, Tecnalia zentroak 4.0 Industriaren arloan garatzen dituen proiektu askok zerikusi zuzena dute big datarekin. “4.0 Industriaren arloan garatzen ditugun proiektuen %70-%80 datuen analitikaren arlokoak dira, beti ere kontzeptua bere esanahi zabalenean ulertuta. Informazioa neurtzen dugu sentsoreak edo ikusmen artifiziala erabiliz, datuak atzematen ditugu, gero informazio hori norabait bidaltzen dugu cloud konponbideak erabiliz eta, azkenik, big data analytics teknologiak aplikatzen ditugu, zeintzuek adimen artifiziala baliatzen baitute datu horiei zukua ateratzeko eta emaitzak lortzeko” aitortu du Tecnalia zentroko 4.0 Industriako zuzendariak.
 

Bestalde, enpresek gero eta sarriago eskatzen dituzte ziber-segurtasunarekin edo fabrikazio gehigarriarekin lotutako konponbideak. “Fabrikazio gehigarriaren arloan gauza interesgarriak ari dira garatzen sortzen ari diren startupekin. Ondo heldu gabe dagoen teknologia bat da eta ibilbide luzea dauka egiteko, batik bat metalezko materialen arloan. Oraingoz, fabrikazio gehigarriak ez du eraginik enpresa baten produkzioaren muinean. Ez da piezarik egiten, baizik eta prototipoak edo tresnak. Hala ere, Tecnalia zentroan jabetu gara teknologia horren garrantziaz, eta 4.0 Industriatik bereizitako esparru estrategiko gisa lantzen dugu” adierazi du euskal teknologi zentroko arduradunak.
 

Eraldaketa digitalaren erronkak

Eraldaketa digitalaren aldeko apustuak erronka garrantzitsuak ekarriko ditu etorkizunean, eta Mikel Sánchezek dioenez, denak ez daude alderdi teknologikoekin lotuta: “Lehen erronka da enpresek ez dakitela ongi zertarako balio duen honek guztiak. Beldur dira inbertsioak ez ote duen izango itzulera argirik. Pentsatzen dute ez dagoela justifikatuta negozioaren ikuspuntutik. Proiektu berritzaileak dira, baina batzuetan ez dago argi inbertsioak itzulerarik izango ote duen. Zalantza horiek argitzeko, planteamendu estrategiko argi bat egin behar da. Norbere enpresako estrategiarekin lerrokatutako gogoeta batetik landu behar da 4.0 Industria. Kontua ez da prozesu horretan sartzea horri buruzko mezuak etengabe iristen zaizkizulako; hobe da astia hartzea pentsatzeko eta gogoeta egiteko. Enpresek diagnostikoa eta aholkularitza eskatu behar dute”.
 

“Bigarren erronkak pertsonekin du zerikusia. Langileek gaitasun berriak behar dituzte, eta prestakuntza arazo bat dago. Langileei ikusarazi behar zaie zein garrantzitsua den ongi ezagutzea premia berriak. Baina ezin da horrelakorik egin, enpresako kudeatzaileek ez badaukate fede osoa horretan. Kudeatzaileek apustu argia egin behar dute eraldaketa digitalaren alde, eta trantsizioa bultzatu behar dute maila gorenetik hasita, ez erdiko mailetatik bakarrik. Horrela, proiektuak modu ordenatuagoan garatuko dira, ibilbide luzeagoa izango dute eta konpainia osoa barne hartuko dute” ondorioztatu du Mikel Sánchezek.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke