Enpresei aplikatutako adimen artifiziala

2017ko Maiatza 25,

Microsoft David Carmona
David Carmona, APDk BECen eginiko Hirugarren CIOS Kongresu Nazionalean.

Ikaskuntza eta analisi autonomorako tresnek aukera eskaintzen diete konpainiei beren bezeroekiko harremana hobetzeko, salmentak aurreikusteko, langileei gaikuntza emateko eta produkzio prozesuak optimizatzeko.

 

 

Adimen artifiziala ezinbesteko teknologia gisa sartu da enpresa sektorean, ezinbestekoa bai edozein negozio handiago egiteko eta baita ere produkzio-prozesuak hobetzeko. Mundu osoko IKT arloko konpainia handiak buru belarri ari dira lanean, prozesuetan sortzen den informazioa kudeatuko duten konponbideak garatzeko. Beraz, adimen artifiziala hertsiki loturik dago milaka datu segundo gutxitan aztertzeko aukerarekin eta sor daitezkeen arazo edo galderei denbora errealeko erantzun egokiak eskaintzeko aukerarekin.

 

Berritzailetzat jotzen diren beste teknologia batzuekin gertatu bezala –dronak, sentsorika edo errealitate birtuala, adibidez-, adimen artifizialaren kontzeptua ez da berria. Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdi aldean sortu zen. Zenbaitzuk orduantxe hasi ziren pentsatzen egunen batean gizakiak robot bat eraikiko zuela, gai izango zena autonomoki ikasteko eta gu bezala arrazoitzeko. Baina badira beste dispositibo batzuk ere, hain konplexuak izan ez arren, AAren kontzeptuan oinarritzen direnak. Kalkulagailu sinple batek adimen artifiziala du oinarritzat, eta baita ere laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hain ezagun egin ziren ahots errekonozimenduko sistemek.

 

Adimen artifizialak izan duen hazkundearen arrazoia kalkulu eta analisirako algoritmoen hobekuntzan dago, etengabe ari baitira eboluzionatzen. Giza garunaren portaera imitatzen duten sare neuronalak gero eta konplexuagoak dira. Duela hogei urte sare horiek 20 geruza zituzten, gaur egun, berriz, 150etik gora dauzkate, eta komunikazio mekanismoak are konplexuagoak dira. Lainoa ere faktore garrantzitsua izan da. Gai delarik urrunetik milioika informazio-datu biltegiratzeko, adimen artifizialak denbora errealean eta eraginkortasunez kudeatu ditzake datu horiek. Hain zuzen, datuen eztanda da AAri bultzada eman dion hirugarren elementua. Gizateriak sortu dituen datu guztien %90 azken bi urteetan sortu ditu. Hortaz, argi dago tresnak behar direla informazio-bolumen hori guztia aztertzeko.

 

Erabilpen esperientziak

APDk joan den maiatzaren 23an egin zuen Hirugarren CIOS Kongresu Nazionala BECen, eta David Carmona izan zen gonbidatu berezia, Microsoft enpresak Redmond hirian –Estatu Batuetan- duen zentraleko Adimen Artifizialeko Negozio Garapeneko zuzendari nagusia. Bere hitzaldian hainbat adibide jarri zituen erakusteko nola aplikatu adimen artifiziala enpresetan eta orobat aipatu zituen etorkizuneko erronkak: “Adimen artifizialak abantailak eskain diezazkioke edozein konpainiari, eta abantaila horiek dira atzemandako datuetan oinarrituta arrazoitzeko gaitasuna, patroien identifikazioa eta ikasteko gaitasuna”. Gai da hitzak ikasteko, baina baita ere hitzen esanahia ezagutzeko. AA gai da naturalki elkarreragiteko, eta horrek abantaila handiak dakarzkie enpresei”.

 

Microsoft enpresa mundu osoko hainbat konpainiarekin ari da lanean, adimen artifizialeko teknologiak aplikatuz Azure eta antzeko zerbitzuen bitartez. Horrelako tresnak aplikatzen dira bezeroekiko harremanetan, langileen hobekuntzan edo operazioen optimizazioan. “Adimen artifizialari esker, posible dugu gure bezeroen portaera aztertzea eta haien feedback-a jasotzea”. Jakin dezakegu zer galdetu nahi duten eta galdera horien erantzunak eman diezazkiekegu, beren asebetetze-maila ezagutu dezakegu, e.a. Orain arte datu horiek ingurune desberdinetatik biltzen ziren, batez ere, posta elektronikotik, webetatik edo sare sozialetatik. Gaur egun, AAren bidez administratu dezakegu informazio hori guztia” azaldu du Microsoft enpresako arduradunak. “Era berean, gaikuntza eman diezaiekegu langileei, antolakuntzari buruzko datuetan oinarrituta. Jakin dezakegu zein proiektutan ari diren lanean eta nola dabiltzan langintza horretan”.

 

Bestalde, AAk protagonismo handia du produkzio-prozesuen optimizazioan eta emaitzak aurreikusteko orduan. David Carmonak hiru adibide jarri zituen hori azaltzeko: “Adimen artifizialak aukera ematen digu ezagutzak erauzteko esparru konplexuetatik. Auto autonomo batek adimen artifiziala behar du zirkulatu ahala jasotzen duen informazio guztia kudeatzeko –100 datu giga baino gehiago segundoko. Rolls-Royce enpresak horrelako teknologiak darabiltza hegazkinak hobetzeko, erregaia aurrezteko eta fabrikatzen dituen aparatuen mantenimendu prediktiboa egiteko”.”Starbucks enpresak Accuweather aplikazioko informazioa darabil eguraldiaren iragarpena aztertu eta establezimendu baten kafe kontsumoa aurreikusteko egingo duen eguraldiaren arabera”.

 

Beldurra adimen artifizialari

Adimen artifizialeko teknologiak gero eta gehiago aplikatzen dira, eta abantaila handiak dakarzkiete hainbat esparrutako enpresei. “Edozein enpresatako edozein prozesu edo departamenduk jaso ditzake adimen artifizialaren onurak. Bistan da oso onuragarria dela sektore jakin batzuetan, esaterako, hauetan: osasuna, “retail” sektorea, industria, gobernuak… Gauza bat argi dago: guk ez baditugu aprobetxatzen AAren abantailak, lehiak aprobetxatuko ditu. Beraz, adimen artifiziala abantaila da enpresentzat, baina mehatxu ere izan daiteke ez badute erabiltzen edo gaizki erabiltzen badute” azpimarratu du Carmonak.

 

Adimen artifizialak erronka handiak ditu aurrez aurre. Garrantzitsuena da aurreiritzi etiko eta sozio-laboralak daudela berau aplikatzeko. Bada adimen artifizialaren ezagutzen mugari buruzko beldur orokor bat, hainbat filmetan irudikatu izan dena, ez baitakigu adimen artifizialak gizakiaren ezagutza gainditu ote lezakeen eta zein ondorio izango lituzkeen horrek. Zientzia Fikzioaz harago, badaude bestelako beldurrak ere, uste baita teknologia adimendunek gizakiak ordezkatuko dituztela produkzio-prozesuetan eta, hortaz, lanpostuak desagertuko direla. Bestalde, bada kezkatzen gaituen beste faktore bat, ez baitakigu zer gertatuko den adimen artifizialeko sistemek kudeatzen dituzten datu guztiekin eta zein tresna beharko genituzkeen gure pribatutasuna zaintzeko. David Carmonaren arabera, “ez da beldurrik izan behar. Enpresa hornitzaileok konfiantza sortu behar dugu. Gaitasuna eman behar zaie pertsonei eta ahalegina egin behar dugu adimen artifiziala izan dadin gizartean hesirik sortuko ez duen lehen teknologia (lehenago gertatu izan den bezala), hau da, aprobetxatu egin behar dugu gaur egungo hesiak eraisteko”.

 

Adituek diote adimen artifiziala dispositibo mugikorretan aplikatuko dela etorkizunean. Gure smartphone-ak dagoeneko baditu adimen artifizialean oinarritutako gaitasunak -ahots errekonozimendua, idatzizko testuen analitika (hizkuntzak itzultzeko) edota irudien errekonozimendua-, eta horri esker aldatzen ari da AAri buruzko iritzia gizartean.

 

APDk antolatutako Hirugarren CIOS Kongresu Nazionalak hainbat erakunderen babes instituzionala jaso zuen: SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, eta Deloitte, Dominion, EKON, HP, Iberdrola, Mediacloud, Microsoft eta Penteo enpresak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke