Datuen kudeaketa, funtsezkoa 4.0 industrian

2017ko Maiatza 10,

basque industry jornada mayo
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batek erakutsi du datuen kudeaketa oso garrantzitsua izango dela, “une honetan energia den bezainbat enpresen funtzionamendurako”, adierazi du Tomás Iriondok, Gaia Klusterreko zuzendariak.

David Chicok, Fagor Arrasateko Berrikuntza eta Teknologiako zuzendariak, nabarmendu du 4.0 industriak bere negozio-eredua aldatu duela.

Ekitaldian 80 enpresak teknologia berri horien aplikazioari buruzko alde biko bilerak egin dituzte.

 

Datuen kudeaketa giltzarria izango da 4.0 industrian. “Oso garrantzitsua izango da, une honetan energia den bezainbat enpresen funtzionamendurako”, esan du Tomás Iriondok,  Gaia telekomunikazioen klusterreko zuzendari nagusiak,  SPRI Taldeak   (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresa garapenerako euskal agentziak) asteazken honetan Bilbon antolatu duen jardunaldi batean, non hizpide hartu baita EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) integrazioa produkzio prozesuetan. Ekitaldia enpresen networking-saio bat izan da, non alde biko bilerak egin diren bertaratutako 80 enpresaren artean eta zeinetan lau konpainiak (Arcelor Mittal, Fagor Arrasate, Addilan eta ZIV) beren esperientziak azaldu dituzten.

 

Aitor Cobanerak, SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, aurkeztu du jardunaldia, eta bereziki nabarmendu ditu 4.0 industria ezartzeko laguntza programak, hala nola Industria Digitala eta Basque Industry 4.0, azken hau ikerketa proiektuei zuzendua “eta helburutzat daukana 4.0 industriaren ezarpena azkartzea”.

 

Tomás Iriondok esan du euskal enpresek badituztela dagoeneko prozesu automatizatuak eta produktu adimendunak. “Gutxienik daukaguna, ordea, serbitizazioa da”. Rolls Royce etxearen adibidea jarri du, esanez bere negozioa abiazioko motorrak saltzea zela, eta batez ere motor horien mantenimendua egitea. “Orain ez du motorrik saltzen, eta bere irabaziak motorren erabileratik datoz. Bere negozioa da motorrak matxura daitezen eragoztea; lehen, aldiz, motorren matxurak ziren bere irabazpidea”.

 

Iriondok esan du “4.0 industriaren benetako giltzarria” ez dela prozesuetan teknologia txertatzea edo zerbitzu berriak edukitzea, “baizik eta gai izatea informazioa zentzuz kudeatzeko: datuak biltzen badira, analizatu eta interpretatu egiten dira eta aukerak aprobetxatzen dira”.

 

Horregatik, esan du ez tematzeko bakarrik teknologia sartzearekin. “Datuen kudeaketa oso garrantzitsua izango da, une honetan energia den bezainbat enpresa baten funtzionamendurako”. Iriondok esan du enpresek badutela Eusko Jaurlaritzak diseinatutako ibilbide-orri bat 4.0 industria ezartzeko.

 

Negozio-eredua

Asier Vicente Rojok, Arcelor Mittaleko ikerketako ingeniariak, hizpide hartu du bere enpresak 4.0 industrian duen esperientzia. Kontuan izanik euren kostuen %20-25 altzairutegiko prozesuen kudeaketak sortzen dituela, arreta jarri dute txatarraren kalitatea kontrolatzean –“txatarra optimizatzeko eredu bat ezarri dugu”–, eta prozesuaren kontrol aurreratuan, “labearen erreketa sentsore bidez kudeatuz, injektoreetan jarrita”.

 

David Chicok, Fagor Arrasateko Berrikuntza eta Teknologiako zuzendariak, esan du bere konpainia produktuan zentratu dela, “datuen ekosistema bat dagoelako makinan”. 4.0 industriaren aplikazioak bere produktuen eskaintza hobetu du: “makinaren funtzionamendu birtuala erakusten dugu. Asko laguntzen digu bezeroaren erantzuna hobetzen eta askoz denbora gutxiago behar dugu eskaintza aurkezteko”.

 

Chicok nabarmendu du aldatu egin dela beren negozio-eredua. Lehen, bezeroek deitzen zietenean lantegira joaten ziren arazoak konpontzen (makinen akatsak konpontzen), baina orain eredu proaktibo bat aplikatzen dute, makinen hileroko mantenimenduaren erreporte bat eginez. “Jakina, horrek badu kostu bat, eta lehen ez geneukan negozio-ildo bat irekitzen du; bestalde,  hobeto ezagutzen ditugu makinak eta aurrea hartzen diegu bezeroen arazoei”.

 

Ona eta Maherholding Taldeak elkarrekin sustatutako proiektu baten emaitza den eta aurten abiarazi den Addilan enpresako Teknologiako arduradunak, Ivan Tabernerok, esan du pieza handien fabrikazio gehigarrian dihardutela. “Gure teknologiaren abantailak dira kostuak eta denbora aurrezten direla. Pieza oso handiak egin ditzakegu oso azkar: 20-25 minututan”.

 

José Miguel Arzuagak, ZIVeko produktu zuzendariak, hizpide hartu du 4.0 industriaren aplikazioa banaketa elektrikoan, zehazki kontagailu berri adimendunetan. “Fakturaziorako ez eze, kontagailu adimendun horiek orobat erabiltzen dira ordukako eguneroko kontsumoa ikusteko eta prozesuak hobetzeko, esaterako akatsak eta itzalaldiak detektatzeko”; hartara, kontsumitzaileak deitu orduko egiten dugu behar den konponketa.  “Sarea %100ean monitorizatu ahal izango da”.

 

Arzuagak azpimarratu du sare elektrikoek datu kopuru izugarri handiak ematen dituztela “eta konpainiak aztertzen ari dira datu horiek nola kudeatu. Datu horiek kudeatu beharko dituzte, eta lan arlo hori aholkularitzei dagokie; Big Datak gero eta protagonismo handiagoa izango du: etengabe ikasten arituko gara”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke