Basque Industry 4.0 estrategia munduko industria-azokarik garrantzitsuenean aurkeztuko da

2017ko Apirila 12,

arantxa tapia y jose esmoris. Hannover Messe
Arantxa Tapia eta José Esmorís.

Apirilak 24 eta 28 bitartean egingo den Hannover Messe azokan Basque Industry 4.0 standak euskal estrategiaren ardatz nagusiak eta proiekturik esanguratsuenak erakutsiko ditu. Arantxa Tapia sailburuaren esanetan “azoka hau, aukera ezin hobea da 4.0 industrian Euskadik dituen indarguneak ezagutzera eman eta beste herrialde batzuetako enpresa zein eragileekin partekatzeko”.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko 40tik gora eragile, enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitatek egin dute standeko edukien ekarpena. Euskadiko 4.0 proiektuei buruzko 16 hitzaldi eskainiko dira azokan, eta aukera baliatuz, inbertsioak erakartzeko ekitaldia ere antolatu dute Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta SPRI Taldeak, enpresa alemaniarrei zuzendutakoa.

 

4.0 Industriaren arloan erreferentzia diren erakunde alemaniarrekin bilera sorta izango du Eusko Jaurlaritzak eta Tapia sailburua Ilse Aigner, Bavierako Ekonomia eta Teknologia ministrarekin bilduko da apirilaren 26an.

 

Basque Industry 4.0 estrategiaren aurkezpena egingo da lehen aldiz munduko industria-azokarik garrantzitsuenean, Hannover Messen. Apirilaren 24tik 28ra bitartean egingo den azoka honetan, standa jarriko du Eusko Jaurlaritzak, Basque Industry 4.0 markapean, 4.0 arloan Euskadin egiten ari den lan eskerga ezagutzera emateko.

 

Izan ere, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak, Espezializazio Adimendunaren Estrategia lantzeko prozesuan, Fabrikazio Aurreratua identifikatu baitu ildo estrategikotzat, Basque Industry 4.0 izena eman eta honako apustu hauek eginez: ekoizpen-sistema eta baliabideetan adimena txertatzea, sortzen ari diren teknologia eta gaitasunak produktu eta prozesu berrietarako baliatzea, material aurreratuak balio erantsi handiagoko konponbideetan edo prozesu hobetuetan txertatzea, erabilitako baliabideen eraginkortasun eta iraunkortasuna eta balio erantsi handiko zerbitzuak integratzea.

 

Tapia sailburuak eta Jose Esmoris, 4.0 Gidaritza Taldeko ordezkariak, Hannover Messe azokan parte-hartzearen nondik norakoak azaldu dituzte gaur prentsaren aurrean egindako agerraldian; Basque Industry 4.0 estrategiaren Gidaritza Taldeko kide diren erakundeek jardun dute lanean azoka horretako partehartzea antolatzeko, hau da ACICAE, AFM, GAIA eta ENERGIA Klusterrak, TECNALIA eta IK4 plataforma teknológikoak, MONDRAGON UNIBERTSITATEA, EUSKO JAURLARITZA, SPRI, FORU ALDUNDIAK eta INNOBASQUE.

 

Gidaritza Taldeko kideez gain, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak ere egin dute edukien ekarpena, baita hainbat euskal enpresak ere. Guztira 40tik gora erakunde izan dira era batera edo bestera kolaboratu dutenak euskal industria-estrategiaren guneak eduki erakargarriak izan ditzan.

 

Arantxa Tapiak azpimarratu duenez “azoka hau, aukera ezin hobea da 4.0 industrian Euskadik dituen indarguneak ezagutzera eman eta beste herrialde batzuetako enpresa zein eragileekin partekatzeko”

 

Standa

Basque Industry 4.0 standa, Hannover Messeko 8.pabilioan kokatuta egongo da, A36 gunean hain zuzen ere: 108 metro koadro ditu, harrera tokiaz gain, bilerak eta aurkezpenak egiteko espazioa, eta areto birtualak osatzen dute standa.

 

Bertan, Fabrikazio Aurreratuaren euskal estrategia aurkezteaz gain, Euskadiko Unibertsitate, Lanbide Heziketa, Zentro Teknologiko, Kluster elkarte eta enpresek 4.0 arloan garatu dituzten eta garatzen ari diren proiekturik garrantzitsuenak eta esanguratsuenak emango dituzte ezagutzera, euskarri desberdinak erabiliz: pantailak, errealitate birtuala, errealitate handitua, hitzaldiak etabar…

 

Standaren irudiari dagokionean berriz, Euskadiko hiru lurralde historikoetako toki ezagunak eta 4.0 industriako proiektuen marrazkiak uztartu dira, tradizioaren eta teknologiarik aurreratuenaren arteko lotura garatuz.

 

EGITARAUA – Basque Industry 4.0

Hannover Messe azokaren egitarau orokorraren barruan, bi hitzaldi eskainiko ditu euskal ordezkaritzak:

.- Apirilak 24, 16:30, 8.pabilioia, D19: Industry 4.0 meets the Industrial Internet Forum zikloaren barruan, Euskal Berrikuntza Nodo Digitalaz hitz egingo dute, Jose Esmorisek, 4.0 Gidaritza Taldeko ordezkariak eta Spriren zuzendari nagusi Alexander Arriolak.

.- Apirilak 26, 09:30, 3.pabilioia: Young Tech Enterprises zikloaren barruan, BIND 4.0 azelerazio programa aurkeztuko dute Spri, Danobat eta Innovaek.

Asteartea, Apirilak 25

10:00 Big Data – IK4-Ikerlan & Tecnalia

10:30 Zibersegurtasuna – Mondragon Unibertsitatea & IK4-Ikerlan

11:00 CFAA: Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa –  UPV/EHU

15:00 MDI4.0: Industria 4.0 ebaluazio ereduak ETEentzat – Tecnalia

15:30 HARS & WINDBOX Energia eolikoko Fabrikazio Aurreratuko Zentroa – Energia Clusterra

 

Asteazkena, Apirilak 26

10:00 MANTIS  – Mondragon Unibertsitatea

10:30 Konputazio bisuala – Vicomtech-IK4

11:00 Digitalizazio kasuak – Innovae-AgLa4D

14:00 “Zero akats” fabrikazioa – Vicomtech-IK4

 

Osteguna, Apirilak 27

10:00 Material aurreratuak – UPV/EHU

10:30 Serious Games Industria 4.0an aplikatuta – Ludus & Binary Soul

11:00 Manufacturing Intelligence – SoCe & S

14:00 Petroloc – Tecnalia

 

Ostirala, Apirilak 28

10:00 Gamifikazioa –  Virtualware Group

 

 

 

 

Invest in the Basque Country Jardunaldia

Hannover Messe azokan izango duten parte hartzea baliatuz, Eusko Jaurlaritzak eta Sprik Alemaniako enpresei zuzendutako jardunaldia egingo dute bertan.

Egitaraua modu honetan egituratu da: Arantxa Tapia sailburuak Euskadik inbertsiorako dituen indarguneak aurkeztu ondoren, Euskadiko inbertsore alemaniarrik handienaren, hau da Mercedes-en esperientzia ezagutzeko aukera egongo da, Emilio Titos, Mercedes-Benz Españako zuzendariaren eskutik. Jarraian mahai inguruaren txanda izango da, non Ulrich Mehlmann (PMG Holding ­ Polmetasa), Valentín Guisasola (Shaeffler Group) eta Thays Zapaterok (Siemens) alemaniar inbertsoreek Euskadin izandako eskarmentuaz eztabaidatuko duten.

 

Euskal enpresak

Erreferentziazko azoka da Hannover Messe euskal enpresentzat; urtero urtero, hutsik egin gabe hartzen dute parte bertan, batzuk bakarka eta beste batzuk klusterretan elkartuta. Aurtengo edizioan Euskadiko 26 enpresek hartuko dute parte: Betico Compressors, Xubi Engranajes, Jaure, Goizper, Grindel, NBI Bearings Europe, Iraundi, Stern Hidráulica, Desarrollos de Proyectos Hidráulicos, Niasa Neff y Asociados, Merytronic 2012, Pronutec, Fanox Electronics, Uriarte Safybox, Electrotécnica Arteche, Bilboko Merkataritza Ganbara, Lesol, Gurelan, Fundigex, Fundiciones Aizpurua, Lazpiur, Laminados Losal, Forging Products Trading, Fastenex, Egondo.

 

Hannover Messe

Hannover Messe munduan egiten den industria-azokarik garrantzitsuena da, punta-puntako teknologiak, materialak eta ideientzako lehentasunezko merkatua. 60 urte bete dituen azoka honek, zortzi azoka garrantzitsu biltzen ditu toki bakar batean, posible eginez industria eta aplikazio esparru desberdinen arteko elkarreragina eta integrazioa. Prozesu industrialen automatizazioa, eraikinen produkzioa eta automatizazioa, energia teknologien gama zabala, software industriala eta zerbitzuetarako softwarea dira Hannover Messeren eskaintza. Aurten, 6.500 erakusketari izango ditu azoka honek.

 

Enpresarako 4.0 eskaintza duen plataforma

Gidaritza Taldeak oraintsu onartu du euskal enpresen zerbitzura jartzea lehentasunezkotzat identifikatutako baliabideak.

 

Zehatzago esateko, www.basqueindustry.eus plataforma sortu da, www.spri.eus gunean barneratuta dagoena; Basque Industry 4.0 estrategia ezagutzera ematearekin batera, estrategiaren lehen fase honetan erantzukizuna duten eragileak lantzen ari diren 4.0 produktu aktiboen lehen katalogoa eskainiko da bertan: Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileak eta klusterrak.

 

www.basqueindustry.eus espazio birtual bateratua da, izen bereko estrategiaren ahalmena eta benetako erabilpenaren argazkia eskainiko duena; teknologia hau eskaintzen dutenen bateragunea izango da, 4.0 eskaintza teknologikoaren erakusleihoa, eta euskal enpresak bere 4.0 proiektua sendotzeko behar dituen eremu egokia eta kualifikatutako pertsonak aurkitzen lagunduko dion tresna.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke