Txaber Ourok José Miguel Artazaren lekua beteko du Sprilur-en zuzendaritzan

2017ko Apirila 03,

Txaber Ouro.

2016ko maiatzaz geroztik, Txaber Ouro SPRILUR, S.A.ko zuzendariaren laguntzailea izan da. Hori baino lehen, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko zuzendari izan zen.

 

SPRILUR, S.A.ko (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresa-guneen eta industrialdeen kudeaketa eta sustapenerako sozietate publikoa) Administrazio Kontseiluak onartu du Sozietateko zuzendariaren aldaketa. José Miguel Artazak SPRI Taldean lan egin du 1988tik eta Sprilur, S.A.ko zuzendari izan da 2013tik. Aurrerantzean, Txaber Ourok hartuko du haren lekua, zeina Sprilur, S.A.ko zuzendaritzako laguntzaile izan baita 2016ko maiatzetik.

 

Txaber Ourok, iaz arte Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko zuzendari izan zenak, bere gain hartuko du Sprilur, S.A.ren zuzendaritza eta kudeaketaren ardura, eta baita ere Industrialdeak Programako 12 sozietateena (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek partaidetuak).

 

2016aren erdialdera arte Ourok Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean garatu zuen bere ibilbide profesionalaren zati handiena; hasieran, finantza zuzendari aritu zen, eta azken urteotan zuzendari postuan egon da, Sprilur-eko zuzendaritza eta kudeaketako kargu berria onartu arte. Azkenaldian, Espainiako Parke Elkarteko Idazkaritzan eta bertako Gobernantza Batzordeko Presidentetzan egon da. Esperientzia zabala du azpiegitura teknologikoen sektorearekin lotutako kudeaketa publikoan, eta ongi ezagutzen du Euskadiko enpresa-sarea eta -merkatua. Hala, profil paregabea dauka Sprilur-ek eta bere 12 sozietate partaidetuek -Industrialdeak Programa- kudeatzen dituzten enpresa-guneen eta industrialdeen kudeaketako premiei erantzuteko.

 

Azpiegitura publikoen kudeaketari dagokionez, Sprilur-ek eta Industrialdeak sozietateek etapa berri bat zabalduko dute, zeinetan eutsi egingo baitzaio lehendik hartutako konpromisoari, hots, enpresa-guneen eta proiektu berrien kudeaketa sostengarria gauzatzea, helburu honekin: euskal enpresa babestea eta espazio egokiz hornitzea, aukera izan dezan bere jarduera ekonomikoa garatzeko.

 

Enpresa-guneak berriro aktibatzen ari diren une honetan hartuko du Txaber Ourok Sprilur-en zuzendaritza. Halaxe erakusten du Sprilur Taldeak 2016an eskuratutako negozio-zifrak, zeina 13,86 milioi eurokoa izan baitzen, guztira 46 kontratu berri egin dituelarik enpresekin. Gainera, enpresa horiek 25.024 m²ko azalera kontratatu dute, eta hiru lurralde historikoetan kudeatutako industrialde batzuetan (berrogeita hamar inguru daude guztira) instalatu dira.

 

Bestalde, José Miguel Artazak egungo Sozietateko zuzendaritza-taldean jarraituko du, eta besteak beste, gobernantza eta industrialdeen kudeaketa-eredu berrien proiektu bat zuzenduko du. Artaza 1988an sartu zen SPRI Taldeko Lursail eta Eraikuntzen Sailean, Industrialdeak Programarako teknikari eta proiektuen aholkulari gisa. 1995etik aurrera, behin Sprilur, S.A. sozietatea eratu ondoren, zuzendari teknikoaren kargua hartu zuen, eta 3 urtez egon zen postu horretan. Ondoren, zuzendariorde nagusi izendatu zuten, eta Sozietatea zuzendu du 2013az geroztik.

 

30 urte inguru daramatza enpresa-guneen kudeaketa eta sustapen arloan, eta denbora horretan, aholkularitza- eta zuzendaritza-lanak egin ditu bertako industrialdeetan kokatzeko nazioarteko enpresa garrantzitsuak, hala nola, Daewoo, Mercedes Benz, Saunier Duval eta Ebaki XXI. Bere kudeaketaren barruan aipatzekoa da garapen sostengarria bultzatzeko hartu duen konpromisoa, eta horren eredu da Sprilur-ek Erandioko Axpe industrialdean lur kutsatuak deskontaminatzeko garatu zuen Estatuko lehen proiektua. Artazak oraintsu parte hartu du Winoa Ibérica España enpresa (Fabio Murga granaila fabrika zaharra) tokiz aldatzeko proiektuan, instalazio berriak eraiki eta atondu direlarik Balmasedan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke