Women Innovators Prize lehiaketak edizio berria abiarazi du

14 September, 2017

Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik egongo da azaroaren 15era arte.

 

Erabiltzaile itsuentzako lehen tableta digitala, hiriko datuak biltzen dituzten ibilgailu konektatuen sarea edo gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko analisi genetikoak egiteko sistema disruptibo bat; horra Women Innovators Prize lehiaketako irabazleek ekimenaren lau edizioetan garatutako berrikuntza batzuk. Europako Batzordeak antolatutako txapelketa horrek ikusgarritasuna eman nahi die emakumezko ekintzaile horiei, gizartearen, ekonomiaren eta teknologiaren aurrerapenari egiten dioten ekarpena sarituz.

 

Orain abian da lehiaketaren bosgarren edizioa eta datorren azaroaren 15era arte zabalik egongo da hautagaitzak aurkezteko epea. Lehiaketan parte har dezakete Europar Batasuneko emakumezko ekintzaileek, une honetan martxan dagoen konpainia bat bakarka edo taldean sortu dutenek . Hona hemen hautaketa irizpide garrantzitsuenak: produktuaren edo zerbitzuaren izaera disruptiboa, ekonomian eta gizartean duen inpaktua eta emakumezko ekintzaileak proiektuan duen lidergoa. Lehen saria 100.000 eurokoa da eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, 50.000 eta 30.000 eurokoak hurrenez hurren. Epaimahaiak 20.000 euroko sari berezi bat emango dio ekintzaile gazte berritzaileenari (30 urtetik beherako emakumeentzako kategoria).

 

Lehiaketa honen helburua da emakume ekintzailez osatutako belaunaldi berriak sustatzea, beren lana balioan jarriz eta genero estereotipoak hausten dituzten ereduak eskainiz. Europan gutxi dira enpresa berritzaileak sortzen dituzten emakumeak, eta Europako Batzordeak azpimarratu duenez, potentzial hori aprobetxatzea ezinbestekoa da gizartearen erronka handiei erantzuteko.

 

2017an, Michela Magasek, Stromatolite enpresaren sortzaileak, jaso zuen lehen Women Innovators Prize saria. Konpainia hori nabarmentzen da berak sortutako berrikuntza laborategietan elkarrekin lan egiten dutelako artista musikalek eta teknologia, zientzia, enpresa eta akademia munduko profesionalek. Nahasketa horri esker sortu diren berrikuntza plataformetan askotariko proiektuak garatu dira, esaterako, musika transkribatzen duten algoritmoak edota soinua denbora errealean detektatzeko sistemak. Azken edizioan Gema Climent izan zen 12 ekintzaile finalistetako bat, Nesplora enpresa gipuzkoarreko I+G-ko zuzendaria. Konpainia horrek nahaste neurologikoak diagnostikatzeko sistemak garatu ditu errealitate birtualeko teknologietan oinarriturik; Nesplorak sortutako produktuak zientifikoki baliozkotuta daude eta merkatua irauli dute.