Vitoria-Gasteizko Mercedes-Benz enpresak bere aukera eta erronkak azaldu dizkie Bind 4.0 programako industri arloko startup eta enpresei

11 April, 2017

Vitoria-Gasteizko Mercedes-Benz fabrika.

Enpresak Bind 4.0 programarekin duen lankidetzaren barruan kokatzen da ekimen hori

 

Vitoria-Gasteizko Mercedes-Benz enpresak bi proiektu kontratatu ditu Bind 4.0 programako beste hainbeste startup-ekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak bultzatu zuen programa hori, 4.0 industriako enpresa onenak erakartzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak eta SPRI Taldeak (Sail horren menpeko enpresen garapenerako agentziak) networking saio bat egin dute gaur, apirilaren 11n (asteartea) Bind 4.0 programaren markoan, hots, 4.0 Industriako startup onenak erakartzeko nazioarteko lehen ekimenaren barruan. Lan-jardunaldi horretan, parte-hartzaileek fabrikako azken muntaiako produkzio-ildoak bisitatu dituzte, eta hizketan jardun dira produkzio prozesuak digitalizatzeak dakartzan aukera eta erronken inguruan.

 

Bind 4.0 Eusko Jaurlaritzak sortutako ekimen publiko-pribatu bat da, Ekintzailetza Teknologikoko Euskal Planaren barnean kokatzen dena eta bere lehen edizioan murgilduta dagoena une honetan. Funtsean, azeleragailu honek aukera ematen die 4.0 industriako proposamen berritzaileak dituzten startup-ei, hots, enpresa sortu berriei, proiektu komun batean parte hartzeko eta bezero-hornitzaile bezala harremantzeko EAEn lan egiten duten hamar konpainia garrantzitsuenetako batzuekin. Programaren laguntzaile dira: Microsoft, ABB, CAF, CIE Automotive, DanobatGroup, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Vitoria, Michelin, Repsol-Petronor, Siemens Fagor Ederlan, Grupo Alcor, Grupo Ulma, Maier eta NEM Solutions.

 

Vitoria-Gasteizko Mercedes-Benz enpresarekin egin den networking saioan hainbat gai landu dira, esaterako, digitalizazioaren erronka eta zenbait esparruri (hiriko mugikortasun berria, prozesuen analitika aurreratua, produkzio sistema azkarrak…) buruzko ikuspegi estrategikoa. Parte-hartzaileek zuzenean hitz egin dute Emilio Titosekin (Gasteizko enpresako zuzendari nagusia) eta Juan Mocoroarekin (fabrikako ingeniaritza saileko burua), bai eta Vitoria-Gasteizko Mercedes-Benz enpresan garatzen ari diren 4.0 proiektu garrantzitsuenetako arduradunekin.

 

Bind 4.0 programaren lehen edizio honetan, Gasteizko enpresak bi proiektu kontratatu ditu Addimen eta Bigda Solutions startup-ekin. Lehenengoak metala oinarri duen manufaktura gehigarria aplikatzen du prototipoak egiteko eta biltegi birtual bat garatzeko. Bigarrenak datuen analitika aurreratua aztertzen du, energia kontsumoaren aurreikuspena hobetzeko.

 

Bind 4.0 programaren lehen edizioan –joan den uztailaren 6an ireki zena- 41 herrialdetako 257 startup aurkeztu ziren guztira. Lehen hautaketaren ostean 52 enpresa gelditu ziren, 23 Euskadikoak, 23 atzerrikoak, eta 6 Estatukoak. Azkenean, euskal konpainia handiek 11 startup aukeratu zituzten; 7 Euskadikoak, 2 Estatukoak eta 2 atzerrikoak, zeintzuk 16 proiektutan ari baitira lanean. Ikusirik lehen edizioak izandako arrakasta, aurreikusi da aurten bigarren edizioa egitea uztailetik aurrera.

 

BIND 4.0 programari esker, sendotu egin da Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia. Ekimen horren helburu nagusia da Euskadiko ekintzailetza ekosistema indartzea, Euskadi kokatzea ekintzailetza industrial aurreratuaren mapan, euskal industriaren eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea, eta aberastasuna eta enplegua sortzea.