Vasiliy Turov, “Estudios Védicos”, Euskadiko Ayurveda eskola

20 December, 2016

“Estudios Védicos zentroan harro gaude Osasunaren zientzia natural eta unibertsala transmititzen dugulako, Ayurveda (“osasunaren zientzia” edo “bizitzearen artea”) ikasteko ikastaro eta tailer presentzialak eskainiz, eta aukera ematen dugulako norbere nahiz ingurukoen bidea aberasteko eta, bizitza mental, emozional, fisiko eta espiritual osasuntsuagoa izateko.” 

Vasiliy Turov-ek Australian hasi zuen bere jarduera profesionala, eta gauza bera egingo du orain bere herrian, jendeari gero eta gehiago interesatzen zaizkiolako osasuna eta osasuntsu egoteko bide naturalak.

“Ezagutza baita medikuntza indartsuena…” -Caraka-.

 

Ayurveda osasun sistema zientifiko, holistiko eta osoturik zaharrena da. Lagundu izaguzu kontzeptu hori hobeto ulertzen. 

Ayurveda Indiako medikuntza tradizionala da. Askok diote osasun sistema zaharrena dela, duela 5.000 urteko eskuizkribu zaharretan oinarrituta praktikatzen delako.

Holistikoa da ez duelako gaixotasuna tratatzen, baizik eta gaixoa; hau da, ulertzen da patologia bat tratatzeko kontuan hartu behar dela gaixo bakoitzak konstituzio bakarra eta desberdina duela, eta osasuna maila guztietan neurtu behar da: mentala, fisikoa, emozionala eta espirituala.

Osotua ere bada, Ayurvedak badituelako landare eta mineralekin garatutako botika-farmazia zabalenetako bat, gorputz-terapia ugari, ariketa fisikoak (Yoga adibidez, zientzia ahizpatzat hartzen dena), meditazio eta erlaxazio teknikak, dietari buruzko ezagutza, eta askoz gehiago…

 

Zure web orrian diozu osasun kontzeptua lau mailatan neurtzen dela: mentala, emozionala, espirituala eta fisikoa.

Osasun sistema honen helburua ez da sintoma bat aurkitzea eta tratatzea, baizik eta pertsonari 4 maila horien arteko oreka ematea.

Ayurvedak erakusten digu bizitza bete-betean bizitzen gorputz osasuntsu batean, eta hori ezinezkoa da ez badugu orekarik maila mentalean, emozionalean eta espiritualean.

Estresa da adibide argiena: denok dakigu estresari konponbiderik ematen ez bazaio, ondorioak izango dituela gure gorputzean.

 

Zure izena exotiko samarra da Euskadin. Australian eta Indian ikasi zenuen. Ziur istorio bitxia duzula atzean…

Nire izena errusiarra da. Hala ere, Getxon jaio eta hazi nintzen, Areetan. Amona “Gerrako Haurretako” bat zen, Errusiara bidali zituzten haietakoa, beraz, badut familiaren zati bat han eta beste bat hemen.

Odolean daramat kultura nahasketa eta ikaragarri gustuko dut bidaiatzea. Asia hego-ekialdean eta Australian eman ditut azken 10 urteak.

Australian hasi nintzen Ayurveda ikasten, Indiatik kanpoko mediku ospetsuenetako batekin, eta hantxe bizi izan naiz azken 6 urteotan. 4 urteko titulua eskuratu nuen (Ayurveda ikaskuntza erregulatua da Australian), eta lanean aritu nintzen irakasleentzat eta neure kontsulta pribatuan.

Indiara egiten ditudan bidaietan ikerketan jarduten dut; izugarri gustatzen zait tokian tokiko medikuekin hitz egitea, eta, batez ere, interesatzen zaizkit medikuntza tradizionalaren (ez alopatikoaren) bidez konponbidea duten gaixotasunen tratamenduak.

Izugarria da, badaude urtetan sufritu duten pazienteak eta, azkenean, bitarteko tradizionalak erabiliz irtenbide bat aurkitzen dutenak.

 

Beraz, ez da ekintzailetzan diharduzun lehen aldia, zeure kontsulta ireki zenuen eta.

Australian hasi nintzen lanean, nire irakasleetako baten laborategiko laguntzaile gisa, konposatuak egiten. Ondoren, profesional gisa sartu nintzen klinika pribatu bateko mediku taldean.

Klinika hartan bi urte igaro eta gero, neure kontsulta ireki nuen Sunshine Coast inguruan eta Ayurveda Euskal Herrira ekarri baino lehentxeago itxi nuen. Medikuntza da nire pasioa, eta niretzat ez dago ezer atsegingarriagorik jendearen bizitza Ayurveda bidez hobetzea baino… Eta zerbait hainbeste maite duzunean, ez duzu egitea beste erremediorik!

 

Australia, a zer nolako herrialdea! Erresuma Batuak, Alemaniak eta Frantziak baino per capita errenta handiagoa du. Bigarrena da, Norvegiaren atzetik, Giza Garapenaren Indizean… 

Egia da, bai. Garapen horri esker, Ayurveda medikuntzak badu aitortza, erregulatuta dago, eta hori lagungarri da gizartean onarpena lortzeko.

Harrigarria izan zen ikustea nolako lotura duten australiarrek naturarekin; haientzat ohikoa da metodo naturalak erabiltzea edozein gaixotasun tratatzeko, sinpleak (katarroak) nahiz konplexuak (minbizia, edo beste gaixotasun autoimmune batzuk).

Esperientziak erakutsi didanez, gizarte garatuek botika gutxiago erabiltzen dute, txerto gutxiago hartzen dituzte, irekiago daude ezohiko alternatibetara eta gehigarridun janari gutxiago kontsumitzen dute.

 

Orain Bizkaira itzuli zara, zeure lurrera, zeure Eskola sortzeko asmoz, teoria praktika askorekin konbinatzeko.

Bai, kanpoan bizi arren, argi neukan nire sustraiak hemen daudela, eta Ayurveda ikasten ari nintzela, etengabe pentsatzen nuen sekulakoa izango litzatekeela milaka urtetan erabilitako osasun sistema sinestezin hau horrela irakastea.

Hasieran ez neukan bitartekorik, eta ez nekien Ayurvedak sortuko ote zuen behar adinako interesik Euskal Herrian. Baina hainbat masterclass eman nituen, eta Australian baino harrera hobea izan zuten; nik uste baino jende gehiagok ezagutzen du Ayurveda, eta irrikaz dago ikasteko.

Herri zoragarri batean bizi gara; jendeari gero eta gehiago interesatzen zaizkio osasuna eta osasuntsu egoteko bide naturalak. Nazkatuta gaude medikuek botika gehiegi agintzen digutelako eta Sareak informazio gehiegi ematen digulako; horregatik dira gero eta ugariagoak belar-dendak eta denda ekologikoak.

 

Nola emango duzu prestakuntza, zein gai landuko dituzu?

Ayurveda zientzia konplexua da, ezin da liburuetatik bakarrik ikasi; ikasleak gidari bat behar du, gaizki interpretatu daitezkeen kontzeptuak azalduko dizkion norbait.

Ikastaroan gai asko landuko dira: filosofia, diagnostiko teknikak, eskuzko terapiak, nutrizioa, iridologia eta askoz gehiago. Eta ez bakarrik modu pasibo batean, zeren ikastaroan zehar ikasleak gainbegiratutako praktikak egingo ditu, ikasitakoa ongi zehaztu ahal izateko.

 

Prestakuntza espezializatuaz gain, osasunaren inguruko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzu.

Hori da; etorkizuneko profesionalei Ayurveda medikuntzari buruzko prestakuntza ematen diet, eta tailer labur espezifikoak ere eskaintzen ditut. Baina horrez gain, Osasun Zentro bat irekiko dut, mota guztietako pertsonei arreta emateko: hasi Ayurveda masaje bat hartu nahi dutenetatik eta osasuna berreskuratzeko laguntza handia behar dutenenganaino.

Gure instalazioetan eskuzko terapia anitzak eskaintzen ditugu, eta kontsulta ere bai.

 

Getxolan zerbitzuaren laguntza jaso duzu zure proiektua martxan jartzeko

Getxolanek eskaintzen duen zerbitzua sekulakoa da. Hasieran, zalantzan egon nintzen, baina hasi orduko deskubritu nuen laguntza profesionala eskaintzen dutela eta espero nuena baino garrantzitsuagoa da. Enpresa-zuzendaritzako doako ikastaroa amaitzean, oinarri sendoagoa lortu nuen nire eskola irekitzeko, eta hobeto ulertu nituen nire jarduera garatzeko bete behar nituen baldintzak. Bestalde, aukera izango dut 5.000 euroko laguntza jasotzeko eta hori babes aparta da edozein negoziori ekiteko.

 

+info: www.estudiosvedicos.es

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow