Turismo Unibertsala Euskadin: Travel for All

27 January, 2015

Andi, kontaiguzu, nola sortu zen ekimen hau eta zergatik erabaki zenuen inplikatzea?

TFArekin egia bihurtu dugu Javi Conderen ametsa, bera baita seguru asko historiako kirol ibilbide onena izan duen euskal atleta (7 urrezko domina eta zilarrezko 2 Joko Paralinpikoetan, Munduko Maratoi Txapelketak eta errekorrak…). Ezintasunen bat duten beste askok bezala, zailtasun ugari gainditu behar izan zituen aurrera ateratzeko eta eguneroko bizitzari aurre egiteko behar zituen gaitasun berriak garatzeko. Kirolak eraman du bidaiatzera, baina horrez gain bidaiari sutsua da Javi eta hurbil-hurbiletik ezagutzen ditu gurpildun aulkian dabiltzanek, itsuek, ezintasun fisiko eta psikikoak dituztenek mundua ezagutzeko urratsa ematen dutenean izaten dituzten arazoak. Zaku berean sartu ditugu bere ezagutzak eta bidaia-esperientziak, bere konpromisoa eta ezintasunak dituzten pertsonen alde duen sentsibilitate berezia, eta hortik borondate irmo bat sortu da denontzako bermeak emango dituzten turismo zerbitzu irisgarriak eskaintzeko.

 

Harrigarria da ikustea esparru desberdinetan lan egiten duten erakundeek –hala nola, enpresa bat, elkarte bat, kirolari bat, profesional bat- bat egin dutela proiektu honekin.

Gure ikuspegitik harrigarriena da horrelako lankidetzak ohikoagoak ez izatea!

TRAVEL FOR ALL borondate, gogo eta gaitasun osagarriak batzearen emaitza baino ez da, konponbide bila hasitako prozesu natural baten ondorioa. Merkatuan ez zegoen erantzunik arazo honentzako, eta hori ikusirik, Javik proiektuarekiko grina eta gogoa kutsatu zion profesionalez, turismoaren sektoreko erreferentziazko erakundez eta antolakunde sozialez osatutako talde aditu eta anitz bati; den-denak batu zituen denontzako turismo inklusiboa defendatzeko helburu pean. Beraz, konpromiso sozialetik jaio den proiektu bat gara, baina ez ditugu ahaztu beharrezkoa den profesionaltasuna eta zerbitzu bikaina eskaintzeko asmoa.  Inplikatutako guztiok sentitzen dugu lantalde indartsu bateko kide garela, eta bazkide egokienak ditugula inguruan.

 

Zein dira zuen bezero potentzialak? Nolako zerbitzuak emango dituzue?

TFAn jomuga anitzetarako bidaiak diseinatzen ditugu irisgarritasun unibertsalaren irizpideei jarraiki, edozein pertsonak (ezintasuna izan ala ez) aukera izan dezan turismoa egiteko ahalik eta modu seguru eta erosoenean. Aisialdiko egitarau eta jarduerak eskaintzen ditugu, pertsona bakoitzaren gaitasunen edota bidaiariaren une bakoitzeko premia espezifikoen arabera.

Baina TFAren balio bereizgarria ez dira soilik gure jomuga eta jarduera irisgarriak, baizik eta pertsona bakoitzaren premiei egokitutako zerbitzu tekniko eta pertsonalak. Itxuraz sinplea dirudien eskaintza bat da, baina ezintasunen bat duten pertsonentzako bidaien munduan kontzeptu guztiz berria da, desberdin egiten gaituen zerbitzu integrala eskaintzen dugulako. ,Hesirik gabeko gure egitarau guztietan, denontzat irisgarriak diren baliabide eta jarduerez gain, laguntza sare espezializatu eta pertsonalizagarria eskaintzen dugu jomuga bakoitzean. Hala, aukera ematen diegu edozein motatako ezintasunak dituzten pertsona eta kolektiboei berme handienarekin bidaiatu eta gozatzeko.

 

Zer da aipatzen duzun Laguntza Sare hori? Zein premia zehatzi erantzuten die?

Logikoa denez, gure zerbitzuaren giltzarrietako bat da hornitzaileak kontu handiz hautatzea; konprometiturik egon behar dute kolektiboarekin eta bat etorri behar dute gure lan filosofiarekin eta ezintasuna duten pertsonei ematen diegun arretarekin. Kontua ez da dena beti guztiz irisgarria izatea; askotan hori bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da pertsonen jarrera eta norbanako bakoitzaren premiei egokitutako zerbitzua emateko borondatea. Gai izan behar dugu zerbitzu onena emateko, irribarrea delarik gure lan tresna garrantzitsuena. Guretzat funtsezkoa da, eta egia esan oso gustura gaude lortzen ari garenarekin.

Oinarrizko zerbitzu horiez gain (%100ean irisgarriak diren ibilgailu egokituen flota, logela egokituak dituzten ostatu eta jatetxe irisgarriak, jarduera erakargarriak eta aisialdi egitarau egokituak…), Laguntza Sarea aipatzen dugunean, gure bezeroen eskura jartzen ditugun zerbitzuez ari gara, hau da, pertsona bakoitzaren premia espezifikoei egokitutako konponbideak eskaintzen dituzten hornitzaile espezializatuen bidez ematen ditugunak. Laguntza pertsonala eskaintzen dugu (gidari espezializatuak, neurrira eginiko zaintza pertsonal malgurako begirale profesionalak…) eta baita ere laguntza teknikoa, askotariko produktuak eskaintzen dituena, bidaiariak ez dezan bidaiatu tresna horiekin (gurpildun aulkiak, scooter motorrak, laguntza produktuak, beldar ibilgailuak, transferentzia taulak…).

 

Penintsula osora hedatu duzue zuen jarduera-esparrua ala baduzue lanerako lehentasunezko eremurik?

Gure helburua da kalitatezko zerbitzu integrala eskaintzea eta erraztasunak ematea bezeroak jomugaz erabat gozatu dezan, bai Espainian eta bai nazioartean. Erakunde sortu berria garen arren, gure esku dugu AZUL MARINO Taldearen bulego-sarea, bazkide fundatzaileetako bat baita, eta beraz gai gara Estatu osoan zerbitzuak emateko.

Baina, zalantzarik gabe, eta are gehiago lehen urratsak ematen ari garen honetan, Euskadi da gure jomuga izarra. Turistikoki lurralde erakargarria da, apustu argia egin du irisgarritasun unibertsalaren alde eta badu ospea arreta sozialaren arloan, urteak daramatzalako kolektibo horrekin inplikatuta eta eurei zuzendutako lankidetza publiko-pribatua garatzen. Euskadi erreferentziazko jomuga bihurtu nahi dugu turismo irisgarriaren sektorean.

Gainera, nazioarteko bokazioa dugunez, harremanak sortzen ari gara agentzia espezializatuen Europako sare bat osatzeko.  Europar Batasunak finantzatutako asmo handiko TOURISM 4 ALL proiektuan parte hartzen dugu Gasteizko Udala, Donostia Turismoa eta, besteak beste, Bilbao Ekintzarekin batera, eta parte-hartze hori lehen urratsa baino ez da ibilbide honetan.

 

Pentsatzen dugu Internet oinarrizkoa dela zuen komunikazioa, sustapenak, salmentak, e.a. bideratzeko. 

Jakina, gure asmoa da Interneten eta sare sozialetan presentzia izatea eta ikusgarritasuna eta oihartzuna lortzea; izan ere, badakigu gustura itzultzen diren kolektibo horietako bidaiariak oso leialak direla, eta ahoz ahoko gomendioek eragin handia dutela. TRAVEL FOR ALL ekimenaren komunikazio eta sustapen arloko helburuetako bat da probetxua ateratzea eskura dauzkagun sustapen plataforma guztiei (facebook, youtube, linkedin, instagram, twitter…) eta gure bezeroek blog espezializatuetan uzten dituzten lekukotzei. Aniztasun funtzional desberdinen arabera diseinatutako eta gure bezeroen profil anitzei egokitutako zerbitzu eta egitarau turistikoak aurkezteaz gain, onlineko estrategia bat definitu dugu amaierako bezeroarekin, elkarteekin eta bitarteko agentziekin harremanetan jartzeko.

 

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak eta zeintzuk horietarako ezarri dituzuen epeak?

TFA proiektu berritzaile bat da, kolektibo zehatz bati -hau da, ezintasunak dituztenei- zuzendutako zerbitzu profesional, global, berritzaile eta espezializatua eskaintzeko sortu dena. Eta, jakina, kolektibo horrek badu gogoa eta eskubidea esperientzia turistiko egokituez gozatzeko!

Urratsez urrats joan nahi dugu, ongi dakigulako zein garrantzitsua den gure zerbitzuei oinarri on bat ematea. Baina asmo handiak ditugu. Etorkizunean Euskadi mundu mailan kokatu nahi dugu jomuga turistiko irisgarri bezala eta TRAVEL FOR ALL izango da Euskadin ezintasuna duten pertsonentzako turismorako erreferentziazko erakundea. Gainera, ikasitako guztia aplikatu nahi dugu eragin-eremuak hedatzeko eta esperientziatik ikasitako guztia zabaltzeko.

Bi alderdi hauek baldintzatzen dituzte gure erritmoak: nolako gaitasuna dugun aliantzak sortzeko biztanleria sektore horren inguruan lan egiten duten tokiko eta nazioarteko eragileekin, eta bereziki zenbateraino inplikatzen diren erakunde publikoak, gu zabalik gaudelarik horretarako.

 

Zein laguntza behar duzue enpresa abentura hau aurrera eramateko? Zein laguntza daukazue momentuz?

TRAVEL FOR ALL ekimen pribatu bat da, urtetako gogoetaren eta ezintasuna duten pertsonekin bidaiatuz lortutako esperientziaren emaitza dena. Horregatik, sinetsi nahi dut gure premiak eta ezintasunak dituzten pertsonenak berdinak direla. BIDAIDEAK, Euskal Elbarrituen Erakundeak urteak daramatza familien laguntzarekin eta laguntza publikoarekin funtzionatzen; horri esker aurrera jarraitu dute lanean kolektibo horren eskubideen alde, ikusgarritasuna emanaz, eta prestakuntza zerbitzuak, arreta pertsonala, lanerako orientazioa eta aisialdi jarduerak eskainiz. Baina zailtasun handiak zituzten bidaia konplexuagoren bat antolatzeko orduan. Hain zuzen, TFA sortu da premia hori estaltzeko eta bermatzeko gure erabiltzaileek eroso bidaiatu dezaketela nahi duten jomuga guztietara.

Baina, hala ere, ezin dugu ahaztu zerbitzu on bat eskaintzeko Eskaintza eta Sustapena beharko ditugula.

Lehenik eta behin, funtsezkoa da eskaintza egokitu erakargarri bat izatea laguntza bermatuarekin, gaur egun hori oso urria eta mugatua baita. Hornitzaileek konpromisoa hartu behar dute eskaintza hori aberasteko eta erakunde publikoek, berriz, azpiegitura eta espazio irisgarriak eta jarduera egokituak sustatzeko eta langile prestatu eta sentsibilizatuak bideratzeko. Funtsezkoa da.

Eta, beste alde batetik, hor dago baita ere sustapenaren eta merkaturatzearen kontua. Elkarrekin egin behar da bidea, elkarrekin uztartuz ezintasuna duten pertsonentzako eskaintza berri hori eta erakundeen turismo sustapenerako estrategia orokorra. Ezinbestekoa izango da proiektu honen irismena eta eragina biderkatzeko. EUSKADI ACCESIBLE marka eraiki behar da lankidetza publiko-pribatutik abiatuta, denen parte-hartze eta konpromisoarekin. Faktore erabakigarria izan daiteke aukera honek arrakasta izan dezan.

Gaur arte hainbat aurkezpen egin ditugu, hornitzaile, elkarte, erakunde publiko eta balizko bezeroei gure ekimena ezagutarazteko, eta oro har harrera ona izan dugu. Espero dugu onarpen hori denborarekin babes eta konpromiso zehatz bihurtzea.

 

+info: http://travelforall.es/

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow