“Tangram Bilbao”k Indian eta Txinan negozioak egin nahi dituzten enpresak behar ditu

9 October, 2016

Tangram Bilbao osatzen duen lantaldeak dio “ez dela sortu beste edozein enpresa tradizional bezala; Mondragon Team Academy karreran sortu zen”. Ikasketa horietan, ikasleek elkarrekin ekinez ikasten eta esperimentatzen dute, balore kooperatiboetan oinarritutako proiektu errealak, praktikoak eta akuilagarriak garatuz. 

“…Elkar ezagutzen ez genuen pertsona talde bat batu ginen, ekimen hau sortu genuen eta orain enpresa sendo izatera iritsi gara. Inork ez zukeen esango konbinazio horretatik merezi duen ezer sortuko zenik. Baina bi urte eta erdi daramagu lanean, eta egunez egun frogatu dugu gauzak ezin zitezkeela beste modu batera egin…”.

 

Izenean bertan filosofia bat islatzen duen diziplina anitzeko taldea…

Tangram Bilbao izena aukeratu genuen, Tangram mahai-jokoagatik. Joko horrek elkarrengandik oso desberdinak diren piezak ditu, elkarrekin irudi bat osatzen dutenak, desberdinak izanik elkarrekin bat egiten dutelako; gu ere pertsona desberdinak gara, eta bakoitzaren profila desberdina bada ere, diziplina anitzeko talde bat osatzen dugu elkarrekin.

 

Asko eztabaidatu zenuten talde barruan garatuko zenituzten jarduerak ongi definitu arte…

Hala da, bai. Elkarrekiko desberdinak diren lau negozio ildo definitu ditugu Tangram enpresan:

-Hezkuntzaren sektorean:
Gaitasun handiko neska-mutilei zuzendutako tailer interaktiboak sortu ditugu, teknologia berrien inguruan sortu eta “saltseatu” dezaten. Epe ertainera, zuzenean lan egin nahi dugu irakasleekin, ikasle horien hezkuntza-ingurunea beren premiei egokitzeko.

-Diseinuaren sektorean:
Adar posible guztiak ukitzen ditugu, sustapen bideoak eta bideo korporatiboak garatuz, web orriak sortu eta diseinatuz, e.a. Ezin dugu ahaztu produktuen diseinua, noski: arropa ekologikoko marka bat garatu dugu, gaur egun oraindik martxan dagoena, eta alpargata marka bat ere bai; alpargaten kasuan, gelditzen diren euskal artisau apurrekin lan egiten dugu.

-Ekitaldien sektorean:
Enpresan daukagun adar indartsuena da ziurrenik, duela zortzi urte sortu baikenuen Euskadiko lehen “food truck market” jaialdia, gaur egun oraindik martxan dirauena. Horrezaz gain, Euskadiko garagardo artisauen lehen ekitaldia sortu dugu, laster bere lehen edizioa ospatuko duena eta publikoa erabat txundituta utziko duena. Kirol ekitaldien arloa ere lantzen dugu, zehazki surfarena. Ekitaldi bat sortzen ari gara kirol hori egiten duten amateurrentzat, eta laster egingo dugu lehen ekitaldia.

-Enpresen nazioartekotze adarrean:
San Frantziskora (Kalifornia) joan ginenetik hasi gara adar hori lantzen; hainbat bezero izan genituen han, eta gustura gelditu ziren emaitzekin. Enpresa alor desberdinak ukitzen ditugu: belaunaldi berriko materialak, Espainian eginiko produktuak, eta IoTrekin lotutako teknologia berrien ikerketa ere bai.

 

San Frantziskora joan baino lehen Finlandian izan zineten

Lehen bidaia izaten da beti gogorrena. Ez duzu inor ezagutzen, eta enpresa-bidaia bat baino gehiago da jendea ezagutzeko bidaia bat. Guztiz esperientzia berria eta desberdina izan zen. Kontrakoa esan badut ere, enpresa-jarduera asko egin genituen: adibidez, ekintzailetza sustatzeko co-working jarduera bat egin genuen Salo-n eta gure arropa ekologikoko marka sortu genuen.

 

Beraz, San Frantziskora joan zinetenerako hobeto ezagutzen zenuten elkar, eta etxetik kanpoko taldeko lan esperientzia eraginkorragoa izan zen

Hilabete egon ginen San Frantziskon. Atzerrira egindako lehen bidaiaren ondoren erabaki genuen zein proiektu garatu gure bidaia errentagarri izan zedin. Horrez gain, curriculum bat sortu genuen Txinarako eta Indiarako, eta saiatu ginen aspalditik interesatzen zitzaigun premia bati erantzuten: enpresen nazioartekotze prozesua kudeatu eta erraztea.

Une hartan produktu kontsumigarriak, material berriak eta IoT teknologiaren garapena hautatu genituen.

Merkatu azterketak egin genituen sektore horietako enpresa batzuentzat, eta emaitza onak eman zituzten. Denak gelditu ziren gustura emaitzekin, eta gaur egun badakigu haietako batek behintzat lortu duela San Frantziskon ezartzea.

 

Datorren urtarrilean Txinara bidaiatuko duzue, eta gero Indiara. A zer nolako aldaketa!

Bai, urtarrilean bi hilabeterako joango gara Indiara eta beste bi igaroko ditugu Txinan. Bi urte daramatzagu horretarako prestatzen!

Aurreko bidaietan izandako esperientziaren ondoren, denbora dezente daramagu egingo ditugun jarduerak planifikatzen eta prestatzen. Nagusiki, Espainiako enpresei lagunduko diegu Txinara eta Indiara zabaltzen, eta merkatu analisiak eta sarrera estrategiak egingo ditugu horretarako. Aldi berean, geure produktuak garatuko ditugu teknologia, gastronomia eta hezkuntzaren sektoreetan.

 

Nolako laguntza behar duzue Asian aurrera ateratzeko?

Une honetan MTA sarearen laguntza daukagu, zeina errotuta baitago bi herrialdeetan. Baina bestelako partner estrategikoak (esaterako, merkatu horietara zabaldu nahi duten enpresak eta hango merkatuen analisia interesatzen zaienak) ere behar ditugu gure lana errazteko, hau da, Espainiako enpresak herrialde haietan sartzen laguntzeko.

 

Intergune azokan parte hartu duzue enpresa eta erakundeekin elkarreragiteko

Urtarrilean Txinara eta Indiara joango garenez, iruditu zitzaigun ekitaldi horretako hitzaldiak eta enpresa parte-hartzaileak aukera bikaina zirela merkatu eta sektore horiei buruzko informazioa eskuratzeko.

Era berean, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela bertatik bertara ezagutzea Latinoamerikako ekintzaileekin lan egiten duten enpresak eta ekitaldira joango ziren Enpresa Zirkuluak, ez baikinen sekula izan halako ekitaldi batean.

Baita ere parte hartu genuen “Txinako ekonomia: produkzioko ekonomiatik kontsumo ekonomiarantz: enpresentzako aukerak errenta ertaineko herrialde batean” izeneko hitzaldian. Zerga araudia eta antzeko gaiak izan ziren aztergai, eta gure interes nagusia izan ez arren, saioa oso interesgarria iruditu zitzaigun oro har.

Ekitaldia oso probetxuzkoa izan zen orokorrean eta oso aberasgarria. Faltan bota genuen bertaratuen arteko networking-saio bat, eta horixe gomendatuko genuke hurrengo ediziorako; antolatzaileek aldez aurretik argitaratuko balute enpresa eta profesionalei buruzko informazioa, eta zergatik joan nahi duten ekitaldira, harreman interesgarriak eta sinergia onuragarriak sortuko lirateke seguru asko.

 

Egoera zailetan nola moldatu ikasten ari zarete; zailtasunak eramangarriagoak dira zuen prestakuntzari esker…

Karrera honek errealitate bat irakasten dizu, beste hezkuntza eredu batzuek irakasten ez dizutena, hau da, “Learning by doing” metodologia darabilgu, “kolpeka ikastea”, alegia. Askotan erratu dugu, eta oraindik esperientzia askotatik ikasiko dugu, bai arrakasta izan dugulako edo bai bete-betean hormaren kontra talka egin dugulako… Denetatik ikasten da, baina, batez ere, akatsetatik, beti saiatzen garelako halakorik berriro ez egiten.

Ezertaz gauza handirik jakin gabe sartu ginen karrera honetan, baina ahalegintzeko eta konponbideak bilatzeko prest bazaude, ez dago ezinezkorik.

 

TANGRAM Bilbao lantaldeko kideak:

Ander Sagardui, Ane Gil, Anne Pérez, Egoitz Tellitu, Iker Huidobro, Javier Tabernilla, Leire Gómez, Lucía Araluce, Mikel Ramos eta Naia Elguezabal

Info +: www.tangrambilbao.comTangram Bilbao MTA Mondragon

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow