Sprilur-ek coworking-espazio bat ireki du Erandioko Axpe industrialdean

26 May, 2017

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita eta SPRI Taldean integratuta dagoen Sprilur sozietateak coworking modalitateko lokal bat ireki du 9 espaziorekin. Beraizik zuzendurik dago beren negozio-ildo berriak martxan jartzeko denbora jakin batez horrelako lokal bat behar duten enpresei edota interes komuneko ekimenak eta proiektuak lankidetzan garatzen dituztenei.

Coworking Erandio alternatiba berritzailea da Sprilur-ek orain arte zeukan lokal-eskaintzan, eta aukera ematen die edozein sektoretako profesional libreei, ekintzaileei edota ETEei beren jarduerak garatzeko espazio horretan, beren neurriko instalazio eta azpiegiturekin eta ezarpen-kostu txikiagoekin.

Horrelako espazioak eskainiz, Sprilur-en asmoa da ekimen ekintzaile berriak bultzatzea eta erraztasunak ematea jarduera nahiz proiektuak lankidetzan garatu daitezen eta, bide horretatik, sinergiak sortzea eta ezagutza partekatzea arrazoizko prezioetan.

Ikusirik Axpe industrialdean “mikro” azaleren gero eta eskaera handiagoa dagoela bertan instalatuta dauden jardueretatik sortutako proiektuak garatzeko, Sprilur-ek erabaki du alokairu erregimenean eskaintzea kristalez inguratutako banan-banako hiru bulego, sei bulego partekatu eta bilera-gela bat, denak ere Erandioko industrialdeko A eraikinean.

 

Instalazio horiek badituzte abiadura handiko datu-konexioa eta wifi seinalea, kontaktu txartel bidezko sarrerak kontrolatzeko sistema bat, bilera gela, bulegorako altzariak postu bakoitzerako eta denentzako bainugelak, eta hori guztia prezio lehiakorretan.

Axpe industrialdean bertan kokatutako Gestionet Multimedia, S.A. joan den urtarriletik dago coworking-espazio horretan alokairu sinpleko modalitatean, bera izan delarik han sartzeko eskaera egin duen lehenengo enpresa. Axpe industrialdeak kokaleku estrategikoa du eta, neurri handi batean, horrexegatik du hainbeste eskabide lan-espazio mota berri honek. Bilboko Metroko lineatik minutu gutxira eta Erandioko hirigunetik hurbil dagoelarik, interesatutako enpresa eta ekintzaileek kokaleku paregabea dute enpresa-jarduera handiko ingurune batean, aukera dutelarik sinergiak sortzeko eta ezagutzak partekatzeko.

Interesatuak jar daitezela gurekin harremanetan sprilur@spri.eus helbidean. Telf.: 944 236 118

Deskargatu coworking informazioa hemen.