Rubén Castillejo, “Gerrilla sukaldaritza”: ekintzailetza askatasuneranzko lasterketa bezala uler daiteke

14 March, 2015

 

Rubén, noiz hasi zinen interesatzen elikaduraren munduarekin?

Uste dut jaio nintzen istantean hasi nintzela jaten… Ez dut argi gogoratzen, baina dudarik gabe nire ama izango zen sukaldaria. Aurrerago, haurtzaroan, gogoan daukat nire amonaren sukalde handia. Independizatzen hasi nintzen bezain laster ulertu nuen jatea zela sukaldean egiten zenuenaren emaitza. Eta nire sukaldearen giderrak hartu nituenean, veganismoarekin harremanetan sartu eta esaldi honen egiaz jabetu nintzen: “zerorrek egin, zerorrek jan”. Eta nik hauxe erantsi nion: “beraz, hobe duzu gauza onak egitea…”

Orain inplikazio handiagoa dut, baina filosofia lehengo bera da. Maitasuna eta janari onak.

 

Eta orduan pasio hori ekimen ekintzaile bihurtzea erabaki zenuen…

Nire kasuan eguneroko autonomia eta askatasuna bilatu ditut, ekintzailetzaren motorrak alegia. Ez dut uste inork denbora asko igaro nahi duenik gustuko ez dituen lanetan, baina fakturak denok ordaindu behar ditugu… Ordainpeko lana ez da eskubidea, baizik eta inposaketa, eta ekintzailetza askatasuneranzko lasterketa bezala uler daiteke, baldin eta proiektuaren helburua ez bada merkatu sistemarentzat ekoizte hutsa.

Gure bizitzak gure esku daude eta norbere buruaren errealizazioan oinarritutako auto-enplegu ekimenek, zailak izan arren, zerumuga oso interesgarria eskaintzen dute: laneko askatasunarena hain zuzen, eta horrek bizi kalitatea dakar. Norbere ekintzen helburuak, formak eta edukiak kontrolatzeak ardura hartzea dakar berekin, baina eskubideak ere ematen ditu. Auto-enplegu kontzientziatu, sostengarri eta arduratsua ia-ia aukera politiko bat da nire ustez, partekatzen ez ditugun eta gure ideiekin bat ez datozen sistemei aurre egiteko modu bat.

 

Sukaldari ekintzaileek gehienetan jatetxe bat jartzen dute martxan. Aldiz, zuk berrikuntzaren alde egin duzu eta hezkuntza, lankidetza, artea, sormena, kultura… sartu dituzu zure errezetan. 

Sukaldari on guztiak bezala ni ere plater garbitzen hasi nintzen!
Sorkuntza handiak ekintza txikietatik datoz: maite dudan jendearentzat sukaldatzea, mahaia partekatzea, ingurukoengandik ikastea eta batez ere janariaren bitartez bizitza elikatzearen indarra sentitzea… Horiek dira nire ekintza txikien atzean dauden sentipenak. Aurrena etxean, gero “tabernan”, hurrena gure “jatetxean”… eta ematen zuenean sukaldari gazteak lortua zuela bere helburua, gauza txiki gehiago gertatu behar izan ziren ni konturatzeko munduak ez zituela sukaldari gehiago behar, ezta dastaketa menuak ere, baizik eta sukaldean egiten duten pertsonak, mundu guztiari menua dastatzeko aukera emango diotenak.

Esan ohi da bakoitzak bere iduria aurkitzen duela, eta beharbada horregatik “daukan” jendeak gogoan dauka “daukan” jendea.

Egunero jaten dugunok ez gara oroitzen halakorik egiteko aukerarik ez dutenekin… pentsatzen duguna da zer dagoen ondokoaren platerean, edo geuretzat gehiago lortzerik ba ote dugun.

Beste sukaldariek ez dakit, baina nik argi ikusi nuen. Elikaduraren desoreka indibidual eta global hori konpontzeko bidea zuzeneko ekintza da; horri gaur egun deitzen zaio Hezkuntza, Artea eta Kultura, Lankidetza… bakoitza bere ekintza esparrutik. Eta uste dut etorkizunean ekintzaile izan  nahi duen edonork kontuan hartu beharko dituela balore horiek guztiak bere ekintzen oinarri bezala.

 

Esan dezakegu orduan “ekintzaile soziala” zarela?

Nire ustez ekintzaile eta sozial hitzak ezin dira bereizi ekintzailetzaren berezko zentzua galdu gabe (premia komunak edo sozialak asetzea). Baina hori egitea posible balitz, bai, ekintzaile soziala naiz. Azpimarratu beharko litzateke gure ekintzailetza soziala dela, baina neure buruari galdetzen diot ez ote litzatekeen bidezkoagoa “beste ekintzailetzari”, hau da, irabaz asmoz egiten denari, “ekintzailetza anti-soziala” deitzea, eta horrela argi uztea zein den gizartean benetako aldaketa erabakigarriak dakartzan bidea. Gaur egun enpresa multinazional handiak eta merkataritza arloko arduradun handiak dira biztanle guztiengan eragina dutenak, gizartea desegonkortzen dute eta gero eta gehiago sakontzen dituzte pertsonen arteko etena eta desberdintasun soziala. Eurak dira, eta “ekintzailetza arrakastatsua” izenarekin saritzen ditugun beren jarduerak ere bai, arazoak sortzen dituztenak, eta gero ni eta gerrilla bezalako satelite txikiok saiatzen gara horiek konpontzen.

Gure lana askoz ere “sozialagoa” izango litzateke egunero ez bagenu borroka egin behar biztanleriaren zati handi baten eskubideak eta gutxieneko bizi-baldintzak bermatzen saiatzeko, hau da, baldintza horiek hobetzea bakarrik bagenu buruan. Orduan guk ere ekintzailetza ospatu ahal izango genuke.

Gerrilla Sukaldaritzan lanegun bakoitzean helburu bat betetzen dugu, baina gogoratu inork eskatu gabeko arazo baten aurrean sortutako erreakzioa garela, zeren elikadura sistema ez balitz, gaur den bezala, gerra sistema bat, gure jarduerak ez bailuke izango zentzurik. Nahiago nuke egunen batean ez balego gehiago Gerrilla Sukaldaritzaren beharrik, gainerako sukaldeak ez direlako gehiago “gudu-leku”, eta gainerako sukaldeak berriro  direlako pertsonenak eta pertsonentzat, euren benetako jabe bakarrarenak;  ez sukaldariak, eta hain gutxi ekintzaile antisozialak. ELIKADURA SUBIRANOTASUNA deitzen diogu horri, gure elikaduraren subjektu aktibo eta erabakigarri bihurtuko gaituen jabekuntza indibidual eta kolektiboari; elikadura subiranotasunaren bidez elikadura duin eta osasuntsua izango dugu hasi produkziotik eta kontsumoraino. Gutako bakoitzaren eskubidea da.

 

Gasteizen Elikadura Subiranotasun kontzeptuaren ikurra zara, eta hortik ari zara zabaltzen Euskadiko beste herri batzuetara.

“Pentsatu lokalki eta ekin globalki” modako eslogana da, barruraino iristen den horietako bat. Pixka bat osatuko bagenu hauxe esan genezake: “Pentsatu eta ekin lokalki eta globalki, jakina!”; hortxe sortzen da aldaketa, pertsona bakoitzaren etxean eta sukaldean. Sukalde bat izateko luxua baduzu, jakin ezazu aldaketa sozial eta indibidualerako tresna baliotsua duzula. Horixe da gure gogoeta, Gasteizko jendearekin eta gure motxilak iristen diren toki guztietakoekin partekatzen duguna.

Gure jarduera oso birala da, zeren txerto baten antzekoa da, ezjakintasunaren eta asmo txarreko pertsonen ekintzen ondorio galgarriak prebenitzeko eta euretatik babesteko txertoa, alegia. Normala da “Gerrilla Sukaldaritza” entzuten denean jendeak galdetzea: “zer da hori?” Baina normalagoa da identifikatuta sentitzea,  behin ulertu ondoren zer esan nahi duen. Gure sukaldaritza haien etxeetako berdina delako, eta gaur egun ez daudelako ekimen asko ezer eskatu ez eta dena eskaintzen dutenak. Horra ezagutzaren abantaila: doakoa da, agorrezina eta transmititzeko erraza. Horri esker gainditu ditugu muga ideologikoak, tradizionalak, bertakoak eta nazioartekoak. Euskal Herria da gure operazio-basea eta gure koilarak mapako norabide guztietara zuzenduta daude, janariak behar bezala funtzionatzen ez duen toki guztietara.

 

Fororen batean esan duzu “Ratatui” izan dela zure “Gerrilla Sukaldaritza” proiektuaren  inspirazio-iturrietako bat.

Bai Ratatui, bai hura aurkeztu zidatenak -Edorta Lamo eta Xabier Gutiérrez-, maisu handiak izan dira. Ideia guztiek badute beren musa, eta nik eskerrak zor dizkiet hiru super sukaldari horiei irakatsi dizkidaten lezio handi batzuengatik,  esaterako: “denok gara sukaldariak”, “sukaldetik irten behar da ”, edo “sukaldaritza da bide bakarra”.

Jakin behar duzu zuk ere egin dezakezula, ez zaudela bakarrik, ez zarela ero bakarra eta bizitza dagoela patata tortilla batetik harago. Ratatuik hala esaten zuen, baina gure kontzientziaren ahotsak gogoratzen digu egunero: “Bazara gauza! Egin dezakezu!” orduan hasten da unea egunero “lanean saltsatzeko”,  etengabe “ikasteko”. Izan ere, pelikulan bezala, arratoien bizitza gogorra da, eta gogorragoa oraindik pertsonak sukaldeko arratoi gisa tratatzen gaituen sistema dominatzaile honetan, batere uzten ez diguna sukaldera sartzen, ezta hondarrak biltzeko ere. Horregatik antolatu beharra dago eta detaile txiki horietan sinetsi, gure auto-defentsa tresnetan, alegia, “sukalde kanibaleko buruengandik” bereizten gaituztenetan. Ilusioa indar suntsiezina da helburu zintzo bat lortzeko erabiltzen bada eta, beraz, berriro errepikatuko dut Ratatui “Gerrilla Sukaldaritzako” ohorezko kidea dela.

 

Eta goi-mailako sukaldaritzako teknikei ikusgarritasuna emateko eta hiriko ingurunean aplikatzeko, “sukalde txiringito” bat sortu zenuen, tramankulu bat.

Proiektua “gastro-hacking” bat bezala hasi zen (orain hala dei diezaiokegu, hitza existitzen da eta). Kontua zen “goi-mailako” sukaldaritzaren ezagutzak “pirateatzea” eguneroko praktiketara berbideratzeko eta pertsona guztiei helarazteko  formula merke eta egin-errazak bihurtuz. Elikadura eta sukaldaritzarako sarbidea errazteko hartua dugun bidean ezin genuen ahaztu “gremioa”, sukaldariak alegia, eta, beraz, laster arduratu behar izan genuen  “sukaldari libre” labekada berri horren autosufuzientziaz.

Industria guztietan bezala, makinek beti muga bat jartzen dute “daukanaren” eta “ez daukanaren” eta lanerako inor behar duenaren artean. Nola ez genuen espero inongo babesle ofizialek indukziozko sukaldeak guri oparitzea, erabaki genuen geuk egitea geroago “gerrilla sukaldeak” izango zirenak. Artista batzuek sortutako diseinu bat abiapuntutzat hartuta, Frantziako sukalde profesionalak birformulatu genituen, helburutzat harturik “kaleetan sukaldatzea Gerrilla estilo petoan”, hau da, modu aske eta sortzailean, bai eta oso profesionalki sukaldaritzaren ikuspegitik.

Orain sukalde modulu mugikor horiek elkartu egin dira eta banda bat sortu dute, “GUERRILLA FOOD SOUND SYSTEM” deitzen da eta Jamaikako sound system orijinaletan eta mundu osoko janari saltegi ibiltarietan inspiratuta dago. Taldearen helburua da “GERRILLA” kultura ozen zabaltzea. Jakin-mina duzuenontzat, hona hemen plataformaren weba: www.foodsoundsystem.com)

 

“Sukaldatu jateko, jan bizitzeko… eta bizitzea funtsezko eskubidea da”.  Egunotan UNESCO Etxeak ikus-entzunezko bat aurkeztu du. Ikus-entzunezko horretan zeu ageri zara Fernando Canales eta beste protagonista bikain batzuekin batera.

Zango bat alde banatan, beti bezala, “janaria denentzat” kontzeptuaz hitz egiten den toki guztietan egotea gustatzen zaigu. Iaz UNESCO Etxeak elikaduraren eskubidea azpimarratu nahi izan zuen eta, testuinguru horretan, “Gerrilla Sukaldaritzak” prestakuntzako eta sentsibilizazioko hainbat jarduera eta tailer antolatu zituen eskubide hori bermatzeko garrantziari buruz. Parte hartu genuen baita ere elikadura eskubidearen gaia lantzen duen  “El Gusto es Mío” dokumentalean. Uste dugu horrelako jarduerak egokiak direla Elikadura Subiranotasunaren bidea urratzeko eta horregatik erakunde guztiak bultzatu nahi ditugu halakoak sustatzera. Bukatzeko, gogora ekarri nahi dugu denon esku daudela elikadura sistemako gabezien konponbideak eta, jakina, erakundeek dute konponbide horiek bilatzeko ardura nagusia, baina iraultza gastronomikoa zuen guztion ahoetan hasten da. Janaria, osasuna, justizia soziala eta noski “Gerrilla” asko. Koilaratxoak koilara handien gainetik egon daitezela beti!

 

Eskerrik asko, Rubén. Zorte on iraultzarekin!

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow