Roberto Álvarez: “Gaptain”, aukera bikaina Familien Segurtasun Digitalean inbertitzeko

24 September, 2017

Adin txikiko seme-alabak dituzten familiekin 250 elkarrizketa egin ondoren sortu zen proiektua, orduantxe ohartu baitziren gurasoak kezkatuta daudela Internetek eta teknologia berriek dakartzaten arriskuekin: “Hortik aurrera hainbat aditurekin elkartu ginen, alegia horrelako arazoen aurkako borrokan urtetako esperientzia duten erakunde, enpresa eta instituzioekin: ANAR Fundazioa, Didaknet, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila edota gurasoentzako teknologia fabrikatzaileak”, besteak beste.

Bildutako informazioari esker “argiago eta hobeto ulertu genuen zenbateko tamaina eta konplexutasuna duen arazoak”. Roberto Álvarez eta bere lantaldeak aztertua zuten nolako portaera duten adin txikikoek sareetan, eta nolako arrisku eta mehatxuak dakartzaten sare horiek eurentzat. Jakintza horretan oinarriturik erabaki zuten tresna egokiak garatzea, gaztetxoei Interneti buruzko hezkuntza eta Sarean ibiltzeko laguntza emateko. Une honetan,
“inbertitzaileak baino ez zaizkigu falta lantaldean, jardueraren bigarren urtea finantzatzen laguntzeko –orain arte funts propioekin egin dugu aurrera-, eta jakina, bezeroak ere bai, merkatuak gurasoei eskaintzen dien ziber-babes konponbide onena saltzeko…” 🙂

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak laster abiaraziko du Basque Cybersecurity Centre, zeinak zeregin handi bi izango baititu: Euskadi Europako erreferentzia bihurtzea informazio- eta komunikazio-teknologia berrien aplikazioan eta, bestea, euskal industriari eta azpiegitura kritikoei estaldura eraginkorra eta fidagarria ematea, prebentzio- eta erreakzio-lanak eginez ziber-mehatxu edota ziber-erasoei erantzuteko.

 

Roberto. Nolako mehatxuei aurre egin behar diete gure familiek?

Mehatxuak desberdinak dira adinaren eta bakoitzaren portaeraren arabera; horregatik, hezkuntza digitalak etengabekoa izan behar du 6/7 urtetik aurrera, eta neska-mutilek sarean duten portaerara egokitu beharra dago. Ahalegindu gara infografia honetan laburbiltzen zein den adinaren, portaeraren eta mehatxuaren arteko erlazioa:

Gaptain Gráfico


Eta neurrira eginiko konponbide espezifikoak eskaintzen dituzue mehatxu mota bakoitzerako…

Bai, tresna desberdinak daude mehatxu bakoitzari aurre egiteko. Hezkuntza digitala oro har prebentzio tresna bat da, eta oso eraginkorra une egokian iristen bada. Demagun zure seme-alabak ezagutzen dituela bere eskubide eta erantzukizunak, gai dela bere portaeragatik kontaktu arriskutsu bat identifikatzeko, ezagutzen dituela existitzen diren mehatxuak eta badakiela horiei nola aurre egin. Orduan, behar duena da bere jarduera erregularki gainbegiratuko duten gurasoak, gurasoen kontrolerako software on bat erabiltzen dutenak, eta arazo bat identifikatzeko eta kudeatzeko gai direnak seme-alabaren portaera ikusita; hori guztia izanez gero, borrokaren zati handi bat irabazita dago.

Gainerako zerbitzuek bikaintasuna bilatzen dute, eta balio erantsia dute, zalantzarik gabe, baina funtsezkoena da hezkuntza digitala, gurasoentzako teknologia eta gurasoek borondatea izatea sarean beren seme-alabak babesteko.

Ziber-segurtasun auditoria ere oso garrantzitsua izango da epe laburrean, jakina baita gero eta ziber-eraso masibo gehiago egingo direla. Orain arte enpresei zuzendu izan zaizkien arren, laster bideratuko dira etxeetara, non askoz errazagoa izango baita ekipoetan sartzea eta erreskateak eskatzea bahitutako dispositiboak askatzeko.

 

Enpresa eta profesionalen ezagutza batu duzue horrelako konponbideak garatzeko.

Horixe da Gaptain.com enpresaren elementu bereizgarria, konponbide bakarrean batu baititu sektore desberdinetako adituak, familiei une bakoitzean behar duten guztia helarazteko.

Lehenik eta behin, saiatzen gara guraso eta seme-alaben arteko eten digitala ixten onlineko prestakuntza moduluen bidez. Sare sozialen eta Interneten azken berritasunak erakusten dizkiegu gurasoei, egunean egon daitezen eta gurasoen kontrolerako “app” bat erabiltzen irakasten diegu, ulertu dezaten nola ibiltzen diren seme-alabak mundu digitalean eta lagundu diezaieten, bizitza errealean bezala.

Hortik abiatuta, familia osoarentzako prestakuntza ematen dugu teknologia arduraz erabiltzeko, sareko mehatxuak identifikatzeko, eta jardunbide egokiak ematen dizkiegu halakoak saihesteko; azkenik, portaera prediktibo eta prebentiboa irakasten diegu, “ziber-bullying” kasuak eta eskolako jazarpena saihesteko.

Gainera, isilpeko aholkulari psikosozial bat eskaintzen diegu zalantzak argitzeko, laguntza ematen diegu etxeko sareko pribatutasuna eta segurtasuna konfiguratu eta sarkinei nahiz ziber-gaizkileei atea ixteko eta osagai disuasorioak eskaintzen dizkiegu sakelakoetarako. Horrela, jazarleek ikusten dute heldu batek monitorizatzen dituela, eta birritan pentsatuko dute eraso egin baino lehen.

Halere, adin txikikoak ziber-bullyinga jasaten badu, laguntza emango diegu adin txikikoaren nortasun digitala berreskuratzeko, etorkizunean ez dezan arazorik izan aztarna digital “desegokiagatik”.

 

Era berean, lankidetza-bideak irekitzen ari zarete beste enpresa eta ekintzaile batzuekin, zuen zerbitzuak familia gehiagotara irits daitezen.

Bai, aditu-taldea da proiektu honen giltza. Familien arazoari aurre egiteko benetako balioa ematen duenak badu toki bat “Gaptain” ekimenean, gure taldean izan nahi dugulako. Aurkituko dugu lankide horiek gure plataforman integratzeko moduren bat, konpromisoa hartu baitugu gero eta gehiago eta indarkeria handiagoz zabaltzen ari den arazo honi aurre egingo dion konponbide eraginkorrena eskaintzeko.

Hemendik gutxira enpresa espezializatu bat sartuko dugu eskolan jazarpena jaso duten biktimei laguntza psikologikoa emateko, indarberritzen laguntzeko eta jarraipena egiteko. Horrela, estalita izango ditugu arazoaren balizko ia eszenatoki guztiak.

 

Nola ematen duzue ezagutzera Family Time? Nola heltzen zarete familiengana, ikastetxeetara?

“FamilyTime” gurasoentzako aplikazio bat da, IOS, Android eta Kindle sistemetan erabil daitekeena; bere baitan hartzen ditu monitorea, dispositiboen erabilpenaren kontrola, geo-lokalizatzailea, alerta automatikoak, izu-botoia, bideoetako eduki-iragazkiak, sakelakoa eta Internet erabiltzeko denbora-mugak, aplikazioak eta kontaktuak blokeatzeko aukera, eta baita ere “Bazkaltzera”, “Lotara” edo “Jaso nazazu” gisako hainbat funtzio, errazago eta seguruago egiteko guraso eta seme-alaba digital izateko lana. Horrez gain, aukera ematen du abiadura-mugak jartzeko, adibidez, adin txikikoak motor bat gidatzen badu, abisu bat bidal dezake markatutako gehienezko muga gainditzen duen bakoitzean. Gainera, Gaptain plataformak eskaintzen duen “Premium” lizentzia familiarra da, beraz, nahi adina seme-alaba eta gainbegiratzaile sar daitezke; familia osoa estaltzen du.

“Yummy Apps” enpresa japoniarrak fabrikatzen du aplikazioa, zeinak Tokion baitu egoitza nagusia. Aski ezagunak dira Asian eta AEBetan, eta akordio bat sinatu dugu Europan eta Latinoamerikan Gaptain plataformaren bitartez sar daitezen. Behin plataforman integratu ondoren, Ziber-segurtasunerako Institutu Nazionalak (INCIBE) probatu egin du Gaptain-FamilyTime zerbitzua, eta gomendatzen dituen tresnen zerrendan sartu gaitu, industriako hainbat erraldoiren ondoan, hala nola ESET, Kaspersky edo Microsoft. Harro gaude lortutako aitortzarekin, eta pentsatzen dugu Gaptain.com web orria dela familia gehiagorengana iristeko modurik naturalena. Horrez gain, harremanetan jarriko gara Guraso Elkarte nahiz ikastetxeekin, eta hezkuntza modulu bat oparituko diegu interesatuta dauden familia guztiei.

Bada beste banaketa kanal natural bat, alegia telefonia operatzaileak, aukera dutelako adin txikikoei zuzendutako dispositiboak saltzeko aplikazioa instalatuta; dagoeneko hizketan ari gara konpainia garrantzitsu batzuekin, eta espero dugu iragarpen handiren bat egiteko moduan izango garela hemendik gutxira.

Azkenik, bada gurasoen kontrola aseguru-etxe batekin “bandelizatu” duenik, non defentsa juridikorako eta erreklamatzeko bermeak jasotzen baitira. Bide hori ere aztertuko dugu, baina oraingoz gure lehentasuna da arazoa saihestea.

 

Prezioak: Garestia al da gure txikien prebentzioa eta babesa?

Ez, ez da garestia, eta Gaptain taldeko kide guztiok ahalegin handia egiten ari gara garestia izan ez dadin.

4 babes plan jarri ditugu salgai (Etxe digitala, Haurrak, Familiarra eta ERABATEKOA), mota guztietako premietara egokitzen direnak. Hilean 9 euro baino gutxiagogatik, familiek seme-alabentzako hezkuntza digital onena izango dute, edozein telebista edo dispositibo konektaturen bidez, eta baita ere FamilyTime Premium lizentzia familiarra urtebeterako.

ERABATEKO Babes planak plataformaren zerbitzu guztiak barne hartzen ditu, eta urtean 169 eurogatik eskuratu daiteke (hilean 14 euro baino gutxiago). FamilyTime eta osagai disuasorioak barne hartzen dituen plan oinarrizkoena (funtsezkoa adin txikikoari lehen sakelakoa ematen zaionean) salgai dago hilean 5 eurogatik; hau da, ia edonork izan dezake.

 

Zuen ahaleginak hainbat aitortza jaso ditu, bai familien eta bai erakunde eta instituzioen aldetik.

Egia da! Oso pozik gaude proiektuak izan duen harrerarekin, INCIBEk eman digun sariarekin, eta GAIA, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, El Correo, Gara, SER, Metxa edo SPRI bezalako erakundeek (artikulu hauxe, esaterako) eman diguten laguntzarekin. Gainera, askok galdetu digute nola lagundu diezaguketen proiektuarekin.

Une honetan, inbertitzaileak baino ez zaizkigu falta lantaldean, jardueraren bigarren urtea finantzatzen laguntzeko –orain arte funts propioekin egin dugu aurrera-, eta jakina, bezeroak ere bai, gaur egun merkatuak gurasoentzat eskaintzen duen ziber-babes konponbide onena saltzeko 🙂

+info: www.gaptain.com