Zazpi iradokizun on, praktiko eta errentagarri, 2016a amaitu baino lehen

24 December, 2016

Atzo izan zela dirudi, baina joan da beste urte bat ere. Eta sasoi honetan, urtero bezala, ekintzaileoi hainbat kezka sortzen zaizkigu bertan dugun etorkizun berriaren inguruan. Hala ere, oraindik hainbat erabaki har ditzakegu amaitzen ari den urte hau hobeto bukatzeko. Hainbat iradokizun proposatzen dizkizugu, zure baliabideak optimizatzen laguntzeko.

 

Kobrantzak eta ordainketak

Hauxe da urtea ondo bukatzeko lehen aholkua: egiteko dauden kobrantza eta ordainketak berrikustea. Egiaztatu bere garaian egindako eta behar bezala dokumentatutako diru-sarrera eta ordainketa guztien bankuko egiaztagiriak; hau da, izan eskura egindako eta jasotako faktura guztiak, zenbat zor duzun eta zenbat zor dizuten egiaztatzeko. Kontrol hori hiru hilerik behin egin beharko zenuke, baina beti dator ondo berrikuspen txiki bat egitea…

 

 

Tiketak berrikustea

Harri azpian ere begiratu duzu zure baliabide ekonomikoak nora joan diren jakin nahian, eta horregatik tiket asko bildu dituzu; jatetxe edo dendetan ematen dizkiguten tiket gogaikarri horiek, alegia. Sarri galdu egiten ditugu, edo datuak ezabatu egiten dira, edo are okerrago, gorde eta gero ez dute balio desgrabatzeko eta kenkariak aplikatzeko, ez daukagulako behar bezalako fakturarik, edo gastua ez delako beharrezkoa gure jarduerarako.  Kontsultatu aholkularitza batean nola kudeatu horrelako kontuak, eta hemendik aurrera, saiatu halako erosketak eta ordainketak beti toki berdinetan egiten, zure datu fiskalak izango baitituzte fakturak behar bezala egiteko; horrela, denbora eta dirua aurrezteaz gain, haserreren bat edo beste saihestuko duzu.

 

 

Inbentarioa zaintzea 

Inbentarioa da zure negozioaren ondarea osatzen duen guztiaren zerrenda zehatz, ordenatu eta baloratua. Ezin duzu informazio hori “asmatu”, eta teorian, elementu guztiak kontabilitatean agertu beharko lirateke; elementu horiek denbora gehiago edo gutxiago beharko dute amortizatzeko, bere ezaugarrien arabera, baina ez dugu beti inbentarioa egiten. Segun eta nolako negozio mota dugun, inbentario handiago edo txikiago batek emaitza-kontua alda dezake, eta beraz baita ordaindu beharreko zerga kopurua ere. Berrikusi ondo inbentarioa, eta kontsultatu amortizazio epe eta kontabilizazio formula desberdinak.

 

 

Urte amaierako erosketak

Dakizun bezala, enpresok bi zerga mota garrantzitsu ordaintzen ditugu, besteak beste: BEZa eta Sozietateen gaineko Zerga. Erosketa interesgarriren bat egin nahi baduzu, esaterako, ekipo informatiko berriak, sasoi ona da hau, batez ere, argi baduzu urtea behar adinako irabaziekin amaituko duzula. Gainera, sektore askotako enpresek eskaintza bikainak egiten dituzte urte amaieran beren helburuak hobetzeko; bi aldetatik aurrezten da, beraz.

 

 

Azken orduko elkartasuna

Urte amaierako erosketen kasuan bezala, iradokizun ona izan daiteke zure baliabideen zati bat ematea mundu hobe baten alde lan egiten duten erakundeei. Erantzukizun Soziala  astiarekin planifikatu eta garatu behar da, baina bultzada bat ere ongi etortzen da ekitaldi berria hasi baino lehen. Hala, erakunde horien ongintzazko helburuei laguntzeaz gain, erantzukizun sozialaren abantaila eta pizgarri fiskalak baliatu ahal izango dituzu; elkartasuna denontzat da onuragarri.

 

 

Bezeroak araztea

Aprobetxatu lasaiagoak diren egun hauek eta pentsatu zeintzuk diren benetan zure negozioari balioa ematen dioten bezeroak; ulertu itzazu eta emaiezu merezi duten arreta. Entzungo zenuen inoiz honelako zerbait: “zure bezeroen %20ak baino gutxiagok ematen dizute zure errentagarritasunaren %80 baino gehiago”. Hala ere, arreta eta dedikazio gehiago ematen diozu bezeroen gainerako %80ari… Urte berria hastearekin batera, komenigarria litzateke bezero horiek behar bezala sailkatzea, eta hobeto tratatzea. Pentsatu horretan eta aplikatu pentsatutakoa.

 

 

Erronka berriak planifikatzea

Azkenik, jar zaitez paper zuri baten aurrean: azaldu eta idatzi datorren urtean zure negozioarekin iritsi nahi dituzun mugarri garrantzitsuenak. Proposatu helburu zehatzak, errealistak eta eskuragarriak; emaiezu beren tokia denboran; berrikus itzazu hilean behin, eta kuantifikatu ekonomikoki beren inpaktua neurtu ahal izateko. Baina, batez ere, helburu horiek akuilagarri izan behar dute zuretzat eta zure taldearentzat; eta ez ahaztu ahalegina eta emaitza saritzea.

 

 

Espero dugu iradokizun hauek baliagarriak izango direla. Behar duzula uste baduzu, eskatu laguntza profesionala, bukatu urtea irribarre batekin, eta hasi hurrengoa urrats sendoz.

 

Zorionak eta, Urte Berri On!

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow