Oinarrizko 10 galdera eta 5 gomendio zure ideia eta argudioak hobeto komunikatzeko

4 March, 2015

Ekintzaileok proiektu bera aurkeztu behar izaten dugu lehiaketa eta deialdi desberdinetan; eduki eta material berberak erabiltzen ditugu denetarako eta agerian geratu ohi da  gaizki erabili dugula “kopiatu/itsatsi” ekintza gure arreta merezi duten jomugetan. Oro har badaude zenbait baldintza, lehiaketa edo deialdi guztietan bete behar direnak. Denbora edo arreta faltagatik ordea ez diegu jaramonik egiten; hala gertatzen zaigu baita ere erosten ditugun tresna berriekin, deskargatu dugun software lizentziak dakartzan jarraibideekin edo gure osasunarentzat are kaltegarriago izan daitekeen zerbaitekin, hots, kontsumitzen ditugun medikamenduek dakartzaten prospektuekin.


Hala, proiektuak pertsonalizatzea eta dagozkion baldintzei ahalik eta gehien egokitzea da kontuan hartu beharreko lehen faktorea. Dena den, badira beste ezaugarri komun batzuk ere; ideiak argi eta era ordenatuan azaltzea da beharbada garrantzitsuena, izan ere gauza asko kontatu nahi izaten ditugu eta interes horrek ideietan galtzera eramaten gaitu, azaldu nahi duguna ulergaitz bihurtuz. UP Euskadiren beste artikulu batean ideiak metodologikoki antolatzen lagundu genizun 10 galdera errazen bidez:
120528enfoqueproyectoEUZ

Oinarrizko hainbat gomendio daude proiektu oro idatzi eta aurkezteko. Hona hemen batzuk:


1. 
Egitura antolatua eta laburpena
Idazten hasi aurretik komeni izaten da aurkibide sinple bat egitea, gero guri komeni bezala aldatuko duguna; horrela, ez gara irteerarik gabeko bide batera iritsiko antolakuntzarik ez izateagatik. Gogoan izan “ona laburra bada bi aldiz hobea” dela eta baita ere “irudi batek 1.000 hitzek baino gehiago balio duela”; beraz, informazioa sintetizatu behar da eta grafiko edo ilustrazio egokiekin lagundu. Gant Diagramabatekin faseak, zereginak eta programatutako jarduerak irudikatu ahal izango dituzu edota denbora eta ekintza lerro bat egin espero dituzun emaitzekin.

 

2. Hizkera ulergarria eta orekatua.
Zure azalpenak ahalegin handirik gabe ulertzeko modukoa izan behar du, ez da erabili behar  arreta erakartzea beste helbururik ez duten teknizismo edo hitz konplexurik. Esaldi sinpleak, gramatika logikoa eta naturaltasun sintaktikoa. Eman informazioa zatika, erabili paragrafo laburrak eta ez luzeak, eta erabili epigrafe edo zenbakitzaileak. Eta jakina, EZ EGIN ortografia akatsik: zuzentzaile ortografikoa EZ dadila izan zure lanaren epaile bakarra. Erabili hiztegia behar adina.


3. 
Enpatia eta egokitzapena
Jar zaitez zure dokumentazioa irakurriko duen pertsona edo lantaldearen tokian; zure proiektua bezalako beste asko aztertu beharko dituzte eta horregatik beti komeni da aztertzeko erraztasunak ematea, besteak beste, eskatutako informazioa bakarrik emanaz. “Nora zoaz?, sagarrak dakartzat” ez da inor konbentzitzeko erarik onena. Baldintzak ongi irakurtzen badituzu eta lehiaketa edo deialdia zein motatakoa den ulertzen baduzu, jakingo duzu zer interesatzen zaien zure aurkezpena aztertuko dutenei: ideia berritzaileak, ekonomia-finantza plana edo balizko emaitzak; edozein dela ere, hanka hori ezingo duzu kolokan utzi.

 

4. Arreta eta interesa 

UP Euskadi-ren beste artikulu batean aurkeztu genuen AIDA salmenta teknika ezaguna, zeinak hauxe gomendatzen baitu ahozko aurkezpenetarako: Arreta erakartzea, Interesa eragitea, Desioa piztea eta Akziora pasatzea. Zure proiektuen idatzizko aurkezpenetan ere baliabideak bilatu beharko dituzu irakurtzen dutenen Arreta eta Interesa pizteko, beren Jakin-mina akuilatzeko eta Onarpena lortzeko. Hartu kontuan hiru gomendio horiek eta helmugatik hurbil egongo zara.


5. 
Berrikusi behin eta berriro
Ez aurkeztu behin eta berriro irakurri eta sakon berrikusi ez duzun proiekturik. Galdetu hirugarrenei ideiak argi azalduta dauden eta ongi ulertzen diren. Beharrezkoa bada, atxiki dokumentazio osagarria proiektuaren oinarriak azaltzeko, baina ez nahastu alderdi tekniko gehiegi ideia nagusiekin, ideiak indartu beharrean, kontrako efektua eragin zenezake eta.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow