Nomative: Nomada Sortzaileak aukera berrien bila

1 September, 2017

“Nomative” ekimena Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako Programaren barruan sortu zen, eta, beraz, negozio-jarduera prestakuntzaren parte da, prestakuntza bat espezifikoki oinarritzen dena praktikan eta “Learning By Doing“ filosofian. Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako Programaren bidez ikasleek prestakuntza jasotzen dute XXI. mendeko enpresek gehien eskatzen dituzten alderdiei buruz: talde-lana, kultura desberdinetan eta egoera ezezagunetan moldatzeko erraztasuna, ekimena eta independentzia, lidergoa, berrikuntza eta barne-ekintzailetza…


Txina eta India dira beren hurrengo jomugak: irailaren hasieratik urte amaierara arte bidaiatuko dute, eta asmoa da denbora-tarte horretan enpresa, erakunde edo instituzioen lankidetza proposamenak jasotzea, “Denon Ongiaren” arloko erronka berriei ekiteko.

Talde-lanean ari zareten bederatzi nomada zarete, nolako gaitasunak eta trebeziak partekatzen dituzue?

Gaur egun bederatzi laguneko lantaldea gara, bakoitzak bere gaitasun eta trebeziak ditu eta horrek aukera ematen digu elkar osatzeko. Gainera, hainbat balore partekatzen ditugu, hala nola:

  • – Leiala izatea: esperientzia atsegina sortzen dugu bezeroarentzat, epe luzeko harremana sortzeko.
  • – Ura izatea: egoera guztietara egokitzen gara.
  • – Eraikitzaile sozialak izatea: gizartea aberasten dugu gure negozioaren bidez.
  • – Ekintzarako gaitasuna izatea: ausardiaz eta proaktiboki jokatzen dugu gure ametsak lortzeko.
  • – Nomative espiritua: nomada sortzaile desberdinez osatutako lantalde bat gara, eta elkarrekin sortzea dugu helburu.

 

Arestian “20-75” proiektu berezia bultzatu duzue, Newen Bilbao erakundeko “teampreneurs” taldearekin batera.

Bai, joan den hilean akordio bat itxi genuen Deustuko Unibertsitatearekin, ekimen hori elkarrekin kudeatzeko. Programa horretan saiatzen gara pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzen, belaunaldi arteko harremanak baliatuz. Une honetan, pertsona nagusi baten eta gazte baten arteko bizikidetzan oinarritzen da programa.

Bizikidetza sortzeko prozesuan, gure lana da konexioa bilatzea bi pertsonen artean. Irailean egingo dugu lehen bikoteen aurkezpen handia. Hemen duzue esteka, programa sakonago ezagutzeko eta hari buruzko edozein zalantza guri galdetzeko ( 20-75.com ).

 

Ekintzailetza Sozialeko adibide bikaina da, zalantzarik gabe. Baina Modaren eta Ekitaldien munduek ere erakartzen zaituzte…

Hala da, bai. Gaur egun, esan genezake badugula ibilbidea egina ekitaldiak antolatzeko sektorean. Adibidez, aurten hainbat kontzertu antolatu ditugu: euskal garagardo artisauaren lehen jaialdia, ekintzailetzarekin lotutako ekitaldiak Bilbon, San Frantziskon eta Finlandian… Modaren sektoreari dagokionez, joan den Gabonetan concept store bat ireki genuen Zubiarte merkataritza-gunean, eta hainbat “Pop Up” ekitalditan parte hartu dugu. Modaren alderako interesa taldekide batengandik datorkigu, ikastaro bat egin baitu moda eta luxu arloko marketinari eta komunikazioari buruz.

Let’s Cereal izango da zuen eszenaratze ezagunena; nola sortu zen ekimena, eta zer moduz doa?

Oso pozik gaude Let ́s Cereal ekimenak Bilbon izan duen onarpenarekin. San Frantziskorako bidaiatik itzultzean bururatu zitzaigun ideia. Han zereal mota desberdin bat gosaltzen genuen egunero, eta oso harrigarria iruditzen zitzaigun, hemen ez baita ohikoa hainbeste zereal mota desberdin aurkitzea. Horregatik, kaxa mordoa ekarri genuen maletan geuk jateko, baina “adikto” bihurtu ginen. Behin aztertu ondoren zer egin genezakeen kontsumitzen jarraitzeko, erabaki genuen “Let ́s Cereal” irekitzea, jende gehiagok goza zezan zerealen paradisuaz. Bilbon izandako arrakastaren ondoren, erabaki dugu lantalde bezala abiatzea frankizia bat irekitzeko Shangain.

 

Eginaz eta haziz ikasten duzue; proiektu bakoitza esperientzia bat da zuen prestakuntzarako eta emaitzak zuen bezeroentzako.

Enpresan oinarritzen dugu gure ikasteko eta ezagutza sortzeko modua, Design Thinking eta Lean Startup ereduen bitartez. Bi metodologiek ekintza dute oinarri, hau da, geure akatsetatik ikastea.

Batzuetan, eredu horiek erabiltzea oztopo bat da zenbait bezerorekin lan egiteko, baina ia gehienetan, bezeroak harrituta gelditzen dira lortutako emaitzekin.

 

Zuen nazioarteko jarduera aukera iturri bikaina da beste merkatu batzuetan sartu nahi duten enpresentzat

Gradu honen bidez, besteak beste, ikasten dugu munduko beste kultura batzuei egokitzen. Hain zuzen, horretarako egin ditugu hiru bidaia lau herrialdetara Nomative enpresaren garapen prozesuan.

2015ean Finlandiara joan ginen zazpi asterako; bidaia hartan erabaki genuen zein izango zen gure enpresaren barruan ezagutza sortzeko modua, eta, gainera, hainbat proiektu garatu genituen, adibidez, ekintzailetzari buruzko ekitaldiak sortzea.

Aurtengo otsailean itzuli ginen San Frantziskotik, hiru aste eta erdiko egonaldia egin ondoren. Bidaia horrek aukera eman zigun Airbnb, Google eta Apple bezalako enpresengandik ikasteko.
Valentziako musikako ekoizpen-etxe bat (RegalaunHit) eta Errioxako upategi bat (Altún) nazioartekotu genituen. Eta, bestalde, ekintzailetza ekitaldi bat antolatu genuen Amerikan.

Aurtengo irailetik abendura, bi potentzia ekonomiko gorakorretara joango gara, alegia Txinara eta Indiara. Herrialde horietan ere lanean jarraituko dugu orain arte espezializatu garen sektoreetan: enpresen garapena eta nazioartekotzea; ekitaldien antolakuntza; diseinua eta joerak; eta ekintzailetza soziala.

 

Zuen lantaldearen asmoa da 2020rako inpaktu positiboa sortzea 30.000 lagunengan. Ez da erronka makala!

Lantaldeko kide guztion asmoa da inpaktu positiboa sortzea jendearengan. Horregatik, azterlan bat egin ondoren pentsatu genuen geure buruari erronka handi bat jarri behar geniola, zaila eta desafiatzailea, baina aldi berean, egingarria. Erabaki genuen 2020rako inpaktu positiboa sortzea 30.000 lagunengan, eta horietatik herena Euskal Herritik kanpo gainera. Garatu ditugun proiektu guztien ondoren, gure lantaldea egoera paregabean dago eta inpaktu kopurua handitzekotan gara…

 

Txinara eta Indiara egingo duzuen bidaian, zein da zuen erronka handiena?

Dagoeneko aztertu ditugu bi merkatuak, hainbat helburu finkatu ditugu lantalde gisa, eta zenbait elementu komun azpimarratu ditugu: kulturak ezagutzea eta trukatzea, bi herrialdeetako lan-prozesu eta -kulturetatik ikastea… Horrez gain, aukera berriak bilatu nahi ditugu eta lankidetza proposamen berriak entzun! Zain gauzkazu info@nomative.xyz helbidean.

+info: www.nomative.xyz

@Nomative: Marina Areizaga Fernández, Iratxe Alkiza, Juan Lasquíbar Torquemada, Iñigo Jiménez Sánchez, Silvia Echeverría Echarri, Haize Trueba, Maialen Sánchez Bergara, Unai Urrutia Larizgoitia eta Sergio Gallastegui Herrero.