Negotzioan, Ideia eta emaitza hobeak: Hasi zeure Sormen Prozesua

18 June, 2015

Sormena gure negozio-proiektuaren zerbitzura dagoen tresna gisa ulertzeko, beharbada zenbait mito argitu beharko genituzke lehenik:

 

– Ideia onak berez sortzen dira

– Pertsona sortzaileen, frikien edo eroen kontua da soilik sormena

– Jatorrizko talentuaren zati da eta ezin da ikasi

– Ez du ahaleginik eskatzen, eta ez dio ezein metodori erantzuten

– Betetzen duen egitekoa logoak, liburuxkak eta webguneak diseinatzea da

– Jende sortzaileak ezin du tokirik izan nire negozioan

– Brainstorming bat egitean datza sormena

 

Izan ere, sormena instrumentu bat da eta, hori horrela, behar bezala erabili behar da emaitzak eraginkortasunez lortzeko.

Sartuko al zenuke iltze bat zurean bihurkin batekin?

Eta egur bat mailukadaka moztu?

Bai, jakina, ahalegin gehigarriarekin eta egoskortasun-maila handiarekin, ezta?

 

Hona lehenengo aholkua: sormena PROZESU bat da.

Eta prozesu guztiek bezala, tresna egokiak erabili behar ditu metodikoki emaitza onenak lortzeko.

Ekintzaile gehienek beren sormena libreki, anarkikoki eta unean-unean edo berez abiarazten dute, eta horrek kasualitatez eskaini ditzake emaitza onak, baina ez teknika metodiko desberdinei jarraiki egikarituriko lan-prozesuaren ondoriozko berberak. Gure negozioan oinarrizko prozesu kreatzailea abiaraztea gauza sinplea da, eta beharrezko elementu bakarrak honako hauek dira: zenbait pertsona helburu baten inguruan biltzea, beren jarduna denboran aldian behin (adibidez, hamabostean behin, hilabetean behin…) gaineratzeko kezka izan dezatela, eta isilbidez egitea erronka bat aurkezten den bakoitzean (batez ere erronka ezbehar bat gainditzea bada)

Badira zenbait tresna, hala nola “brainstorminga” edo ideia-jasa, “Deplhi” teknika, “635″ edo “Philips 66″ metodoak, “Zwickyren kutxa”… UP Euskadiren beste artikulu batean deskribatuko ditugu horietako zenbait.

 

Jarrai dezagun gure bigarren aholkuarekin: Kulturaniztasuna:

Einstenek zionez, “emaitza desberdinak lortu nahi badituzu, ez egin beti gauza bera”. Guk ere emaitza desberdinak lortzeko pertsona desberdinak baliatzea aholkatzen dizugu. Sormen-prozesu guztietan, iritzi desberdinek prozesuaren garapena eta azken helburuen lorpena aberastuko dute.

Ez zalantzarik izan esparru, kultura, pentsamendu, egoera eta adin desberdinetatik datozen pertsonak baliatzeko. Nerabe baten berezko freskotasunarekin hasi eta pertsona heldu baten esperientzia ordainezinarekin buka, edozein motatako ikuspegiak bil daitezke, txinparta txikietan uztartuko direnak, beste txinparta batzuetarako bidea zabalduz, eta batzuk eta besteak elkartuta, magia gertatzen da batzuetan, eta ideia miragarria garatzeko prest dago jada.

 

Eta horra hirugarrena: Helburuak!

Senekaren esaldi bat oparituko dizugu, Schopenhauerri ere egotzitakoa: “Ez dago aldeko haizerik zer portutara doan ez dakienarentzat”. Helmuga ezagutzen baduzu, errazagoa izango da bidea egitea. Eta helburuak modu logiko eta zehatzean ezagutarazten badizkiezu prozesu kreatzailearen zati diren pertsonei, arinagoa eta eraginkorragoa izango da lana. Ordu pare bat baino lehenago, mota guztietako ideiak sortuko dira, baztertzea komeni ez direnak, non eta ez diren erabat aldrebesak, burugabeak edo bideraezinak. Norbaitek ideiak apuntatu beharko ditu eta ondorengo azterketa edo bilkura baterako gorde.

 

Gure laugarren aholkua bizi garen LASAITASUNEKO gunetik irtetea da, erosoegi baikaude bertan eta horren ondorioz, ez dugu alternatibarik bilatzen itxuraz ondo dabilenarentzat.

Jakina, lehentasunezko aldaketak eskatzen dituzten gaiak konpontzea komeni da, baina ez dugu etengabeko hobekuntzara bideraturiko sormena ahaztu: “egarri izan baino lehen egin behar da putzua”.

Etengabeko hobekuntza horren adibide on bat Japoniako herriak eskaintzen digu, eta enpresaren munduari egindako beste zenbait kultura-ekarpen handiren artean, KAIZEN filosofia erabiltzen du ohiko praktika bezala lanaren kalitatean, bana-banaka zein taldeka.

Kaizen filosofiaren printzipioaren arabera GUZTIA da betiere hobegarria, eta ez du egunik igaro behar nolabaiteko hobekuntzarik gabe. “Gaur atzo baino hobeto, bihar gaur baino hobeto!”

 

Amaitzeko, bosgarren aholkua: Alternatibak.

“Alternatibak bilatzea” da sormenaren funtsezko elementua:

– Gauzak egiteko beste modu bat ote dagoen aztertzea

– Alternatiba bideragarriak zein diren identifikatzea

– Egiteko zer gehiago falta den pentsatzea.

 

Ia beti, jada badagoen edo gertatzen den zerbaiti alternatibak aurkitzeko abiarazten da sormena, baina posible da ez dagoen zerbaiten gainean lan egitea; horrela hasi ziren “Higgs-en Bosoiari” edo “Jainkoaren Partikulari” buruzko ikerketak, Materiaren jatorriari buruzko jakintza eraldatu duten ikerketak.

Jakina, ez dugu gure sormen-ariketa ikerketa-mailetara eramango, baina antzeko praktikak erabili ahalko ditugu, aldiz, gure jarduera ekintzaileetan garatzeko.

 

Jarraitu asteko gure informazio- eta prestakuntza-tartekiak UP Euskadin edo harpidetu informazio-buletinera eta ezagutu zer jardunaldi, ekitaldi, ikastaro eta abar gerta dakizkizun lagungarri zure prozesu kreatzailea martxan jartzeko: UP Euskadi.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow