Mikel Meoki, Embeblue: “Konektagarritasunak negozio-ereduak aldatuko ditu, Internetek musika edo bidaia-agentziak aldatu zituen bezala”

13 November, 2016

Embeblue enpresan bederatzi profesional ari dira dispositibo elektronikoak diseinatzen, fabrikatzen eta programatzen; elektronika-lanak egiten dituzte konponbidea emateko sektore anitzetako arazo eta premia desberdinei. “Gauzen Interneten sektore berri honetan, gauza asko ari dira konektatzen. Guk, sentsoreak eta dispositiboak sortzen ditugu, ingurunea digitalizatzeko eta datuak haririk gabe Internetera bidaltzeko”.

Embeblue enpresa nafarra da Start UP! Basque Industry 4.0 (BIND 4.0) ekimenean parte hartu duten 41 herrialdetako 257 startupetako bat. BIND 4.0 Eusko Jaurlaritzak Euskadiko enpresa industrial garrantzitsuenekin batera egin duen apustu bat da, bost kontinenteetako ekimen berritzaileak Euskadira erakartzeko.

 

Lehenik eta behin, zorionak! Zure enpresa hautatua izan da BIND 4.0 programan, Euskadiko enpresa industrial garrantzitsuenetako batzuekin lan egiteko. 

Mila esker! Albiste aparta izan da guretzat. Ez da erraza startup bat sortu eta sendotzea, ahalegin handia egin dugu, eta horrelako albisteak oso garrantzitsuak dira. Batetik, aukera emango digu lehen mailako enpresekin (CAFekin hain zuzen) lan egiten hasteko eta, bestetik, geure burua ezagutarazteko guretzat oso garrantzitsua den sektore industrialean. Eskerrak eman behar dizkiegu Eusko Jaurlaritzari eta SPRIri azeleragailu hau sortzeagatik, eta CAFi ere bai, guregan konfiantza izateagatik eta hautatzeagatik.

 

 

41 herrialdetako 300 startup inguru aurkeztu ziren. Erronka hain garrantzitsu baterako hautatutako lehen enpresa nafarra zarete. 

Halaxe da, deialdiak erantzun zabala izan du, eta gu hautatu izana albiste bikaina izan da, oso garrantzitsua guretzat. Erronka honetan, frogatu behar izan dugu ez bakarrik startuparen ibilbidea eta ikuspegia, baizik eta baita ere eskaintzen genuena bat zetorrela enpresen premiekin. Uste dut startup asko horregatik ez dituztela hautatu, agian etorkizunean aukeratuko dituzte, azeleragailuan izena ematen ari diren enpresa handi berriek premia berriak izango dituztelako.

Bestalde, ez da erraza kanpotik enpresa handiekin hitz egitea, oso zaila baita hizketakide aproposa identifikatzea eta jakitea taldeko zein departamendu edo enpresa egon litekeen gure konponbideen premian. Programa honi esker, enpresa handiek ahalegin bat egin dute, startupok eskaintzen dugun balio proposamena aztertu dute, eta beren barneko premiekin uztartu, lankidetza proiektu hauek sortzeko.

 

 

Beste startup batzuentzako dispositibo elektronikoak sortzen hasi zineten

Enpresa 2013an sortu nuen Simón Santesteban adiskide eta Telekomunikazio Ingeniaritzako ikaskidearekin batera. Proiektuak garatzen hasi ginen, eta pixkanaka lantaldea handitu dugu, gaur egun 9 lagun izateraino. Startupentzako dispositiboak sortzen hasi ginen (objektuak ez galtzeko dispositiboak, poltsa adimendunak, haririk gabeko eskumuturrekoak…), baina duela urte eta erdi ingurutik ikusi dugu horrelako elektronikaren eskaera gero eta handiagoa dela enpresa industrialetan eta enpresa handietan. Gaur egun, askotariko proiektuak garatzen ditugu: ur kanalak, haize-errotak edo fabrikazio-lineak monitorizatzeko proiektuak, hotz-kateak monitorizatzeko eta produktuak “smart” bihurtzeko proiektuak…

 

Hemendik aurrera, mundu osoan presentzia duen CAFen barnean garatuko du Embeblue enpresak bere ezagutza eta teknologia. Zein izango da zehazki zuen lana?

ACTREN izeneko enpresarentzat (CAFen filial bat) egingo ditugun bi proiektuak. Lehenengoan, sentsorez hornituko ditugu dagoeneko funtzionatzen ari diren elementu garrantzitsuenak, eta bigarrenean, tresneria elektronikoa sortuko dugu ibilgailuen mantenimenduan denbora gutxiago behar izateko.

 

 

Zuk esan duzunez, “teknologia demokratizatu egin da, eta edozein enpresak erabil dezake kostuak aurrezteko eta bezeroei zerbitzu berriak eskaintzeko”.  

Elektronika gorakada betean dago, eta esan liteke demokratizatzen ari dela, prezioak (garapenekoak eta fabrikaziokoak) asko jaitsi baitira eta orain askoz errazagoa baita edozein dispositibo eskuratzea. Gero eta dispositibo elektroniko gehiago saltzen dira, baina hori baino garrantzitsuagoa da gero eta produktu gehiagok berekin ekarriko dutela elektronika, hau da, Smart edo produktu adimendun bihurtuko direla. Gauzen Internetek eta 4.0 Industriak elektronika asko behar dute ingurunea digitalizatzeko (sentsoreak, komunikazioak…) eta datu horiekin inteligentzia sortzeko.

Embeblue enpresan azkartasuna ematen diogu elektronika garatzeko prozesuari, enpresek errazago eskura ditzaten orain arte eskuragaitzak ziren teknologiak.

 

 

ETEen esparruan garapenaren lehen faseetan dago oraindik “Gauzen Interneta”.

Gure ustez hilabete gutxitan asko aldatu da horri buruzko ikuspegia. Gauzen Internet zerbait futurista zen oraintsu arte, orain, berriz, enpresan txertatu beharreko premia bat bezala ikusten da. Enpresa asko ohartu dira produktu, prozesu eta zerbitzuen konektagarritasunak negozio ereduak aldatuko dituela sektore askotan (Internetek musika eta bidaia-agentziak aldatu zituen bezala), eta ez dute atzean gelditu nahi. Lehen aldiz “larri” nabaritu ditugu aldaketa horretaz ohartu diren bezeroak. Adibidez: auto konektatu bat erosten badugu, norenak dira autoak emititzen dituen datuak? …Fabrikatzailearenak, kontzesionarioarenak ala auzoko tailerrarenak? Datuak eta bezeroarekiko kontaktu zuzena lortzen dituen balio-kateko zatiak indarra izango du zerbitzu eta produktu berriak eskaintzeko. Horregatik uste dugu orain arte modu klasikoagoan funtzionatu duten sektore asko aldatu egingo direla.

 

Nola imajinatzen dituzu euskal industria eta industria nafarra urte batzuk barru? Nolakoa izango da 5.0 industria? 

Galdera ona. Ez dago jakiterik nolakoa izango den, espekulazio hutsa da. Prozesuak eta makinak gero eta konektatuago egongo badira, eta adimendunak izango badira, baliteke fabrikazioak langile kualifikatuekiko duen menpekotasuna desagertzea. Hala, posible litzateke modu distribuituan sortzea industria-ehuna; hau da, fabrika handiak izan beharrean, agian, tailer txikiak sortuko dira puntu geografiko oso desberdin askotan, eta eredu horrek erresilientzia industriala emango die komunitateei. Logistika eta garraioa garestitzen badira, fabrikazio mota horrek zentzua izango luke.

Horixe gertatu da Embeblue enpresan. Ingeniaritza bat izateaz gain, badaukagu elektronika fabrikatzeko teknologia eta makineria, orain dela gutxi arte enpresa handiek bakarrik eskuratu zezaketena. Beste horrenbeste ari da gertatzen 3D inprimagailuekin.

 

+info: www.embeblue.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow