Mikel Garrido, Euraslog: “Finantzaketaren eta bidaia-lagun onen bila gabiltza, jada mundu osotik iristen ari zaigun eskari izugarriari erantzuteko”

16 June, 2015

 

“Ez zekiten ezinezkoa zela, eta horrexegatik egin zuten…”

Zuri, ordea, ezinezkoa zela esan zizuten, eta hala ere egin zenuen…

Haurrei ibilgailuan eusteko sistemak garatzen zituzten adituek eta autobusen arloko adituek hasieratik esan ziguten ezinezkoa zela horrelako sistema bat egitea garraiobide-mota honentzat. Besaulki-motak, haien homologazioak, proben zailtasuna… “Fisikoki” ezinezkoa zen hori egitea. Baina lau urte baino gehiago lanean eman ondoren, kezken ondoren, bi alditan dena bertan behera uzteko zorian egon ondoren, lortu dugu haurrei ibilgailuan eusteko sistema homologatua garatzea, autobusentzako lehenengoa eta bakarra.

Sentsibilizazio-kanpainei esker, jakitun gara haurrei ibilgailuan eusteko sistemek egunero salbatzen dituztela haurren biziak ibilgailuetan; datuak ukaezinak dira. Hala ere, ez dugu ulertzen zergatik oraindik ere gure txikiak inongo segurtasun-motarik gabe ibiltzen diren autobusez bidaiatzen dutenean, zoritxarrez istripuak izaten diren errepide, autobia eta autobide horietan berberetan.

Gure produktuak behar hori betetzen du, hau da, garraiobide honek benetako segurtasuna eskain dezala eta horrela gure txikientzat arriskuak murriztu daitezela.

 

Urte batzuk daramatzazu ikertzen, probak egiten, dirua inbertitzen…, ez da erraza izan honaino iristea

Ez da batere erraza izan. Hasierako adituen “ezinezko” horri beste zailtasun bat erantsi behar zaio, hau da, lehenengoa eta bakarra den produktua denez, homologaziorako probak eta testak biziki gogorrak izan dira: ez ziguten luparekin begiratzen, mikroskopiorekin baizik!

Egin beharreko inbertsioa benetan handia izan da, eta horren ondorioz ohiko etxebizitza bi aldiz “berhipotekatu” behar izan dut finantzaketa lortzeko berme gisa; hori guztia soilik homologazio-prozesuan! Pare bat aldiz, bazirudien proiektuak ez zuela aurrera egingo, eta bertan behera geratzeko puntuan egon zen; baina neure burua galbiderako zorian ikustean, izuarekin batera saiatzeko gogoa sentitu nuen eta horrek bultzatuta jarraitzeko adorea izan nuen.

Une honetan, mundu osoan bakarrak garenez, mundu osoko lekuetatik iristen zaizkigu informazio-eskariak; Europa osotik, Hego Amerikatik, Asiatik eta baita Estatu Batuetatik ere, non araudia desberdina baita. Eskari horrek agerian uzten du beharra ez dela soilik tokikoa, baizik nazioartekoa.

 

Orain Lege bat dugu; haurren segurtasuna arautzen ari dira; familiek gai horri buruzko kezka dute; badago patentaturiko eta homologaturiko produktu bat… Badirudi azkenean dena alde dagoela.

Legea ibilgailu pribatuei ezartzen zaien lege bera da, eta esaten du derrigorrezkoa dela haurrei ibilgailuan eusteko sistema homologatua erabiltzea adin txikikoak errepidean “doazen bakoitzean”, motordun ibilgailua edozein dela ere. Gertatzen zena zen autobusean ezin zela ezer jarri, eta orduan erabaki zela “beste alde batera” begiratzea eta segurtasun-uhalik gabe bidaiatu zedin ere baimentzea.

Baina orain badago haurrei ibilgailuan eusteko sistema homologatu bat autobusentzat; beraz, adin txikikoek modu seguruan bidaiatzeko dagoen beharrari erantzuteko aukera izateaz gain, posible da legea betetzea eta bete egin behar da.

Aitortzen dugu “ezinezko” horrek benetan ezustean harrapatu duela administrazioa, eta hori dela-eta jada Trafikoko Zuzendaritza Nagusia eta Bide Segurtasunerako Fiskaltza Nagusia gurekin harremanetan jarri dira produktua ezagutzeko eta horren arabera jarduteko. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak zorionak eman dizkigu produktua garatzeagatik; aitortu digu irtenbidea eman diogula egunero aurrean zuten “arazo larri bati”, eta orain erantzuna eman diezaiekeela legeak ezartzen duen bezala autobusetan segurtasun handiagoa izatea eskatzen duten milaka pertsona horiei.

 

Haurren Segurtasunari buruzko Estatuko Elkarteko partaide zara, eta sentsibilizazio-jarduerak egiten dituzue; horien ondorioz, seguru asko, arlo hau seriotasun handiagorekin hartuko da…

Elkarteari esker, beti itxita zeuden ate batzuk ireki dira, adibidez, enpresa txikienak. Lortu dena da autobusetako haurren segurtasunak oihartzuna izan dezala eta orain lantzen ari garen beste gai batzuk ere bideratzea.

Iaz soilik 15 egunetan lortu genuen, “Change.org” orriaren bidez, 50.000 pertsonek baino gehiagok eskaera bat sina zezatela eskola-garraioan segurtasun gehiago eskatzeko Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari. Parte-hartze handi horri esker, erakundeak adin txikikoen bide-segurtasunari buruzko lan-taldea jarri zuen abian, hamar urte hori landu gabe egon ondoren; bilera horretako gidari izan ginen.

 

Euskadiko erakundeak bidea errazten ari dira, baina seguru asko oraindik ere badira proiektu hau hobeto garatzen lagundu dezaketen gauza gehiago.

Eusko Jaurlaritzak, eta zehazkiago, “Trafiko” sailak interes handia azaldu du produktuaren inguruan; izan ere, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari bezala, urtero gurasoen eskaera ugari iristen zaizkie eskola-garraioan segurtasun handiagoa eskatuz.

Baina gainerako administrazioei gertatu zaien bezala, hauek ere ezustean harrapatu ditu: badakite egungo legeak horiek erabiltzera behartzen duela, baina hainbeste urtean ezer gabe egon ondoren, zailtasunak izan dituzte zer egin erabakitzeko; jakitun dira sistema hori erabili egin beharko dela azkenean. Hori horrela, Euskadiko Administrazioa da gai horren inguruan gehien eta hobekien aurrera egin duena: datorren ikasturterako komunikazio-jarduerak planifikatu ditu eta ekintzetara igaro da, eta eskola-garraioko baldintzen agiriari erantsi dio urte askotan gehitu nahi izan dion puntu bat: “Derrigorrezkoa da Haurrei Eusteko Sistema Homologatuak erabiltzea”.

Orain, beldurtzen gaituena eskaini beharko dugun unitate-kopurua da. Homologaturiko produktu bakarra denez, milaka unitateren eskariak ditugu; Euskadin bakarrik, egunero 34.000 adin txikikok erabiltzen dute autobusa beren ikastetxeetara joateko. Orain gure erronka nagusia da behar bezala prestatuta egotea kantitate horiek eskaini ahal izateko.

 

Beraz, baliabide ekonomikoak, itun estrategikoak eta operatiboak behar dituzu, fabrikatzeko eta merkaturatzeko

Ez dago zalantzarik, milaka unitate fabrikatzeari buruz ari gara hizketan, eta ikuspuntu komertzialetik onargarria den denbora-tartean. Une honetan fabrikazioan inbertitzea funtsezko osagaia da, ia-ia artisau erako fabrikazio horretatik ahalik eta gehien automatizatzera igaro behar dugu.

Horrek eskatzen du, ezinbestean, inbertsioa egitea makinetan, langileetan, materialetan… Eta hemen bi aukera ditut: edo pixkanaka-pixkanaka joan, eta saltzen goazen neurrian inbertitu… edo kanpoko inbertsioa eta itunak lortu, hasiera-hasieratik erantzuna eman ahal izateko eskari izugarri honi.

Nire helburua da, era berean, ekoizpena Euskadin egitea, eta zehazkiago, Lantegi Batuak-en bidez; izan ere, balio erantsi oso garrantzitsua dela iruditzen zait ekoizpena gure herrian egitea, eta aldi berean, laguntza ematea talde honek eskaintzen duen garapen sozial eta integratzaileari.

 

Era berean, arlo honi buruzko prestakuntza eta aholkularitza ematen duzu, zer zerbitzu eskaintzen dituzu, zein dira zure bezeroen profilak?

Haurren segurtasunaren arloan oraindik ere asko dago egiteko (dena ez esatearren). Helduentzat eta helduek garaturiko munduan bizi gara; heldu batentzat arazorik ez duten ingurune eta egoera asko arriskutsu bihurtzen dira txikien mundura pasatzen ditugunean.

“Herrialde postraumatikoa” gara; hau da, istripuen ondoren bilatzen ditugu konponbideak, berriro gerta ez daitezen. Prebentzio-jarduerak gertakarien ondoren egiten dira, edo bestela araudi eta betebeharrek bultzatuta, laneko arriskuen, suteen prebentzioaren, ezintasunen bat duten pertsonentzako egokituriko eraikinen eta abarren arloan. Haurren segurtasunaren arloan, bitxia bada ere, ez zegoen ezer.

Sektore askok eta oso desberdinek eskatzen dizkigute aholkularitza- eta prestakuntza-zerbitzuak, baina guztiek ere sentsibilitate handia dute txikienei segurtasuna eskaintzeko arlo honetan. Une honetan, talde handiek eskatu dute jada gure lankidetza, batez ere prestakuntzaren eta ikuskaritzaren arloetan, adibidez, El Corte Inglés, Eroski, Renault, Hertz, Eusko Jaurlaritza, Trafikoa, edo Udalek, batzuk aipatzearren.

 

Azkenik, Mikel, zure esperientzia saiatzearen eredu izan daiteke. Thomas Edisonek azaldu zuen, bonbilla asmatu aurretik izan zituen hutsegite guzti haiek ez zirela hutsegiteak izan: “Ez nuen huts egin, 999 modu deskubritu nituen bonbilla bat nola ez egin jakiteko …” Seguru asko prest egongo zara beste ekintzaile askori aholkua emateko.

Edisonek hau ere esan zuen: “Asmakuntza baten % 1 inspirazioa da, eta gainerako % 99a saiatzea”. Eta aipamen ezagunekin jarraituz, hemen doaz beste bi:

“Beti dirudi ezinezkoa, lortzen den arte”, Nelson Mandelak esana.

“Ekintza handiak ez dira indarrez egiten, baizik saiatzearen poderioz…” Samuel Johnson-ek esana.

 

info+: www.euraslog.com

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow