Makinen optimizazio eta errendimendua, edozein izanik ere euren kokapena munduan

27 January, 2015

ELKARRIZKETAREN TRANSKRIPZIOA

Makina-erremintaren xarmatzaileak al zarete?
Bai. Beharbada makina guztiena, orokorrean. Makina-erreminta oso sektore indartsua da Euskadin eta arreta handia ematen diogu. Baina gure sistema behar bezainbateko automatismo maila daukan edozein makinatan aplikatu daiteke.

Kontua zer da, makinei ahalik eta etekin handiena ateratzea, adimendunak izanik ere?

Gauza bi bereizi behar dira. Batetik, fabrikatzaileak berak jakitea nola funtzionatzen ari diren munduan barrena dituen makinak. Guk nola funtzionatzen ari diren erakusten diegu, eta hala, ikusten bada arazoren bat dutela, aurrea har dezakete. Eta puntu bakar batean bildutako informazio horrekin guztiarekin diseinuak hobetzen lagundu diezaiekegu. Bestetik, ezagutza-sare bati konektatutako makina bat saldu nahi dugu, hobeto funtziona dezaten eta mantenimendu gastu gutxiago izan dezaten. Abantaila lehiakor bat dute.

Horrek zerikusia dauka 4.0 industriarekin.
4.0 industriaren kontzeptua oso zabala da. Gu adimen lehiakorrean zentratzen gara: makina asko baditugu aldi berean, asmoa da guztietatik ikastea eta ez batetik bakarrik. Eta hobetzea ez bakarrik fabrikazioa, baizik eta baita ere diseinua.

44 makina monitorizatzen dituzue dagoeneko. Zein igurikapen dituzue 2015erako?
Kontrolatuta ditugun 44 horien kasuan -lau kontinentetan sakabanatuta daude-, gure teknologiaz fidatu den jendea da, eta kobratu egin ahal izan dugu horren truke. Baina prototipoen ezarpenak izan dira, orain merkatura jauzi egin nahi dugu produktu askoz definituagoekin. 2015ean sabairik ez dago, ahalmena daukagu makina kopuru masibo batera hedatzeko oso denbora gutxian eta kostu nahiko merkeekin.

Merkatuko baldintzak zuen alde daude. Erosleek makinen mantenimendurako klausula gehiago eskatzen dituztelako eta badelako merkatu-nitxo bat.
Haziz joan da. Makina bategatik hainbat milioi euro ordaindu dituen erosle baten lekuan jartzen bagara, argi dago erosle horrek nahi duena dela norbaitek berma diezaiola makinaren produktibitatea. Produkzio berme gehiago eskatzen dira eta erosleek produkzio gaitasuna nahi dute, etenaldirik gabe. 5-10 milioi euro balio duten makinez ari gara. Akatsen bat badago, posible da mantenimendu arloko aholkuak ematea Txinaraino edo Japoniaraino joan beharrik gabe.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow