“Saltzea da garrantzitsuena”. Guillermo Vilarroig, Overalia enpresako bazkide fundatzailea

14 September, 2016

Gaur egun ezinbesteko enpresa-jarduera da sektore ekonomiko askotan, baina, duela hogei urte, ameslari gutxi batzuk baino ez zuten apustu egin onlineko marketinaren alde. 

Overalia esparru horretan espezializatutako agentzia bat da; esperientzia du weben garapenean 1996tik, eta aitzindaria da bilatzaileetako marketinean, web analitikan eta onlineko ospean. Enpresako bazkide fundatzaile Guillermo Vilarroigek eta bere lantaldeak proiektu integralak egiten dituzte metodologia zaindu baten bidez, emaitza onenak lortzeko beren bezeroentzat.

 

Bi hamarkada daramatzazue lanean web analitikako, bilatzaileetan posizionatzeko eta onlineko marketineko agentzia gisa; horrek esan nahi du Overalia enpresa dekanoa dela Estatuan. 

Hala da, bai. Duela 20 urte hasi ginen webak garatzen, baina berehala erabaki genuen espezializatzea, eta bilatzaileetako posizionamenduan eta web analitikan zentratzea. Lehenengoetakoak izan ginen Googlek partner ofizial gisa aitortutako Estatuko agentzien artean. Argi geneukan web garapena soilik ez zela nahikoa emaitzak lortzeko. Horregatik, oso hurbiletik jarraitu ditugu beti onlineko marketinaren nobedadeak, hots, aukera ematen dutenak edozein negozioren alderdi komertziala ahalik eta gehien ustiatzeko. Urte hauetan lortutako ziurtagiriek bermatzen dute gure lana.

Gero eta tresna gehiago dauzkagu gure balizko bezeroarenganaino iristeko, eta ez dio axola ezagutzen gaituen ala ez; efektu handia lortzen dugu ad hoc edukiak eskainiz une aproposenean, eta oso zaila da bezeroarentzat tentazio horri uko egitea. Hala, bezeroa bera izango da gugana joko duena.

Hori bai, horrelako onlineko marketin estrategietan barneratzeko, ezinbestekoa da mentalitatez aldatzea eta enpresaren kultura komertziala iraultzea. Halere, bide horrek funtzionatzen du, emaitza handiak lortzen ari gara eta.

 

Nola eboluzionatu du zuen proiektuak? Zein mugarri lortu ditu konpainiak denbora horretan? 

Bi hamarkada daramatzagu onlineko marketinean lanean, eta gure proiektuak 180 graduko itzulia egin du denbora tarte horretan, gizarteak eta Interneten informazioa kontsumitzeko ohiturek bezalaxe. Azken nobedadeen gainean egon beharra dugu egunero, bezero bakoitzaren premiei egokitu ahal izateko.

Gure ibilbidean zehar emaitza onenak ematen dituzten diziplinetan espezializatu gara, hala nola SEO, bilatzaileetako kanpainak eta web analitika; eta, orain, “inbound marketing”-arekin ari gara, “Marketo” bezalako tresnekin.

Gure asmoa da erabiltzaileari (balizko bezeroari) behar duen edukia ematea une aproposenean, salmentara hurbildu dadin. Horretarako ongi ezagutu behar dira merkatua eta erabiltzaileak, eta, hain zuzen, horretarako balio du aipatu dugun tresna horrek.

  

Eta nola eboluzionatu du web analitikak eta bilatzaileetako posizionamenduak denbora horretan? 

Web analitikari esker gero eta informazio gehiago daukagu gure web orrira sartzen diren erabiltzaileei buruz, adibidez, badakigu zenbat denbora igarotzen duten bertan, zein eduki kontsumitzen dituzten, zein trafiko iturritatik datozen, zein eduki deskargatzen dituzten, e.a. Informazio hori iragaziz eta ondorio egokiak erauziz, onlineko estrategia eta emaitzak hobetu ditzakegu.

Bilatzaileetako posizionamendua, bestalde, Googlek (eta beste bilatzaile batzuek) bere algoritmoetan sartzen dituen arauen araberakoa da. Arau horiek gero eta gehiago bilatzen dute ahalik eta eduki interesgarriena eskaintzea bilatzaileko erabiltzaileari. Eta hori oso kontuan eduki behar da edozein estrategia aztertzeko orduan. Gure weba oinarrizko SEO arauen arabera optimizatu ondoren, trikimailu guztiak ahaztu eta baliozko edukiak eskaintzen saiatu behar dugu, zeren, bilatzaileetan ikusgarri izateaz gain, erabiltzailea erakartzeko eta haren arreta atxikitzeko gai izan behar baitugu.

 

 Zergatik da beharrezkoa enpresa batentzat bere webeko trafikoa eta bezeroen (edo balizko bezeroen) portaera neurtzea? Nolako onurak ekar ditzake horrek? 

Zenbat eta hobeto ezagutu erabiltzaileen (balizko bezeroen) portaera, orduan eta egokiagoa izango da gure estrategia komertzialaren norabidea. Beraz, aukera gehiago izango dugu balizko bezeroarengana eskaintza onenarekin iristeko. Premisa hori online eta offline ere aplikatu daiteke.

 

Zein aholku emango zenizkioke enpresa bati bere web trafikoa hobetzeko eta kanpo merkatuetako bere salmentei bultzada bat emateko? 

Helburu hori lortzeko, ahalegina egin behar du balizko bezeroaren aurrean ikusgarri izateko, bezero horrentzat erakargarria den eduki batekin. Lortzen badugu bere interesa piztea, hurrengo urratsak dira harremanetan jartzea, eskaintza bat bidaltzea eta, azkenik, erosketa gauzatzea.

 

Nola animatuko zenuke enpresa bat YouTube eta antzeko kanalak erabiltzera kanpo merkatuetako salmentak hobetzeko? 

Youtube kanal paregabea da jende askorengana iristeko. Informazioa erraz kontsumitzen da bideo baten bidez, beraz, aukera ugari eskaintzen ditu. Baina kontua ez da zein kanal erabiltzen dugun guk, baizik eta jakitea zein kanal erabiltzen dituzten gure bezeroek. Hori argi izandakoan (Youtube edo beste edozein kanal edo orrialde), orduan pentsatu behar da nola eta zein edukirekin irits gaitezkeen haienganaino.

Baina audientzietara iristeko, Youtube askoz merkeagoa da, adibidez, Adwords baino.

  

Azken urteotan Overaliak unitate berri bat abiarazi du, mundu industrialera bakarrik bideratzen dena. Unitate horrek proiektuak egiten ditu makina-erreminta, siderurgia, logistika-ontziratze, elektronika nahiz energia talde handientzat… Zein da estrategia horren helburua? Zein da Overaliaren balio erantsia esparru horretan? 

Sektore industrialak, kasu askotan, mundu osora esportatzen du ekoitzitakoaren zati handi bat. Eta oso garestia da hainbeste herrialdetara iristeko salmenta-indar tradizionala erabiltzea. Onlineko marketinak asko erraztu dezake lan hori, eta balio du baita ere herrialde batzuetan eginda dagoen lana indartzeko.

Enpresa industrial askok ez dute onlineko marketinik garatu ezagutzen ez zutelako, baina Overalian ikusi dugu, behin haien aldeko apustua egin eta emaitzak ikusi ondoren, ez dutela zalantzarik izan onlineko kanaletan inbertitzen jarraitzeko.

Sektore industriala ausarta izan da beti, eta enpresek arrakasta handiak lortu dituzte beren ikuspegi estrategikoari esker. Ziur gaude, Internetek beren negozioarentzat eskaintzen dituen aukerak ezagutu ahala, gure munduan murgilduko direla. Emaitzak hortxe daude.

 

Bukatzeko, zein proiektu daukazue esku artean?

Hainbat enpresarekin gabiltza lanean elkarrekin uztartu ditzaten beren estrategia komertzial tradizionala eta onlineko munduak eskaintzen dizkien aukerak. Saltzea da garrantzitsuena. Eta eurentzat, beti bezala, informazioa da salmentarako giltzarria; une egokian eta toki aproposean egotea, alegia. Informazio hori bidegurutze bat da, hots, sare komertzial tradizionalak kudeatzen duen informazioa eta onlineko elkarreraginetik sortzen dena elkartzen diren tokia; eszenatoki hori kudeatzen dakiena da salmenta prozesuko alderdi eraginkorrena.

Beste erronka handi batzuez ari garenean, adibidez nazioartekotzeaz, ezinbestekoa da horrelako ikuspegia izatea (eta pixkanaka enpresa guztietara iritsiko da). Horretan gabiltza lanean. Pozik gaude, bezeroak ulertzen duelako esaten dioguna, baina solaskideak egokia izan behar du: negozioez eta salmentaz dakien jendea behar da, SALTZEA baita garrantzitsuena.

 

+info:  http://www.overalia.com/ 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow