Libe Fdez. Torróntegui: “reharq* bizitzaz eta ondareaz gozatze hutsa da”

14 April, 2015

Libe, esaiguzu zein den zure ekimenaren jatorria, noiz eta zergatik piztu zitzaizun ondarearen alderako interesa.

Egin zidaten lehen enkarguetako bat izan zen Nafarroako herri batean katalogatutako etxebizitza bat birgaitzea. Baldintza asko zituen proiektua zen, etxebizitza babestua zelako, baina aldi berean oso interesgarria iruditu zitzaidan. Harrezkero, eraikuntza historikoen alderako harra sortu zitzaidan eta ikusi nuen ongi lan egiteko ezinbestekoa zela espezializatzea.

Hala, 2012an “krisia aprobetxatuz” [keinu egin du] Bartzelonara joan nintzen eta “Birgaitze eta Zaharberritze Arkitektonikoa” gradu-ondokoa egin nuen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. Urte hartan asko ikasi nuen arkitekturaz eta asko gozatu nuen gainera. 

Bilbora itzuli nintzenean, oraindik krisian murgildurik geundenez, hilabete batzuk hartu nituen nire pasio handienetako bat lantzeko: idaztea. Eta erabaki nuen idazketa-lana beste pasio berri batekin konbinatzea, alegia, ondarearekin. Horrela sortu zen reharq*, ondarea modu dibertigarrian zabaltzeko bloga.

 

Eta egun batean, interes hori bizimodu bihurtzea erabaki zenuen!
Bai! Ikaragarria da benetan gustuko duzunari egunean hainbeste ordu eskaintzea.

Ustiatu gabeko merkatu nitxo bat aurkitu nuen, eta ondarearen berri ematen hasi nintzen esperientziak kontatuz; profesionaltasuna galdu gabe, baina tonu zientifikoa apur bat jaitsiz eta modu erakargarrian ikusaraziz zein garrantzitsua den gure (denona baita) ondarea zaintzea.

Lehenengo enkarguak batere espero gabe iritsi ziren (hitzaldiak, aldizkari espezializatuetarako artikuluak, bloglari gisa ekitaldiak estaltzeko eskaerak…), eta proposamen horien bidez jakin nuen jendeak atsegin zuela ondarearen berri emateko formatu berri hori. Eta asko gainera. Orduan erabaki nuen ekintzaile izatea ondarearen zabalkundearen munduan eta formatu informatzaile eta entretenigarri baten aldeko apustua egitea, hots, ondarearen zabalkunde arloan nagusi ziren formatu soil eta serioegiekin haustea.  [barre egiten du].

Bezeroei (arkitekto, arkeologo… udal, unibertsitate, fundazio, museo…) laguntzen diet kudeatzen duten ondarearen eta gizartearen arteko komunikazio hesia gainditzen, gizartea delako ondarearen erabiltzailea eta, beraz, bizirik mantentzen duena!

 

Horregatik diozu reharq* “gogo biziko” komunikazio proiektua dela, ondare arkitektonikoaren zabalkundeari ikuspegi berri bat ematen diona?
Hori da, bai! Izugarri gustatzen zait ondare arkitektonikoa, baina hura erakusteko modua oso aspergarria iruditzen zait. Eta zer esanik ez ondareaz mintzatzen diren testuak, gogaikarri eta aspergarri hutsak dira. Uste dut “serioa dena dibertigarria ere izan daitekeela”, eta horregatik erabaki nuen esku hartzea!

Modu bakarra zegoen gure ondarea ezagutarazteko modu hurbil eta orijinala aurkitzeko: jarrera dibertigarri eta askoz sortzaileagoa hartzea. Ez hain teknikoa eta batez ere marketin emozionalean oinarritua. Gure ondarea ezagutarazteko istorioak kontatzen ditut, baina aldi berean bizitzaren beste alderdi dibertigarri batzuk ere kontuan hartuz, hala nola argazkigintza, gastronomia, kirola…

Adibidez: ez da gauza bera gaztelu bat bisitatzea, eta Felipe V.ak egin zituenak eta ez zituenak entzutea… Edo gaztelu bat bisitatzea eta haraino iristeko bidea bera abentura bat izatea, harresien artean ezkutatzen diren istorio misteriotsuak deskubritzea eta egunaren amaieran oturuntza eder bat egitea hainbat Michelin izar izan litzakeen herriko jatetxe txiki batean… Esperientzia paregabea bizitzeaz gain, aukera duzu ondareaz ikasi eta gozatzeko.

Horixe da reharq*, bizitzaz eta ondareaz gozatze hutsa.

 

Zertan laguntzen dizu zure blogak (Buber 2013 edizioko saritua) bezeroak lortzeko orduan? 
Reharq.com bloga erreferentziazkoa bihurtu da ondarearen zabalkundearen esparruan. Astero argitaratzen dugu (asteartero) eta irakurle eta jarraitzaile komunitate handia lortu dugu, sekulakoak dira. Beti esaten dut reharq* blogari esker lortu dudan gauza onenetako bat dela ezagutu dudan jende talentuduna (eta jatorra).

Gainera, bloga plataforma paregabea da marka eta nortasun digitala sortzeko. Plataforma teknologiko horiek ikaragarrizko indarra dute jendearengana heltzeko. Muga geografiko guztiak gainditzen dituzten sinergiak eta lankidetza profesionalak sortzen dira, izan ere “pertsonalki ezagutzen ez nauten” bezeroek ere badakite nola lan egiten dudan eta kontratatu nahi banaute badakite nola jarri harremanetan.

 

Ausartu zaitez! Baloratu Euskal Herriko Ondare Arkitektonikoa batetik hamarrera!
Zorionez, gure lurraldearen historia zirraragarria da eta beraz gure ondarea aberastasun kultural, sozial eta ekonomiko horren isla da. Lan zaila jarri didazu… Hainbeste dago, hain anitza… ez da erraza baloratzea. Baina adibide on batzuk jarriko dizkizut:

Ondare erlijiosoan “Hiru Tenpluen” ibilbideko edozein aukeratuko nuke: Arantzazuko Santutegia, Loiolako San Inazio Basilika eta Zumarragako Antigua Eliza, hiruretako bakoitzak estilo arkitektoniko desberdina ordezkatzen duelako. 

Ondare industrialari dagokionez, ugaria da, nahiz eta ez dagoen behar bezain ongi gordea… [ejem] Birgaitze prozesu baten eredu izateagatik (ez eraikina bakarrik, baita barneko makinak ere) eta gure arbasoek nola lan egiten zuten erakusten duelako, Bilboko Harino Panadera azpimarratuko nuke; ezin da bisitatu eraikin administratiboa delako, baina gomendatzen dizuet irakur dezazuela hari buruz reharq.com atarian idatzi nuen artikulua. 

Herri arkitekturari dagokionez, Igartubeiti baserria nabarmenduko nuke, birgaitzea eta birsortzea uztartu dituen proiektu bikaina, XVII. mendeko baserri bateko bizitza erakusten diguna. 

Defentsa ondarearen arloan, berriz, bada arkitektura historikoa eta modernoa konbinatzen dituen adibide bat: Gasteizko harresien birsorkuntza, “Abierto por Obras” programa eredugarriaren barruko proiektua alegia. “Abierto por Obras”  programak ekarpen handia egin du balio didaktiko handia duelako, hiriaren nortasuna indartu duelako eta motor ekonomiko bilakatu delako.

 

Eta horrelako tokietan lan egiteko aukera emango balizute, zein aukeratuko zenuke lehenbizi?
Aspalditik erakartzen naute Punta Begoñako (Getxo) Galeriek. Baina aurrea hartu didate [keinu egin du] eta azkenean, zorionez, ari dira zaharberritzen. Dena den, inori interesatzen bazaio [keinu egin du] ni prest nago Komunikazio Plan zoragarri bat egiteko zaharberritze horri buruz eta balioa agerian jartzeari buruz…

 

Ondare Materiala eta Immateriala, zeintzuk dira zure ustez Erakunde Publikoek eta Gizarte Zibilak datozen urteetan landu beharko lituzkeen erronkak?
Ondarea gai da lurralde baten nortasuna eta baloreak ordezkatzeko eta ekonomia suspertzeko.

Orain arte, gehienetan administrazio publikoek zuzendu dute Ondarea zaintzeko eta babesteko prozesu hori, baina orain ikuspegi berriak behar ditu: gizarte osoak parte hartu behar du lankidetzarako egitura publiko-pribatuak garatuz eta Ondarearen sektorea sektore dinamiko bihurtuz.

Ondarearen zabalkundea eginez gero, piztu egiten da ondarea zaintzeko interesa eta babestu beharrekotzat hartzen da. Ekimen instituzionalez gain, ekimen horiekin lankidetzan eginiko proiektuak (reharq* esaterako), “eskala txikiko” ondarea gogotik bizi duten pertsonek bultzatutakoak, oso hurbil daude publikoarengandik eta beti sortzen dute enpatia handia, erantzun ona eta onarpena.

 

Orain dela gutxi Etiopía Campus Iberoamerikarrak antolatutako “Sorkuntza eta Kultura Industrietako Ekintzailetzak” Lehiaketaren II. ediziorako hautatu zintuzten. Zein aukera berri ireki dizkizu zure etorkizun profesionalerako?
Aurkeztutako 253 proiektuen artean reharq* aukeratu izanak sekulako poza eman zidan. Campusaren ostean gainera, Bilbora itzuli nintzen “ideiarik berritzaileenaren” sariarekin, pentsa!

Bost egunez buru-belarri aritu nintzen Design Thinking + Lean Startup + Customer Development kontzeptuak oinarritzat zituen azkartze programa batean (Emoziona-k kudeatua) goi-mailako profesional eta tutoreekin.

Gure proiektuetan aplikatzeko moduko estrategia mordoa ikasi genituen eta esperientzia ikaragarria partekatu nuen gainerako ordezkariekin (20,  bat Iberoamerikako herrialde bakoitzetik). Kolaborazio oso interesgarriak sortuko dira harreman horien bidez, eta hori sekulako saltoa izango da reharq* nazioartekotzeko prozesuan.

 

Eskerrik asko Libe, hurren arte!
Eskerrik asko Up Euskadi!ri…
Sartu reharq.com atarira eta han deskubrituko duzue zer den “benetako ondarea”! [irribarre egiten du]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow